Lur Alai Squash klubak txapelketen antolaketa eta squash kirola ezagutarazteko ahalegin etengabean igarotzen du urtea. Iaz 80 federatu inguru izan zituzten klubean eta 2026a kopuru berari eusteko helburuarekin hasi dute. Gainera, gazte eta emakumeak ere kirolean eroso ibili daitezen ari dira lanean, posible duten heinean haiei lehentasuna emanez. Gorka Arretxe klubeko arduradunak urte berrirako helburuak errepasatu ditu.
Nola hasi zenuten Lur Alai Squash klubarentzat denboraldi berri hau?
Denboraldia urrian hasten dugu guk, behin irailean zehar umeek ikasturtean zehar egingo dituzten jarduerak erabaki dituztenean. Federatuentzat, ordea, denboraldia urtarrilean abiatzen da. Aurten harrera ona izan dugu, 13 gaztetxorekin abiatu garelako eta urtean zehar beste pare bat izen-emate ere izan ditugu. Orain, urte berriarekin batera, federatuak fitxak berritzen hasiko dira. Behintzat iaz izan genuen fitxa kopuru bera, 80 inguru, mantentzea espero dugu. Urte hasieran beherakada izan ohi da beti, baina ikasturteak aurrera egitearekin batera beti datoz izen-emate berriak.
Nola antolatzen zarete harrobiarekin entrenatzeko?
Astean bitan egiten ditugu entrenamenduak: asteartetan 17:00etatik 19:15era eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara. Entrenamendu taldeak joko mailaren arabera antolatzen ditugu. Gazteei eta emakume helduei lehentasuna ematen saiatzen gara, nahiz eta gizonezkoei ezezkorik ez eman; guretzat landu eta sustatu beharreko kolektiboak dira horiek. Gaztetxoak eta emakumeak eroso sentiarazteko espazioak sortu behar ditugula uste dut, prestakuntza zentralizatu eta konfiantza hori eskaini ahal izateko.
“Gaztetxoak eta emakumeak eroso sentiarazteko espazioak sortu behar ditugula uste dut, prestakuntza zentralizatu eta konfiantza hori eskaini ahal izateko”
Nola joan dira orain gutxi emakumeei zuzenduriko doako prestakuntza saio berezituak?
Espainiako Federazioko Kirol Kontseilu Gorenak aurkeztu duen kirol programa batean parte hartzeko aukera eman zaigu eta oso eskertuta gaude. Horri esker, emakumeen artean squasha ezagutzeko doako 10 saio eskaini ditugu. Egitasmoak oso harrera ona izan du eta oso pozik gaude emaitzarekin. Espainia osoko beste klubetan egin da, baina uste dut gu izan garela programa honi esker jende gehien batzea lortu duen kluba. Orokorrean, 30 lagunek parte hartu dute; batzuk behin bakarrik etorri dira, baina beste batzuek saio batean baino gehiagotan hartu dute parte, tartean, uztarketa edo kontziliazio arazoak daudela ezagututa. Albiste ona da 30 pertsona erakarri izana, nahiz eta gero klubean izenik ez eman, bilatzen duguna kirola erakustea delako. Noski, interesa ikusteak itxaropentsu jartzen gaitu eta ongietorriak izango dira beti bai lehiatu nahi dutenak edo, besterik gabe, jokatu nahi dutenak ere.
Zer balorazio egiten duzue 2025. urteko denboraldiaz?
Hiru pista soilekin denboraldiari eustea lortu dugu eta federatu kopurua ez da jaitsi. Beraz, leku gutxiagorekin jokalari kopuruari eustea ez da marka txarra. Pisten lurra berritu da eta, beraz, joko maila hobetzen lagundu digu horrek ere. Txapelketen aldetik, lehenengo aldiz nazioarteko txapelketa bat hartu dugu gurean eta squasheko profesionalen munduko zirkuituko txapelketa bat Irunera ekartzeak ere mesede handia egin digu. Balorazioa ere ona da eta errepikatzeko prest gaudenez, hori izango da gure erronketako bat. Bestetik, gure ohiko txapelketekin jarraitu nahi dugu, hau da, Gabonetakoa, Urte Berrikoa, Sanmartzialetakoa, Euskal Liga,… Juniorrekin Euskadiko Txapelketa ere antolatzeko prest egongo garela uste dut.
Txapelketen egutegia ikusita, jaietan eta oporraldi garaian jendea kirola egitera animatzen dela esango zenuke?
Bai, azkenean ohiko bihurtu diren hainbat txapelketa dauzkagu, adibidez, orain gutxi jokatutako Gabonetakoa eta orain Urte Berrikoa. Gabonetakoa 3 jokalariko talde mistotan jokatzen dugu. Taldea gizon, emakume eta gazte batek osatua egoten da eta horregatik berezia izaten da, nahiz eta kategoriak errespetatuz egiten dugun, noski. Horrela, inklusioaz gain, sozializatzeko aukera ere ematen du, oso txapelketa soziala baita: opariak banatzen dira eta urdaiazpiko bat zozkatzen da. Gainera, Gabonetan gehiago jaten dugunez, kirola egiteko aitzakia ona da.
Urte berria ere squashean arituz hasiko duzue.
Hori da. Urtarrilaren 10ean, aurrekoaren formatu sozialari eutsiz, Urte Berriko txapelketa izango dugu. Oraingoan, txapelketa banakakoa da. Kategoriak gizon, emakume eta gazteen arabera bereizi arren, izaera mistoa dute, emakumeek gizonekin jokatzen baitute eta gazteei helduekin jokatzeko aukera ematen zaielako, maila egokia erakutsiz gero. Alizia Txoperena Txapelketa urteko beste hitzordu garrantzitsua izaten da, halaber. Txapelketa hori emakume hark bere garaian erakutsi zuen maila ona gogoratu nahian hasi genuen eta horretarako, txapelketa indartsu bat prestatzen saiatu gara. Maila nazionaleko bi edizio antolatu genituen, Iberdrolako zirkuituaren barnean. Hurrengo urtean haratago joateko apustua egin nahi izan genuen eta oso gustura gaudenez, hala jarraituko dugu.
“Leku gutxiagorekin jokalari kopuruari eustea ez da marka txarra”
2026rako helburu jakin edo berezirik baduzue?
Bai, urte batetik bestera gauza berriak egiten saiatzen gara. Adibidez, 2025ean “Squash para todas” proiektuan parte hartu izanak ideia bat eman digu. Horrela, aurrerantzean klubetik, erakundeen laguntzarik gabe, halako programa bat egiten saiatu nahi dugu. Izan ere, jendea galdezka ari da ea egindakoa errepikatuko ote dugun. Astero eskaintzea ezinezkoa izango bada ere, behintzat hilabetean behin horrelako jarduerak egitea garrantzitsua da emakumeek squashean jarraipen bat izan dezaten. Horrek emakume gehiago erakartzen lagunduko digulakoan gaude.
Zer aholku emango zenioke squasha probatzeko zalantzan dagoen norbaiti?
Esan dezakegu squasha ez dela oso kirol zaila eta behin probatuta erraz ikusten dela hori. Horixe ikusi zuten, hain zuzen ere, emakumeekin egindako programa berezi horretan parte hartu zutenek. Kanpotik ikusita atzera bota zaitzake, oso kirol azkarra delako. Dena den, errebote ezberdineko pilotak daude, biziak eta motelak. Gainera, frontoi itxi batean jokatzen denez, tenisetik, erremontetik edo pilotatik datozen jokalariak oso ondo moldatzen dira bertan. Abiadura eta erreflexuak pixkanaka lantzen diren gaitasunak dira. Gainera, kiroldegi barruan jokatzen den kirola izanda, bertan goxo gaude beti, neurriko tenperaturan, bai udan bai neguan. Bestetik, eremua itxia denez, pilotak ez du urrutira alde egiten. Lurra, egurrezkoa izanda, abantaila bat ere bada, artikulazioek gutxiago sufritzen baitute bertan. Ariketa oso jarraitua denez, asko izerditzea normala da eta ondorioz, epe laburrean kaloria asko erretzen dira. Azkenik, gaitasun asko lantzen dira: kontzentrazioa, abiadura, gorputz erreflexuak, etab. Beraz, ate irekien bitartez jendea erakarri nahi dugu, hori guztia ezagutu eta probatu dezaten.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



