Mayumi Volley taldea, orain dela urte batzuk indarra galdu zuen kluba, 2023ko irailean hasi zen klubaren jarduera berreskuratzeko ahaleginetan. Emakumeen boleibol taldeak eratzeko deialdia egin eta dagoeneko bi emakume talde dituzte. Otsaileko Kirol Galan Irundarron sarirako izendapena lortu zuten Irunen emakumezkoen bolei talde bat sortzeagatik. Aitor García Mayumi Volley klubeko kideak eta Haizea García eta Enara Mora jokalariek Mayumiren proiektura batzeko arrazoiak azaldu dituzte.
Aitor García pozik azaldu da Mayumi Volley klubak urtebete baino gutxiagoan egin duen ibilbidearekin. Izan ere, kluba berpiztu eta kirol honetan aritzeko emakume taldeak sortu aurretik, Txingudi Ikastolan boleibolean aritzen zen talde bat bazela azaldu du. “Instalazio horietan entrenatzen jarraitzeko arazoak izan ziren”, adierazi du klubeko kideak. Jokalari horietako batzuk Hondarribira joan ziren beste klub batean jolasten jarraitzeko. Irunen berriz, neska multzo bat talderik gabe geratu zen.
“Oinarrizko kirola sustatzea beharrezkoa ikusten dugu, Irunek kirol munduan etorkizuna izaten jarrai dezan”
Aitor García, Mayumi Volley klubeko kidea
Bertako jokalari baten osabak, Iñaki Roderok, Mayumi izeneko judo klub bat dauka. Berak dagoeneko klub bat martxan zuela aprobetxatuz, prozedura legaletarako ia tarterik ez zegoenez, klubaren izena eta izaera utzi zien kluba martxan jarri ahal izateko. “Deialdia egin genuen eta jokalarien aldetik izandako harrera oso ona izan da”, adierazi du Aitor Garcíak. Klubaren helburu nagusia neskei boleibolean jokatu ahal izateko aukera ematea da. “Garbi daukagu gure helburu nagusia, emakumeen kirola sustatzea eta indartzea izan behar dela”, azaldu du Aitor Garcíak. Beraz, gaur egun helburu hori lortzeko buru belarri lanean ari dira.
Boleibola kirol ezagunenetarikoa ez den arren, jokatzen hasteko taldeak osatzeko zailtasun gutxi izan dituzte. “Kluba sortu nahi genuela adieraziz deialdia egin genuen eta berehala taldera batzeko asmoa zuten neska ugari hurbildu ziren”, azaldu du Aitor García klubeko kideak. Enara Mora jokalariak azaldu duenez, “hasieran kide gutxi ginen taldean, deialdia egin eta handik denbora gutxira jende gehiago batu zitzaigun”. Izan ere, Mayumi Volley klubeko jokalarien ustetan, taldea osatzeak eta bertako kideen artean duten giro onak jokalari berriak erakar ditzake. Beraz, neskak jokalari izateaz gain, adibide ere badira. Haizea Garcíaren hitzetan, “uste dut jendeak guk boleibolean jokatzen dugula jakitea lagungarria izan daitekeela jokalari berriak klubera batzeko”.
Haizea García eta Enara Mora haur kategoriako jokalariak dira eta taldean guztira 9 jokalari dira. Astean bi entrenamendu egiten dituzte, asteazkenetan eta ostiraletan, asteburuetan jokatzen dituzten partiduak prestatzeko. Bestalde, astelehenetan neska gaztetxoagoekin entrenatzen dira, gazteek boleibola ezagutu eta datorren urtean klubera batu daitezela animatzeko. Enara Morak adierazi duenez, “batzuetan gure klubeko jokalari batzuk bertaratzen dira txikien entrenamenduetan laguntzeko”. Horrela, txikientzako eredu izan nahi dute, boleibolean jolastuz nola gozatzen duten ikus dezaten.
“Hasieran kide gutxi ginen taldean, deialdia egin eta handik denbora gutxira jende gehiago batu zitzaigun”
Enara Mora, Mayumi Volley klubeko jokalaria
Ligaren barneko partiduak larunbatetan jokatzen dituzte. Partidu horietan hurbileko taldeen aurka lehiatzen dira, hala nola, Donostiako eta Tolosako taldeen aurka. Partiduak hiritik kanpo jokatzea egokitzen zaienean, gurasoekin moldatzen dira partiduetara kotxez iritsi ahal izateko. Hain zuzen ere, klub txiki bat diren aldetik familia txiki-handi baten moduan funtzionatzen dute.
Zelai bila
Entrenatzeko eta partiduak jokatzeko leku batetik bestera ibili ohi dira, izan ere, oraindik ez dute klubarentzako egoitza finkorik aurkitu. Haizea Garcíak azaldu duenez, klubaren jarduerarako toki finko bat izatea lagungarria izango litzateke, horrela izena emateko zalantzatan daudenentzat klubaren eskaintza erakargarria izango litzatekeelako. Asteazkenetan Lekaenea eskolaren kiroldegian entrenatzen dute eta ostiraletan, berriz, Irungo La Salle eskolako frontoi itxian elkartzen dira. Hortaz, entrenamenduetarako leku bakar bat izateak “gauzak asko erraztuko” lituzkeela uste dute jokalariek.
“Jokalariak hazten doazen heinean beren mailako taldeak beharko dituzte jokatzen jarraitu ahal izateko”
Haizea García, Mayumi Volley klubeko jokalaria
Zentzu horretan, Mayumi Volley klubeko ordezkariek hiriko kirol instalazio faltaz ohartarazi dute. Gipuzkoa mailan biztanle gehien dituen bigarren hiria izanda, oinarrizko kirolean dabiltzan talde asko daude eta Aitor Garcíak adierazi duenez, “hirian kirol instalazio falta izugarria dago”. Irunen jokatu ahal izateko, Mayumi Volley klubak ikastetxe publiko guztien ateak jo ditu. Jasotako erantzuna positiboa izan den arren, delegaziora baimenak eskatu behar direnez, ez da erraza izan horietan jokatzeko aukera lortzea. “Oinarrizko kirola sustatzea beharrezkoa ikusten dugu, Irunek kirol munduan etorkizuna izaten jarrai dezan”, gaineratu du Aitor Garcíak.
Harrobia sortzen
Haur kategoriako bi taldeez gain, klubean kadete mailako talde bat ere badute. Aitor Garcíak adierazi duenez, “hasieran haur mailako talde bakarra genuen, baina klubera batu nahian hainbeste neska hurbildu zirenez, bi talde sortzea erabaki zen”. Horrela, boleibolean aritu nahi zuten neska guztiei eman zitzaien jokatzeko aukera, denek izan zezaten jolasteko aukera”.
Klubaren etorkizuneko helburuez galdetuta, senior mailako talde bat sortzea da helburua. Haizea Garcíaren ustetan datozen urteetan kategoria gehiagotan taldeak sortzea beharrezkoa izango da klubaren biziraupena bermatzeko: “jokalariak hazten doazen heinean beren mailako taldeak beharko dituzte jokatzen jarraitu ahal izateko”. Beraz, klubera jokalari berriak batzen jarraitzeko interesa izan dezakeen edonor gonbidatzen dute klubeko entrenamenduetara hurbiltzera, kirola hobeto ezagutzeko aukera izan dezan. “Ez da ezer kostatzen probatzera etortzea, gustatzen ez bazaie ez baita ezer gertatuko”, azaldu du Enara Morak. Hortaz, boleibolean aritu nahi duten neskek beren lekua aurkituko dute Mayumi Volley klubean.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.



