“Munduari bira” programaren laugarren geldialdia Asia izango da. Ekintzan izena emateko epea ostiral honetan, martxoaren 14an, irekiko da eta martxoaren 19ra arte luzatuko da. Tailerrak martxoaren 22an eta 29an eta apirilaren 5ean eta 12an egingo dira, 10:00etatik 13:00etara, Kateako haurtxokoan (Araba kalea, 46).
Saio guztiak larunbat goizetan dira eta doakoak. Jarduerak parte-hartzaileen adinaren eta haurtxoko bakoitzaren ezaugarrien eta kokalekuaren arabera egokitzen dira. Informazio gehiago eskatzeko edo izen emateak egiteko Gazteartean webgunea erabili behar da.
Parte-hartzaileek Asia ezagutzeko aukera izango dute, Onigokko jolasarekin, mandala erraldoiak margotuz eta Nutela Fruits Rolls postrea sukaldatuz. Blokeari bukaera emateko Holi jaialdia ospatuko da.
«Munduari Bira» programa
«Munduari Bira» adierazpide kultural eta sozialen aniztasuna ezagutzeko programa bat da, lau eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzendua. Dibertsitatea eta kultura-aniztasuna lantzen dira, eta askotariko alorretako gaitasunak garatzeko aukera eskaintzen du, ohi ez bezalako jarduerekin eta modu dibertigarrian. Horrela, zenbait balio lantzen dira zeharka, hala nola lankidetza, elkartasuna, enpatia eta errespetua.
Bosgarren blokea
Bosgarren blokea, Ozeaniari buruzkoa izango da eta programaren azkena izango da. Kasu horretan, ekintzak 2025eko maiatzean eta ekainean egingo dira, San Migueleko El Rancho Haurtxokoan.