Irungo San Pedro eta San Martzial jaiek gauza asko barnebiltzen dituzte, alardeen ospakizunetatik haratago doazenak. Hain zuzen ere, Irungo jaien harira ekainean zehar hirian antolatzen diren kontzertuak gehien espero diren hitzorduetako bat dira. Hori dela eta, martxoaren 5ean aurkeztu zituzten aurtengo lehen musika hitzordu nagusiak. Maiatza erdialdean, berriz, jaietako kontzertu kartela osatuko duten taldeen izenak jakinarazi dituzte.
Aurreko urteetako eskema berari jarraituz, San Juan plaza, Urdanibia plaza eta Santiago auzoko Euskal Jai Frontoian kokatuko den Gaztegunea izango dira jaietako kontzertuetarako eszenatoki nagusiak. Nuria Alzaga lehen alkateordeak eta Kultura ordezkariak azaldu duenez, 2025eko kontzertuetan hiriko talentua eta musika munduko figura finkatuak nahastuko dira. “Denen artean, luxuzko kartela osatu dute, eta horrek zuzeneko musikan Irun inguruko erreferentea izatea sendotuko du”, aipatu du Alzagak.
“Denen artean, luxuzko kartela osatu dute, eta horrek zuzeneko musikan Irun inguruko erreferentea izatea sendotuko du”
Nuria Alzaga, Irungo Udaleko lehen alkateordea eta Kultura Ordezkaria
Sandra Caballero, Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak baieztatu du aurten berriro ere Gaztegunea gazteen topalekua izango dela. Izan ere, aurtengoa GazteARTEan zerbitzuak jaietan espazio hau sortuko duen zazpigarren urtea izango da. Ohiko moduan, Santiago auzoko pilotalekuan kokatuko da gazteentzako erreferentziazko espazio hori ekainaren 26tik 28ra. Caballerok aipatu duenez, Irungo gazteek pisu handia dute Sanmartzialetako kontzertu kartela osatzerakoan: “Hori dela eta, Gaztegunea erreferentziazko gune bihurtu da, eta, horregatik egiten da apustu sendo hori arlotik, hiriko gazteak ahalik eta girorik onenean egon daitezen”. Kontzertuez gain, Gazteguneak beste hainbat jarduera ere hartuko dituela aurreratu du Sandra Caballerok, hala nola, lehiaketak, DJ emanaldiak eta tailerrak.
“Hori dela eta, Gaztegunea erreferentziazko gune bihurtu da, eta, horregatik egiten da apustu sendo hori arlotik, hiriko gazteak ahalik eta girorik onenean egon daitezen”
Sandra Caballero, Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteria ordezkaria
Ekainaren 13an, ostiralean
Aurreko urteetan bezala, dinamika berarekin jarraitzeko asmoz, 2025 honetan ere hainbat kontzertu jaien hasieraren aurreko asteburura aurreratuko dira. Hala, ostiralean, ekainaren 13an, Puro Relajo taldearen rantxeren txanda izango da.
Ekainaren 14an, larunbatean
Hurrengo egunean, ekainaren 14an, larunbatean, Fangoria madrildarrek joko dute, jaietako kontzertu izarra bezala iragarri dena. Egun horretan, gainera, Txaranga Eguna ospatuko da, Burrunba elektrotxarangaren 10. urteurrenarekin batera. Horretarako, hainbat txarangek kolorez eta alaitasunez beteko dituzte hiriko erdiguneko kaleak: Rockalean ekimenean, Joselontxos, Mogunbo eta Jaiak taldeak.
Ekainaren 20an, ostiralean
Hurrengo astean, ekainaren 20an, ostiralarekin, Musika Eguna by Lotura ekimenaren txanda izango da. Hala, Musikaren Egunari aurrea hartuz, arratsalde eta gauean, hainbat kontzertu izango dira Urdanibia plazako inguruan sakabanatuta egongo diren hiru agertokitan. Agertoki bakoitzak nortasun propioa izango du, eta musika elektronikoa izango da ildo nagusia. Hainbat talde izango dira bertan; besteak beste, Reparation Sound, Ultralágrima eta Dame Area edo Mainline Magic Orchestra, B2B JASSS eta TOCCOROROrekin batera.
Ekainaren 21ean, larunbatean
Larunbatean, hilak 21, egun osoan zehar ospatuko den Koadrilen Egunari merezitako amaiera emateko Süne (Josune Arakistain) kantautorearen txanda izango da. Urdanibia plaza bere euskal erritmoekin astinduko du. Aurretik, herriko Onavibe taldea arituko da, kantariaren telonero lanetan. Azkenik, eguna borobiltzeko, Süneren kontzertuaren ostean, Zirkinik BEZ izango da eszenatoki gainean, euskal musikaren inguruko dantzaldia eskainiko duena.
Ekainaren 23an, astelehenean
Ekainaren 23an, euskal agertokiko klasiko bat, Gatibu. Egiten ari diren birari bukaera emango diote. Horien aurretik, Deklibe, 2025 honetako beste talde teloneroa.
Ekainaren 27an, Ladilla Rusa taldearen txanda izango da, elektropop ukituko rumbak eskainiz. Gaztegunean berriz, lehenik Fanek kontzertua emango du, musika punk, rock eta urbanoko proposamena salsarekin nahastuz. Ondoren, Kilikiren txanda izango da, aurrekoaren proposamen antzekoa dakarrena, musika elektronikoa eta erritmo latinoak gehituz.
Ekainaren 28an, larunbatean
Jamaica Show orkestrak berriz ere eskainiko du ohiko hitzordua San Juan plazan, gainezka bete ohi duen plaza, aurten ere, kantuan eta dantzan jartzeko.
Ekainaren 28an, larunbatarekin, Judeline izango da kartelburua Urdanibia plazan, eta Suso DJ irundarra gehituko zaio, eszena urbanoan dotore aireratzen dabilena. Gainera, oraindik ezagutzera eman ez den beste sorpresa bat falta da, ordea.
Gazteguneko eszenatokian, berriz, María Escarmiento artistak emango du kontzertua. 2018Aan OT telebista lehiaketan parte hartu zuen abeslariak musika proposamen ezberdina dakar gurera: pop elektronikoa.
Ekainaren 30ean, astelehenean
Eta, jaiei amaiera emateko, ekainaren 30ean, astelehenarekin, bi diskofesta izango dira; haietako bat, hiriko gazteenentzat.




