
N97 Irune Muguruzak eta Iñigo Jiménezek abiatutako proiektu musikalaren izena da. Hizki eta zenbaki horren atzean, musika elektronikoarekiko zaletasuna zabaltzeko eta garatzeko asmoa daude. Hurrengo hitzordua apirilaren 5ean izango dute, Elektroplaza jaialdiak Urdanibia plaza hartuko baitu. Irune Muguruzak musika ekimen honekin noraino iritsi nahi duten azaldu du.
Nola sortu zen N97 proiektua?
N97 jaio zen gure pasioari, musikarekiko maitasunari eta komunitatea batzea lortzen duen festa kulturari ekarpena egiteko. Betidanik gustatu izan zaigu musika elektronikoa eta beti sentitu dugu gure eskualdean horrelako espazio baten beharra. Gure asmoa argia zen: Beastie Boys taldeak bere “(You Gotta) Fight for Your Right (To Party!)” mitikoan abestuko zuen bezala, N97k 2023tik festarako eskubidearen alde borrokatzen du, bizitza ospatzen duen komunitate baten adierazpen gisa.
Erraza izan da hasierako ideia hori errealitate egitea?
Ez da erraza izan, eta are gutxiago Irunen. Madrilen edo Bartzelonan musika mugimendua askoz handiagoa da, baita kultura eskaintza ere. Iñigo bi urtez bizi izan zen han, eta ni, Irune, bost urtez. Han ikasi nuen produkzio lanaren inguruan dakidan gehiena.
N97 proiektuaren barnean gaur egun zenbat kide eta zeintzuk zarete?
Bi kide nagusi gara, Iñigo Jiménez eta Irune Muguruza, baina gure inguruan hainbat laguntzaile eta kolaboratzaile ditugu, ezinbestekoak direnak gure ekitaldiak antolatzeko: Aimar, Biggie, Chapy, Itoitz, Kaixpar, Woo…
Horrelako proiektuak askotan txikitasunetik hasi eta pixkanaka handitzen doaz. Zuen kasua da hori?
Sekulako harrera ona izan genuen hasieratik. Lagunek beti babes handia eman digute eta konturatzen gara pixkanaka izena ezaguna egiten ari dela jendearen artean.
Gaur egun dagoen musika eskaintza handiaren eta askotariko estiloen artean, zein da publikoa erakartzeko gakoa?
Gure bereizgarritasunak bi ardatz ditu. Batetik, Irunera ekartzen ditugun artistak, DJ eta ekoizleak ezagutaraziz eta bertako eszenari freskotasuna emanez. Bestetik, bertako DJei ematen diegun ikusgarritasuna.
Zergatik aukeratu zenuten N97 zuen proiektua izendatzeko. Zer esan nahi du?
Nire ama nitaz haurdun geratu zenean, bitan egon zen haurdunaldia galtzear. Ospitalera eraman zutenean, galdutzat eman zuten nire bizia. Baina ni borroka baten fruitua naiz, bizitzaren aldeko borroka baten ondorioa. Eta 1997ko azaroaren 17an jaio nintzen. Harremanetan jartzen bada umetokian gaudenean likido amniotikoaren bidez jasotzen ditugun bihotz-taupaden bibrazioa baxuaren soinuarekin, horrelako borroka bat eramatean, house musikarekin zerikusi handia duela senti daiteke, mundu honetan egon baino lehenago ere.
“Musika elektronikoak adin guztietako jendea batzen du”
Beraz, N97k keinua egiten dio jaio nintzen urteari, baita zerbait berriari ere, N hizkia ingelesezko New hitzarekin lotzen baitugu. Zerbait berria nahi dugu, eta house musika berritasun horren adierazlea da, umetokian senti daitekeen bihotzaren taupaden bibrazioak bizitzeko gogoa pizten duen bezala.
Askok uste dezaketenaren kontra, musika elektronikoa soilik gazteen kontua dela esango zenuke?
Inondik inora ez. Musika elektronikoak adin guztietako jendea batzen du. Gure ekitaldietan argi ikus dezakegu publikoaren aniztasuna.
Musika elektronikoa ezagutarazten laguntzeko erreferenteak behar–beharrezkoak dira. Zeintzuk dira zuenak?
Beti gustatu izan zaizkigu Erresuma Batuko DJ eta produktoreak, baita bertako soinua ere. Egia esan, etengabe ari gara artista berriak deskubritzen, eta zaila da bakar bat aukeratzea, baina, bat aipatzekotan, Enzo Siragusa esango genuke.
Zuen artean berriz, nola antolatzen zarete emanaldiak kudeatzeko orduan?
Iñigo arduratzen da atal artistikoaz, eta nik magia egiten dut horiek lortzeko.

Iazko maiatzean Irunen Elektroplaza jaialdia egin zen lehen aldiz. Nola funtzionatu zuen?
Harrera oso ona izan zuen. Hain zuzen ere, esan ziguten gazte gehien erakarri zituen ekitaldia izan zela. Horregatik, urte honetan ere berriro egingo dugu, apirilaren 5ean.
Aurten Elektroplazaren edizio berri bat egingo da. Zer prestatzen ari zarete apirilaren 5erako?
Apirilaren 5eko Elektroplaza edizioa oso berezia izango da, house underground-eko errege eta erreginak etorriko baitira. Egitarau aberatsa prestatzen ari gara, tokiko zein nazioarteko artistak uztartuz. Gainera, soinu eta argiztapen sistema indartsuagoa izango dugu. Egun horretan tINI, Sweely eta Almuedo B2BJota izango ditugu Urdanibiako plazako eszenatokian 17:00etatik 22:30etara.
Irunen musika elektronikoarekiko zaletasun handia dagoela esango zenukete?
Bai, badago, baina oraindik ez da beste hiri handi batzuetan bezain nabarmena. Pausoak eman behar dira eta horretan ari gara, horrenbeste gustatzen zaigun musika estilo hori zabaltzeko.
Udara bitarte, zein beste hitzordu izango dituzue?
Hemendik ekainera bitartean hainbat data ditugu: Mosku Plazan, Café Irunen, Q Hondarribian eta baita Dabadaban ere. Informazio eguneratua gure sare sozialetan aurki daiteke.
“Gure ametsik handiena gure klub propioa izatea da, Irunen bertan”
Proiektura musikagile berriak batzeko edo tarteka beste musikagile batzuekin kolaboratzeko prest zaudete?
Noski! Gure helburu nagusia musikagile berriak elkartzea eta aukera berriak sortzea da, gure gustuko musika ekartzea eta baloratzea, baita mainstream-ean ez dauden artistak ezagutaraztea ere. Uste dugu elkarlana funtsezkoa dela eszena aberasteko eta artista berriei lekua emateko.
Etorkizunera begira, noraino eraman nahiko zenukete proiektu hau?
Artista ezberdinak programatzea da gure helburua, jendearengana musika estilo hau ekartzea. Gure ametsik handiena gure klub propioa izatea da, Irunen bertan. Beti mugitu behar izan garelako musika hau entzuteko.



