Marieta Minasyan, ile apaintzailea: “Bezeroek zure lana erreferentzia gisa erabiltzeak ez du preziorik”

Marieta Minasyanek izen bereko ile-apaindegia du Pio XII auzoko Sebastian Errazu kaleko 7. zenbakiko behean. Armeniar jatorriko ile-apaintzaile honek bere lehen ametsa betetzea lortu du dagoeneko: bere negozio propioa kudeatzea. Dena den, Marieta Minasyanek azaldu du oraindik estetikaren munduarekin lotura duen bigarren amets bat betetzeko duela.

Zein da zure istorioa?
Marieta Minasyan naiz, Armeniakoa naiz eta 29 urte ditut. Ile-apaintzailea eta makillatzailea naiz, eta 15 urte baino gehiago daramatzat lanbide honetan. Betidanik gustatu zaidan zerbait da. Asko gustatzen zait makillajearekin, ile-apainketarekin eta estetikarekin zerikusia duen guztia. Orain esan dezaket neure negozioa sortzea lortu dudala, beti bete nahi izan dudan ametsa izan baita.

Nola lortu duzu Irunen zure ile-apaindegi propioa irekitzea?
Denbora gutxi daramat nire kontura lanean, nire ile-apaindegia ireki nuenetik bi urte baino ez baitira igaro. Hala ere, urte askotan lan egin dut auzo honetan. Nire aitak bere negozioekin hemen denbora asko instalatuta zeramalako etorri nintzen Irunera, eta orain familia osoa hemen daukat. Beraz, hainbeste denboraren ostean, ia etxean banengo bezala sentitzen naiz.

Ile-apaindegiaren kasuan ezinbestekoa da etengabe berritzea joera berrietara egokitzeko, ezta?
Horixe da, hain zuzen, gehien gustatzen zaidan gauzetako bat, etengabe prestatzeko eta berritzeko beharra. Sektore honetan oso garrantzitsua da berrikuntzei begira egotea. Etengabe ateratzen dira gauza berriak, joera edo modak, eta horietara egokitu behar da. Niri gehien gustatzen zaidana metxekin zerikusia duen guztia da. Ahalegin handiak egiten ditut arlo horretan espezializatzen saiatzeko. Adibidez, Irundik kanpora joan ohi naiz ikastaroak eta prestakuntzak egitera. Gustatzen zait eskola espezializatuetara joatea gaiari buruz ikasten jarraitzeko.

Eta nola moldatu zara bezeroak lortzeko?
Lehen aipatu dudan bezala, nire negozioa ireki aurretik ere urte asko eman nituen auzo honetan lanean. Egia da hasieran beldur handia izan nuela nire kabuz lanean hastea erabaki nuenean, justu pandemia iritsi zelako. Uste nuen askoz zailagoa izango zela. Beldur nintzen ez ote zen erabaki zuzena izango, ez bainuen nahi lanik gabe geratzea eta hainbeste ahalegin eta gastu egin ondoren lokala utzi behar izatea. Agian nire negozio berria itxi beharko nuela zirudien, baina ez zen horrela izan eta hemen jarraitzen dut.

Emakume ekintzaile gisa, zailagoa izan da zure negozioa irekitzea?
Zaila izan zen, inork lagundu ez zidalako. Inork ez zidan esan nola egin behar nituen gauzak edo nondik hasi behar nuen neure ile-apaindegia muntatzeko. Azkenean, dena nik bakarrik egitea lortu nuen, ez nekiena ikasiz eta nire inguruko pertsonei galdetuz. Prozesu zaila izan zen, baina orain oso atsegina da dena ondo doala ikustea.

Prestakuntza ikastaroetara joateaz gain, lehiaketetan ere parte hartzen al duzu?
Bai, asko gustatzen zaizkit txapelketak, hori da maite dudan beste gauza bat. Etorkizunean, nire ametsa eszenatoki baten gainean egotea da. Izugarri gustatzen zait agertokietan jendea lehiatzen ikustea. Esate baterako, 2017an Asturiasko Art Expression azokan parte hartu nuen, eta txapeldunorde geratu nintzen emaztegaien orrazkera bildu komertzialen kategorian. Esperientzia sinestezina eta oso aberasgarria izan zen.

Zeintzuk dira une honetan gehien eskatzen diren gauzak?
Gaur egun, sare sozialek eragin handia dute gure gustu eta desioetan. Beraz, jendeak asko erreparatzen dio Instagramen ikusten duen guztiari. Horregatik, egunero saiatzen naiz Instagramen argazkiren bat edo bideoren bat igotzen, nire lana erakusteko eta jendeak egin dezakedan guztia ikusteko. Hala ere, egia da sare sozialen edukia lantzeko denbora asko behar dela. Nire ustez, gehien eskatzen didaten gauzetako bat metxak dira eta uste dut partekatzen dudan edukiak eskari horretan zerikusi handia duela. Batez ere, ile hori koloreko metxak egin nahi duen jendea etortzen da, edo ile beltzarana duena eta argitu nahi duena.

Beraz, gaur egun, sare sozialetako lana funtsezkoa da ezagutzera emateko?
Hori da, sare sozialetan oso aktiboa izaten saiatzen naiz, asko gustatzen zaidan zerbait dela aprobetxatuz. Asko gustatzen zait jendeak nire lanak argitaratzen ditudanean erreakzionatzea eta zer iruditu zaien esatea. Oso atsegina da bezero berri batek eredu bezala zuk egindako lan baten argazkia erakusten dizunean. Bezeroek zure lana erreferentzia gisa erabiltzeak ez du preziorik.

Zeintzuk dira ile-apaintzaile baten erronka nagusiak gaur egun?
Nire kasuan, gehien gustatzen zaidana kolorearekin eta metxekin zerikusia duen guztia lantzea da, baina, zalantzarik gabe, garrantzitsuena bezeroaren azken erreakzioa da. Zure eskuez fidatu ondoren, bezeroa erabat pozik geratzea da zailena. Hori askoz garrantzitsuagoa da ilea bera nola geratzen den baino.

Nola irudikatzen duzu etorkizuneko Marieta?
Eszenatoki batean. Nire ametsa eszenatokietara iristea da. Oraingoz, nire lehen ametsa bete dut, hau da, neure negozioa sortzea. Orain bigarren eta azken amets hau egia bihurtzeko zain nago. Horregatik, etorkizunean nire lana agertoki batetik erakustea gustatuko litzaidake, eta jendeak metxak egiten ikas dezala nirekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude