Oiasso Museoak Alexandro Handiaren ibilbideari buruzko ikastaroan izena emateko epea irekiko du

Irungo Udaleko Kultura Arloak, Oiasso Museoaren bidez, udazkeneko Historiako eta Arkeologiako ikastaro berrian izena emateko epea irekiko du abuztuaren 24an, astelehenean. Aurtengo ikastaroak “De Grecia a la India y vuelta: siguiendo los pasos de Alejandro Magno en Asia” izenburua du, eta saioak irailaren 21ean hasiko dira Elena Torregaray Pagola EHUko Antzinaroaren Historiako irakaslearen eskutik.

Ikastaroak Antzinaroan Greziak, Persiak eta Indiak izandako harreman sakonetan jarriko du arreta, topaketa horiek eremu horietako artea, erlijioa, zientzia eta pentsamendua nola eraldatu zituzten aztertuz. K.a. VI. mendean Pertsiar Inperioarekin izandako lehen harremanetatik abiatuta, egitarauak K.a. 326. urteko Alexandro Handiaren kanpaina militarra, errege helenistikoen zein Chandragupta Maurya indiar enperadorearen arteko diplomazia eta indo-greziar erresumaren sorkuntza jorratuko ditu. Gainera, Gandharako arte greko-budistaren garapena, Ashoka enperadorearen misiolarien eragina eta eszeptizismo grekoaren nahiz ekialdeko filosofiaren arteko paralelismoak ere izango dira aztergai, historiako lehen kultur globalizazio handia hobeto ulertzeko.

10 saio

Saio-zikloak ordubeteko hamar saio izango ditu guztira, eta bi ordutegitan eskainiko dira eskolak: goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 18:00etan. Eskolak irailaren 21ean eta 28an; urriaren 5ean eta 26an; azaroaren 2an, 9an eta 30ean; abenduaren 14an; eta urtarrilaren 18an zein 25ean egingo dira. Izena emateko, Oiasso Museoko harrera-bulegora bertaratu edo plaza erreserbatzeko 943 63 93 53 telefonora deitu daiteke. Matrikulak 75 euroko kostua du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude