
Askotan goraipatu izan da irundarren eta inguruko herritarren dotorezia janzterakoan. Seguruenik, gaur egun oraindik halaxe bada, iraganetik jasotako ohitura delako izango da. Apustu egingo nuke Oiassoko garai haietan jendeak garrantzi handia ematen ziola kanpoko itxurari. Meategiak zeuden, portua zegoen, merkataritza bazen, eta terma ederrak ere bazeuden… Dirua bazegoen, beraz, bertan bizi ziren oiassotarrek —nahiz eta inperioaren muturrean egon— nola ez zuten bada erromatar moda jarraituko? Eta nola ez zituzten jarraituko garai hartako janzkera ohiturak? Seguruenik, tokiko “ukitu” berezia ere emango zioten… auskalo!
Zirrikitu batetik atzera begiratzeko aukera izango bagenu, gustura ikusiko genituzke orduko jostunen tailerrak, azoketako arropa postuak, edo, itsasontziek urrunetik zeta eta apaingarri bereziak ekartzen zituztenean, haien zain egoten ziren gizon-emakumeen aurpegiak.
Garai hartan, arropak eta apaindurak ez ziren behar praktiko bat soilik: gizarte maila adierazteko, lanbidea markatzeko eta aberastasuna erakusteko modu nagusietako bat ziren. Egia esan, gaur egun bezalaxe, alajaina! Gehien erabiltzen zen oihala artilea zen, baina goi-mailako herritarrek kalitate handiko ehunak erabiltzen zituzten. Oihal horiek gainera brodatu egiten ziren, edo, emakumeek bereziki, apaingarriak jartzen zizkieten.
Gizonek toga eta tunica janzten zituzten, eta togarik zabal eta kolore argikoena eramateak estatus altuena adierazten zuen. Emakumeek stola eta palla erabiltzen zituzten, eta ehun arin eta koloretsuak nahiago izaten zituzten; aberatsenek artile findua, lihoa edo Egiptoko kotoia erabiltzen zuten, baita Asiako zetaren luxua ere. Bordatu finak estatusaren ikur ziren, baita kolore biziak ere —gorri bizia, urdina, morea—, tindagaiak garestiak zirelako. Morea bereziki zen garestia, murex moluskuetatik ateratzen baitzen kolore horren tindagaia.
Oiassoko langileek ez zuten modarik jarraitu behar izaten. Meatzariek arropa trinkoa eta erresistentea behar zuten: artile lodiz ehundua, mahuka motzeko tunikak eta neguan jantzi lodiagoak. Errementariek, burdinarekin eta suarekin lan egiten zutenez, larruzko jantziak eta babesteko mantak erabiltzen zituzten, txinpartetatik eta bero handitik babesteko. Portuko eta itsasoko lanetan ari zirenek lihozko tunika arinak eta neguan artilezkoak erabiltzen zituzten, eta askotan txanodun manta modukoak eramaten zituzten euriaren aurka babesteko.
Esklabo gehienek eta langile xumeek tunica sinplea eramaten zuten, artilez edo lihoz egina, kolore naturala edo marroi argia mantenduz, tindagai merkeak soilik erabiliz. Janzkera praktikoa zen, lana egiteko egokia, eta ez zen apainketarik izaten. Esklaboek sarritan gerrikoa edo sokaz egindako zinta erabiltzen zuten tunika gorputzera egokitzeko.
Urteak pasa dira, baina kontuak ez dira gehiegi aldatu. Oinetakoak, garai horietan bezalaxe, oso garrantzitsuak dira gaur egun ere. Klase sozial guztiek erabiltzen zituzten oinetakoak, batzuk besteenak baino hobeak: aberatsenek larru leunez egindako sandalia finak eta zapata itxiak zituzten; langileek eta meatzariek, berriz, larruzko oinetako sendoagoak; eta itsasgizonek urarekiko erresistentzia handiagoa zuten botak edo sandalia trinkoak janzten zituzten. Auskalo norenak izan ziren Oiasson aurkitu ziren oinetakoak, duela 2000 urte ume kozkor batek, soldadu batek, eta auskalo nork gehiago erabili zituztenak… eta Oiasso Museoan ikusgai daudenak. Ez da erraza sinestea nola iritsi diren gaurdaino, baina ikusgarriak dira. Mendetan zehar lokatzetan, egoera anaerobikoan, nola mantendu diren ikustea benetan hunkigarria da.
Baina itzul gaitezen Oiassoko emakumeen janzkera koloretsuetara, eta, nola ez, erabiltzen zituzten apaingarrietara. Ez baitziren jantzien inguruan amaitzen modaren kontuak: fibula metalikoak, harribitxiak eta beirazko bitxi koloretsuak ohikoak ziren, horietako batzuk ere ikus daitezke Oiasso Museoan. Bitxiak —urrezko eraztunak, eskumuturrekoak eta belarritakoak— ez ziren falta, eta jantziaren osagarri garrantzitsua ziren; perlak ere oso gogoko zituzten garai hartako emakumeek, eta beren gizarte maila eta gustua erakusten zuten.
Atontzerakoan, ilea modu landuan orrazten zuten; batzuetan, orratz apainduekin, eta modaren arabera kizkur, trentza edo goiko ile-bildu konplexuak egiten zituzten. Kosmetikari dagokionez, aurpegia argitzeko berun hauts fina (gaur egun arriskutsutzat jotzen dena) eta masailak koloreztatzeko pigmentu mineralak erabiltzen zituzten. Moda ezberdinak ere izan ziren erromatar inperioak iraun zuen garai haietan, batzuetan gizonek bizarra eramatea zegoen modan, eta handik urte batzuetara bizarrik gabe ibiltzea.
Erromatar garai luze horietako mosaikoak, pinturak eta eskulturak ikustea erromatarren historia ikusteko beste modu bat da, berezia bezain interesgarria.
Hasieran aipatutako zirrikitutik atzera begiratu ezin dugunez, aurkitutako apaingarrien arabera esango nuke oiassotarrak ikaragarri apainak eta dotoreak zirela. Hori ere gizartean gordetzen den izaeraren parte baita.



