1870ean Suedian, Hjalmar Stolpek (1841-1905) Birka izeneko herrian hilobi bikingo bat topatu zuen. 128 urtez “Bj581” hilobian topaturiko armak, ezkutuak, jolas piezak, bi zaldiak, borrokarako labana eta lantza puntak gizon batenak zirela uste izan zen. 2014an Anna Kjellström-ek aldaken hezurrak aztertu ondoren, arkeologoak ondorio honetara heldu ziren: aztarnak emakume batenak ziren.
2017an, Charlotte Hedenstierna-Jonson-en taldekideek hortz eta besoko hezur baten laginak atera zituzten, eta ADN probak egin ondoren, Y kromosomarik ez zegoela baieztatu zuten.
Ordura arte hilobi honen edukia gerlari bikingo baten adibide klasiko gisa hartua izan zen hamarkadetan zehar. Ez da harritzekoa izan ziren aurkikuntza berrien aldarrikapenen ondoren emakumezkoa izateak sortu zituen algarak. Mundu arkeologikoan era guztietako erreakzioak izan dira, hala ere, hauen ildo nagusia sinplifikatzeko, harritzekoa da sortu den eszeptizismoa Birka-ko emakume gerlariaren inguruan. Gizona zela uste izan zen bitartean, ez zen zalantzarik sortu, ezta galderarik ere. Emakumea zela esan zenetik, ordea, kritikak etengabeak izan dira. Erasoak, eta baita deslegitimazio saiakerak Stockholmeko Unibertsitateak egindako lanaren aurka.
Emakume gerlariak bazirela jakitea, gure gaur egungo XXI. mendean oraindik ere sortu zuen erreakzio ezkorra ikustea, bai mundu zientifiko arkeologikoan, eta baita gizartean ere, oso interesgarria izan da eta oso deigarria.
Baina emakume bikingo gerlariak izan zirenaren ebidentziak asko eta geroz eta ugariagoak dira.
Ella Al-Shamahi britainiarrak, National Geographic-eko ikerlari espezializatua gizakien aztarnetan, Norvegiako Åsnes-eko aztarnategian luxuzko hilobi batean aurkikuntza berezi bat egin zuen. Mila urteko buru-hezurrean zegoen zauri batek atentzioa eman zion eta 3D-ko eskanerrak egin ondoren, forentse aditu batek, Carolyn Rando-k, zauria objektu zorrotz batek sortu zuela baieztatu zuen, ezpata batek edo antzeko objektu batek egindakoa zela, alegia. Emakume hau, muino batean hilobiratua izan zen, arma kopuru garrantzitsuarekin, hauen artean ezpatak, geziak, aizkora bat eta ezkutu bat. Aurkikuntzak zalantzan jartzen du gerlari bikingoen inguruko ikuspegi tradizionala, hau da, gerlari bikingo guztiak gizonezkoak zirela. Ebidentziak agerikoak badira ere, arkeologo askok oraindik zalantzan jartzen dute emakumezko gerlariak existitu zirenik. Eta ebidentzia zientifiko berriak ukaezinak badira ere, aditu askok ez dute amore eman nahi, eta ez dute onartzen kontakizunaren aldaketa hau. Aztarnategi honetako emakume bikingoaren zauriak hezurra osatu zela erakusten du, alegia ez zela batere ahula. Ikerketen ondorioz, emakume hau, goi mailako soldadu bat izango zela uste da, eta ohore handiz hilobiratua. Hilobiaren ezaugarriak direla-eta, Al-Shamahi-k dio emakume gerlari hau bere taldearentzat seguruenik oso pertsonaia garrantzitsua izango zela, eta bere heriotzaren ondoren ere, egin zituen ekintza gogoangarriak goratuko zituztela.
2020ko FICAB zinemaldian GIZON INDARTSUAK, EMAKUME AHULAK?, film alemaniarrak, gai hauxe jorratzen zuen film zoragarriak, zinemaldiko Sari Nagusia jaso zuen.
Bikingoen legeetan, bazeuden emakumeek armak erabiltzearen kontrako araudi espezifikoak, alabaina, emakumeek ez balituzte armak erabili izan, horrelako legeak ez lirateke beharrezkoak izango.
Norvegiar gizartean emakume asko goi mailan zeuden. Esate baterako Ingalaterrara heldu zirenen artean azpimarratzekoa da Thyra erregina. Askotan emakumeek hartu zuten boterea gizonak beste zereginetan kanpora joanak zirenean. Neil Price irakasleak dio ez zela harritzekoa izango horrelako hilobi gehiago topatzea eta emakume gerlari gehiago agertzea. 1200eko idatzi batek zioen “baziren behin batean emakumeak gizonak bezala janzten zirenak eta gerlarien abileziak lantzen denbora luzea ematen zutenak“.
Armak gizonezkoen sexuarekin erlazionatu diren bitartean, bitxiak emakumezkoekin erlazionatu dira. Guzti honen aurrean, agerikoa suertatzen da gaur egungo sexismoa eta genero diskriminazioa. Iraganeko paradigmak aldatzen doazen bitartean, batzuek, asko ez badira ere, XIX. eta XX. mendean emakumeei buruz izan diren ikuspegiak mantendu nahi dituzte, ebidentzia zientifikoen eta metodo zientifikoen aurka, eta beren genero aurreiritziak agerian utziz. Iritzi horiek ez dira objektiboak.
Hau historia berri baten hasiera besterik ez da, errebisio nabarmen eta beharrezko baten hastapena. Bikingoen munduak erdi aroan gizarteko rol horien aukerak ematen dizkigu, bai baitaude gizonenak ez ezik goi mailako emakume gerlarien adibideak. Nola ukatu emakume gerlarien oihartzunak? Aurkikuntza hauek ate asko zabaltzen dituzte, historian zehar emakumeek izan duten garrantziaz, orain arte kontuan hartu eta kontatu ez diren gertakariak ikertu eta agerian jartzen laguntzeko.



