FICAB jaialdiaren 24. edizioa berrikuntzekin dator

Irungo Udaleko Kultura Arloak Oiasso Erromatar Museoaren bidez, azaroaren 11tik 16ra bitartean ospatuko den Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIV. edizioa antolatu du. Zinemaldiaren aurretik, deialdiaren oinarriak onartu dira, eta filmak jasotzeko epea ireki da, 2024ko uztailaren 15era arte luzatuko dena. Jaialdiak, arkeologia ezagutaraztea eta gizartea arkeologia gaietara erakartzea izango du helburu, arkeologoen ikerlanen emaitzak jasotzeko ikus-entzunezko lanak zabalduz.

Aurtengo edizioan, EITBrekin sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker, sari berri bat banatuko da, parte hartzen duten filmetan generoaren araberako ikuspegia sustatzeko, 1.000 eurokoa.

“Zinemaldiak gero eta babesle gehiago ditu. Izan ere, edizio honetan, EITBk sari berri bat entregatuko du, arkeologoen ikerlanen emaitzak jasotzeko ikus-entzunezko lanetan generoaren araberako ikuskera sustatzeko. Zinemaldi berdingabe hau udalerriaz harago erakargarria den adierazgarri da hori, eta Zinemaldiaren alde egiten jarraitzera bultzatzen gaitu; zinema, historia eta arkeologia nahasten dituen kalitateko proposamen bat egiten segitzera”, nabarmendu du Kultura Arloko ordezkari Nuria Alzagak.

2024ko uztailaren 15era arte, arkeologiaren eta teknika arkeologikoen, etnoarkeologiaren, ondare arkeologikoaren eta kontserbazioaren esparruko genero guztietako dokumentu zinematografikoak (dokumentalek, erreportajeek, ikerlanek…)  aurkeztu ahal izango dituzte jaialdira edozein nazionalitatetako pertsonek eta erakunde publiko edo pribatuek.

Parte hartzaileek online eman dezakete izena, izena emateko orria eta filma ficab.oiasso@irun.org edo ficab.oiasso@gmail.com  helbidera bidalita.

Era berean, Festhome online plataformako esteka honetan eman daiteke izena.

Sariak

Sari hauek banatuko dira XXIV. edizioan:

  • Zinemaldiko sari nagusia (2.000 €)
  • Ikusleen sari berezia (1.000 €)
  • EITB saria (1.000 €)
  • Hezkuntza Saileko saria (750 €)
  • Arkeolan saria (dibulgazio zientifikorik onenarentzako saria)

Hezkuntza Sailean, 2022an, ARKMO proiektua jarri zen martxan, ikasleei ikus-entzunezko lan baten bidez inguruko ondare arkeologiko edo historikoa sustatu eta ezagutarazteko aukera emateko, eta, aurten, berriro ere eramango da aurrera. Hain zuzen ere, ikasleek aukeraketa, ikerketa eta sintesi lan bat egin behar dute, gune edo pieza arkeologiko bat erakutsi eta baloratzeko, eta, horrela, 750 euroko saria irabaz dezakete.

Ikusleen sari berezia, EITB saria eta Arkeolan saria aukeratuak diren film guztiek irabaz ditzakete, baina Zinemaldiko sari nagusia, Sail Ofizialeko filmek bakarrik, eta Hezkuntza Saileko saria, sail horretakoek.

Sail Ofizialeko epaimahaia eta EITB saria banatuko duena antolakuntzak aukeratuko du, ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren munduan prestigioa duten profesionalen artetik, eta sariak banatzeko ekitaldian jakinaraziko du epaia, apelaezina, Zinemaldiari bukaera emateko ekitaldian.

Ikusleen saria, berriz, emanaldien ondoren ikusleen artean egingo diren bozketen emaitzaren arabera emango da, eta Arkeolan saria Arkeolan Fundazioak berak emango du. Hezkuntza Saileko saria, azkenik, Oiasso Museoak izendatutako epaimahai batek emango du.

Aurreko edizioetan bezala, aurrez aurre ez ezik, online ikusi ahalko dira filmak, Zinemaldiaren astean bertan, Festhome plataformaren bidez.

Zinemaldia ekimen estrategiko bat da, beste jarduera paralelo eta osagarri batzuekin batera Irun erromatarra sustatu eta ezagutaraztea duena helburu; alegia, azken urteetan udal barrutian egindako aurkikuntza arkeologiko ugariak. Era berean, Zinemaldia bada Oiasso Erromatar Museoa jendartean proiektatzeko plataforma bat.

Informazioa behar dutenak Oiasso Museoarekin harremanetan jar daitezke, Museoaren egoitzan bertan (Eskoleta karrikako 1 zenbakian) edo ficab.oiasso@irun.org helbidera idatzita edo 943 639 353 telefono zenbakira deituta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude