Olatz Elizasu, BATeko pisu eta disko jaurtiketako atleta: “Teknika eta indarra lortzea oso garrantzitsuak izan dira niretzat ”

Argazkia: Estudio Gover

Olatz Elizasu Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeko pisu jaurtiketako atleta da. Berriki Euskadiko Txapelduna izan da pisu jaurtiketan 18 urtez azpiko kategorian. Gainera, 16 urtez azpiko kategorian Euskadiko errekorra du disko jaurtiketan. Elkarrizketan azaldu digu nolatan iritsi den hain ezagunak ez diren kirol modalitate hauetan lehiatzera.

Nola hartu duzu zure azken garaipena, hau da, 18 urtez azpiko kategorian pisu jaurtiketan Euskadiko txapeldun izatea?

Egia esan, ez zen niretzako oso txapelketa ona izan, puntu gehiago egitera iritsi nahi bainuen. Dena den, pozik nago eta taldearekin gustura ibili nintzen, jaurtiketa taldeak oso lagunkoiak baikara. Beraz, gerora oso ondo pasatu nuen, txapelketen aurretik oso urduri jartzen bainaiz.

Pisuan oso ondo egiten duzu edo oso gaizki, ez dago tartekorik, beraz, maitatu edo gorrotatu egiten duzu; horregatik ni diskozaleagoa naiz

Aurretik, martxan den ikasturtearen barnean, zein beste gauza egin dituzu?

Pista estaliko denboraldi garaian diskoan aritzea ezinezkoa denez, bakarrik pisu jaurtiketa egiten da. Aurten nire marka pertsonala lortu dut, 10,55 metro eta ez nuen halakorik espero; oso pozik nago. Orain, diskoarekin, kategoriaz igo naiz eta diskoa ere handitu denez, zailtasunak izaten ari naiz.

Alde handia dago pisu jaurtiketa eta disko jaurtiketan lehiatzerakoan?

Nik hasieratik pisu jaurtiketa egin dut, baina diskoa ezagutu nuenean askoz gehiago gustatu zitzaidan. Pisuan oso ondo egiten duzu edo oso gaizki, ez dago tartekorik, beraz, maitatu edo gorrotatu egiten duzu; horregatik ni diskozaleagoa naiz.

Nola aukeratu zenituen atletismoaren modalitate ezezagunago hauek?

Txikitan denetatik egiten nuen, pisu jaurtiketa barne eta nire entrenatzaile batek pisua jaurtitzen ondo moldatzen nintzenez, jaurtiketak egiten hastera animatu ninduen. Egia da, talde txikia garenez, hasieran ez zitzaidala gehiegi gustatzen, baztertua sentitzen nintzelako. Ahaleginaren bidez gehiago gozatzea lortu dut eta, orijinalagoa iruditzen zaidanez, bertan geratu naiz. Jaurtiketan aritzen garenak ondo ezagutzen gara, gutxi garelako, eta oso harreman ona dugu gure artean, nahiz eta adin tarte ezberdinetakoak izan.

Pisuan hasi aurretik, bazenuen modalitate berean aritzen zen klubeko erreferenterik?

Niretzat hasieran atletismoa zaletasun huts bat baino ez zen, beraz, ez nituen erreferenteak bilatzen. Baina, kirolean gehiago murgiltzen zaren heinean, aurkitzen dituzu. Nire taldean Espainiako Txapelketetan parte hartu duen gizon bat dago eta bera bezalakoa izateko gogoa sartzen zaizu. Hortik aurrera, Olinpiar Jokoetan lehiatzen diren emakumeak eta gizonak bezalakoa izan nahi duzu.

Beraz, Olinpiar Jokoetan lehiatzera iritsi nahiko zenuke?

Egia esan, ez dut gauza horietan gehiegi pentsatzen eta nahiago dut nire garapen pertsonalean zentratu. Txikitan zure ametsa izan daitezke, baina gero pixkanaka  zure garapen pertsonala ikusteak duen xarma aurkitzen duzu.

Horretarako, zertan bereizten dira zuen entrenamenduak beste atleten entrenamenduetatik?

Kirola ezagutzen ez dutenek uste dute entrenamenduetan soilik jaurtiketak egiten ditugula etengabe, baina ez da inondik inora ere horrela. Pisuak eta kargak altxatzen denbora asko pasatzen dugu, niri gehiegi gustatu ez arren, baina beharrezkoa da eta korrika asko ere egiten dugu. Horrela, jaurtiketak egiterakoan emaitzak ikusten dira. Indarraz gain, teknika ere behar delako. Ni nahiko txikia naiz eta modalitate honetan orokorrean jendea nahiko handia izaten da, beso luzeekin. Horregatik, teknika eta indarra lortzea oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Entrenatzen dugun lau egunetatik, bakarra erabiltzen dugu jaurtiketak egiteko.

Zenbat urte daramatzazu honetan?

Ba normalean haurren bigarren mailako kategoriaren amaieran hasten zara, baina ni haurren lehenengo mailaren amaieran hasi nintzen; nahiko goiz. Hau da, duela 3 urte gutxi gorabehera.

Emaitza onak lortzeko, burua ere ondo izatea garrantzitsua izango da.

Nire buruarekin oso zorrotza naiz eta lortzen ditudan marken benetako esanahia barneratzea kostatzen zait. Horrek, txapelketei eta emaitzei eragiten die noski. Fisikoki dena izan arren, buruak erabat aldatzen du guztia.

Zeintzuk izango dira zure hurrengo txapelketak hemendik aurrera?

Espainiako Neguko Jaurtiketen Txapelketaren bila ari ginen, baina kanpoan geratu naiz. Orduan, udako txapelketetara begira jarri gara jada, Espainia mailakoa gogoan. Iaz joan nintzen eta marka nahiko ona egin arren, urduritasunaren ondorioz ez nuen gehiegi gozatu. Asko entrenatu behar da horretarako, izan ere, kirolak asko ematen dizun arren, denbora asko kentzen dizu eta, ondorioz, bidean gauza batzuk sakrifikatu behar dira.

“Bereziki taldekako txapelketetara joateko gogoa daukat, klubaren parte izan eta klubeko emakumeekin bertan lehiatzeko”

Asko dira pisu jaurtiketan dabiltzan emakumeak?

Aurreko urteekin alderatuta, aurten emakumeak apur bat gehiago garela esango nuke. Modalitatea berez ezezaguna bada, emakumeen parte hartzea are exkaxagoa da. Gainera, gorputzaren aldetik oso exijentea da eta badirudi kirol honetan hastearekin bakarrik gorputza handituko zaizula eta askok ez dute hori nahi, baina ez du zertan horrela izan behar. Ondorioz, gutxi dira kirol honetan hasi nahi duten neskato txikiak. Telebistan ikusten direnak emakume handiak direnez, jendearentzat ez da erakargarria, nahiz eta berez emakume horiek indartsu eta osasuntsu dauden.

Zu zeu klubean beste neskentzako erreferente bat izan zaitezkeela uste duzu?

Bai egia da pistan entrenatzen dugunean oso deigarriak garela, talde txikia izan arren, gauza ezberdinak egiten ditugulako. Esaterako, nire taldekide batek mailu jaurtiketa egiten duenean, oso deigarria denez, mundu guztia begira geratzen da, txundituta. Agian badira ezertarako gaitasun berezirik ez dutela uste duten neskak eta agian hau probatzerakoan beren lekua aurkitzen dute.

Zein helburu dituzu epe ertain eta luzera?

Orain ez dut inolaz ere kirol hau utzi nahi. Bai egia da agian ikasketengatik sakrifizioren bat egin beharko dudala. Nire helburu gorena nire markak hobetzea da edo Espainiako Txapelketa askotan parte hartzea. Bereziki taldekako txapelketetara joateko gogoa daukat, klubaren parte izan eta klubeko emakumeekin bertan lehiatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude