Ostegun honetan hasiko da “Zure abenturaren bila” programaren denboraldi berria

Ostegun honetan, hilak 9, “Zure abenturaren bila” programaren denboraldi berri bat hasiko da. Lehen saioan Idoia Rubial izango da bidaiaria, “Shukran, bizitzari mila esker” izenburuarekin. Hitzordua 19:30etan izango da, Irungo Amaia KZko hitzaldi aretoan, eta sarrera doakoa izango da. Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak azaldu duenez, interesdunak aretoa bete artea sartu ahalko dira.

Saioa euskaraz izango da, eta protagonistaren bizitza aldatu zuen esperientzia ezagutaraztearen helburuarekin proiektatuko da ikus-entzunezkoa, 60 bat minutuz. Ondoren, solasaldi bat izango da protagonistarekin.

“Shukran, bizitzari mila esker”

“Abentura zaleak gara, paretatik paretara eskaladak eskaintzen digun zirrararekin eraiki dugu gure bizitzeko era. Harrietan zenbat gozatzen dugun eta gure bizitzeko era zenbat maite dugun konturatu gara. ‘Shukran, bizitzari mila esker’, bizipen ezberdinak eskaini dizkigun bidai bat da (Yosemite, Wadi run, Galayos, Devils tower eta Cochamo)”.

Zure abenturaren bila

Zure abenturaren bila bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude