Ostiralean, martxoaren 21ean, “Irun Commerce Lab” bertako merkataritzarako berrikuntza gunea inauguratuko da. Serapio Mujika kaleko 8. zenbakian dago. Inaugurazioa 12:00etam izango da. Balio anitzeko laborategi bat izango da, eta asmoa da merkataritzaren arloan enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko topagune eta esperimentazio-gune bihurtzea.
Guztira, 206,69 m2-ko espazio erabilgarria izango da, lanerako espazio ezin hobea hurbileko merkataritzarako, aukera emango baitie lehiakortasuna eta merkatua kentzen dizkieten beste formatu komertzial batzuekin lehiatzeko. Asmoa da gune horretan saltokiek ideiak lantzea eta beren negozioak fisikoki zein digitalki eguneratzea. Horretarako, erakutsi nahi da abantailak dakartzala multimedia edukia duten ekipamendu berriak erabiltzeak gaur egungo salmenta-metodoetara egokitzeko eta lehiakortasunean abantaila handiagoa izateko.
Ate irekiak
Era berean, martxoaren 22an eta 29an, biak larunbata, 10:30etik 13:30era, “Irun Commerce Lab” guneak ateak irekiko ditu herritarrentzako. Badoa kooperatibako bi langile ere bertan izango dira, laborategiari buruz gehiago jakin nahi duten bisitarien zerbitzura. Teknologiari eta haren erabilerari buruzko azalpenak emango dituzte, eta espazioa erakutsiko dute. Gainera, Irun Marketen poltsa bat eta tupper bat emango zaizkie bisitariei.
Nabarmendu behar da proiektu hau Europako Batasunak Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan (NextGenerationEU) finantzatua dagoela, eta digitalizazioan, lehiakortasunaren hobekuntzan eta inguruko saltokien jasangarritasun eta eraginkortasunean ardazten dituela bere ekintzak.



