Parean eta Kera elkarteek emakumeak kirolera erakartzeko egitasmoak proposatzen jarraitzen dute

Parean eta Kera elkarteek abian dituzte emakumeak kirolera erakartzeko egitasmoak. Alde batetik, Parean elkarteak emakume eta neskentzako kirol eskaintza biltzen duen liburuxkaren edizio berria atera du. Horretaz gain, emakumeen kirola ikusarazteko helburua duen Mendi Urruzunoren Hamaika emakume*, hamaika erronka argazki erakusketaren antolatzaileetako bat izan berri da Parean ere. Bestetik, Emakumeok Zast proiektuaren hirugarren edizioa martxan dute bi elkarteek elkarlanean. Kera elkarteko Ane Toledo eta Parean elkarteko Ainara Lópezek proiektu horietako berritasunak aurkeztu dituzte.

Kirol eskaintza zabala

Parean elkarteak Irungo kirol kluben eskaintza biltzeko kirol gida berrargitaratu du. Elkarteko kide Ainara Lópezek azaldu duenez, “barnebildu nahi izan dugu, ez bakarrik gure lana, baita Irungo klubekin egindako elkarlana”. Emakumeek eta neskek kirola egiteko gonbidapena eskura izan dezaten egin dute ahalegin hori. Izan ere, “eskaintza egon badago, baina askotan ez da ezagutzen”, adierazi du Ainara Lópezek. Horrela, iaz argitaratutako gida eguneratzeaz gainera, berrikuntzak ere erantsi dizkiote: gomendioak. “Feminismoaren ikuspuntutik hausnarketa bat erantsi nahi izan dugu, emakumeak gustura egongo diren espazio seguruak sortzeko”, azaldu du Ainara Lópezek. Hain zuzen ere, Parean elkarteko kideak aipatu duenez, “hirian badago horretarako grina, beharra eta baita prestutasuna ere”. Hala ere, oraindik erreferente berriak sortzeko beharra azpimarratu du Lópezek. Beraz, gida hau eskura izanda, kontzientziazioa lantzen jarraitzeko aukerak ikusten ditu.

“Behin bat bukatuta hurrengo urtekoaz galdezka hasten zaizkigu eta erantzun hori oso positiboa da”

Ane Toledo, Kera elkartea

Emakumeek kirolean duten parte-hartzean hutsuneak ere badira, bereziki, nerabezaroan eta amatasuna edo zaintza lanekin loturiko adinetan. Ainara Lópezen hitzetan, matxismoak inposatutako rol eta ereduek eragina izan dezakete beherakada nabarmen horietan. Horretaz gain, kirol ez lehiakorra egiteko dauden aukera murritzek ere eragina izan dezaketela ondorioztatu dute Parean elkartean: “guretzat garrantzitsua da kirola egiteko aisialdiko espazio lasaiak egotea, teknifikazio oso handia eskatzen ez dutenak”. Gainera, kirola taldean egiteak izan dezakeen garrantzia azaldu du Ainara Lópezek, hasiberriei babestuta sentitzen laguntzen baitie. Dena den, oraindik badago esku bete lan aurretik kirolaren balio oinarrizkoenak berreskuratzeko: malgutasuna eskaini, aurreiritziak ezabatu eta bizitzaren erritmo bizkorretik aldenduz, teknifikazioa baino gehiago bilatzeko. Bitartean, Parean elkarteak hiriko klubekin elkarlanean prestatutako gida elkartearen webgunean kontsultatu daiteke jada eta Ainara Lópezek azaldu duenez, kluben artean ere banatuko dute, haiek zabalpena eman diezaioten.

Emakumeok Zast hirugarrenez

Horretaz gain, Emakumeok Zast proiektua garatu dute azken hiru urteetan. Kera elkarteko Ane Toledok gogoratu duenez, proiektu hau bi elkarteek elkarren berri izan zuten une berean jaio zen, biek, kirolaren inguruan zerbait egiten ari zirela ikusterakoan. Egitasmoari forma eman ostean, jada ezagunak zituzten klubetara gerturatu ziren lehenik. Lehen emaitzak segituan iritsi ziren, Ane Toledoren esanetan, “taldean ez bada, emakume askori gehiago kostatzen zaio leku berrietara bakarrik joatea”. Ainara Lópezek erantsi duenez, helburua beraz, bikoitza da. Batetik, “bakarrik egingo ez genukeen hori egitera animatzea, inguruan dauden klubak eta eskaintza ezagutuz”. Emakume ijito eta etorkinek parte hartzen dute nagusiki programan. Esaterako, Irungo Udaleko “Gure artean” programako kideak ere gonbidatzen dituzte antolatutako ekintzetara, hirira etorri berri diren emakumeek Irungo kirol klubak ezagutu ditzaten. Bigarren helburua, berriz, aurreiritzien apurketan datza. Ainara Lópezek onartu duenez, “niretzat pertsonalki oso baliagarria izan da zentzu horretan, baina baita gainontzeko parte-hartzaileentzat eta, klubentzat ere”.

Ordutik hilabetean behin elkartzen dira, ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara. Iaz ekintza arratsaldeetara zabaltzeko saiakera egin zuten, baina ezinezkoa izan zitzaien. Ane Toledok azaldu du klubek jada beren talde propioak dituztela, batez ere arratsaldez aritzen direnak, eta ondorioz, ekintza gehiago egin ahal izateko espazio egokiak falta dira hirian. “Kirolak gaur egun duen garrantziarekin uste dut Irungo Udalak inbertsio handiagoa egin beharko lukeela denei, kirol klubak direnei eta ez garenoi, ekintzen antolaketan erraztasunak eman ahal izateko”, gaineratu du Toledok.

Kirola: aitzakia eta helburua

Orain arte askotariko kirol eta ekintzak probatzeko aukera izan dute. Ane Toledok aipatu duenez, “zure konfort zonatik atera eta bat-batean eskalada egiten, zaldi gainean edo Fraileen hondartzara padelean iristen ikusten zara, beldurrak gaindituz, beste emakumeekin batera”. Gainera, proposatutako ekintzetan emakume oso ezberdinak elkartzen direla ikusi dute. Ane Toledok aipatu duenez, “hori parte-hartzea irekia delako da, behin bakarrik etorri zaitezkeelako edo nahi duzun guztietan”.

“Gure helburua ez da jende pilo bat egotea, baizik eta daudenak gustura egotea”

Ainara López, Parean elkartea

Oso proiektu sinplea dela iruditu dezakeen arren, emaitza handiak erakutsi ditu jada. Adibidez, lehen bi elkarteak ziren kirol klubengana programarentzako ekintzen eske gerturatzen zirenak eta orain elkarteak kluben deiak jasotzen hasiak dira proiektura batu eta beren jarduera eskaini nahian. “Klubek ere ikusi dute egitasmo honi esker emakume asko jarduera familian errepikatzera eta klubean izena ematera ere animatzen direla”, erantsi du Ane Toledok. Antolatzaileek, kluben asmo ona eta inplikazioa eskertu dute, proiektua garatzeko funtsezkoak izan baitira. Emakumeok Zast! programak urtebeteko iraupena du. Aurtengoa 2025 urte hasieran abiatu eta abendura arte luzatzea aurreikusten dute. Ane Toledok erantsi duenez, “behin bat bukatuta hurrengo urtekoaz galdezka hasten zaizkigu eta erantzun hori oso positiboa da”.

Hilabetean behin

Jardueren aukeraketa egiterakoan, oreka mantentzen saiatzen dira. Ainara Lópezek aipatu duenez, “nik uste dut orokorrean gehienek nahiago ditugula dantzarekin loturiko jarduerak”. Dena den, Ane Toledok erantsi duenez, askotariko kirolak probatzen saiatzen gara. Horrela, parte-hartzaileen eskariak, bestelako proposamen eta beharrekin tartekatzen dituzte. Adibidez, ur ekintzak prestatzerakoan zailtasunak ikusi dituzte, izan ere, adibidez, bereziki, Moldaviako eta antzeko herrialdeetako emakumeek ez baitakite igeri egiten, orain arte ikasteko baliabide nahikoak izan ez dituztelako. Ane Toledok azaldu duenez, “hori konpontzeko zerbait prestatzen saiatzen ari gara, ea laster ekimen berri bat aurkeztu dezakegun”.

Programaren azken fasean egon arren, izena emateko aukerak zabalik jarraitzen du. Horretarako, izen ematea emakuokzast@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo bi elkarteetako batekin harremanetan jarriz egin daiteke. Antolatzaileek gogoratu dutenez, edozein emakumek parte hartu dezake, edozein dela ere bere adina. Ainara Lópezen hitzetan, “gure helburua ez da jende pilo bat egotea, baizik eta daudenak gustura egotea”.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude