Plaiaundiko zelaiak beteranoen errugbi jaia hartuko du larunbatean

Txingudi Errugbi Klubeko beteranoek ohiko errugbi festa ospatuko dute larunbatean Plaiaundiko zelaian. Aurretik, 14 urtez azpiko taldea Plaiaundin jokatuko du Bera Beraren aurka Gipuzkoako ligako zazpigarren jardunaldia. Zaisa Txingudi ordea Eibarren, Euskal bigarren ligako liderraren etxean, jokatuko du.

Larunbatean Irungo berdegunea ez da hutsik egongo. Beteranoen taldeak urtero antolatzen duen egun berezia egingo baita. 11:00etan hasiko dira kapitainen bilera eta beroketa egiten, ondoren, izena eman duten sei taldeek beraien arteko partidak jokatuko dituzte 13:30ak arte. Hirugarren denbora dastatzen eta sariak banatzen jardunaldiaren lehenengo zatia amaituko dute eta Gabiria jatetxera lekualdatuko dira bazkariarekin jarraitzeko.

Aurten, etxeko bi taldeekin batera, Txingudi Touch eta Txingudi Neskak All Stars, Rioja, Arrangoitzeko Emak Hor, Senpere Union Club eta Bordeleko Union Bordeaux Métropole taldeak izango dira Plaiaundin. Antolakuntzatik partidetan aparteko korrikaldiak, driblin txundigarriak, grabitateari desafio egiten dioten paseak, entseguak eta barre asko aurreikusten dituzte.

14 urtez azpiko taldea etxean

Beteranoen jaia baino lehen, sub 14 taldea izango da Plaiaundiko zelaian arituko dena, Bera Beraren aurka Gipuzkoako ligako zazpigarren jardunaldia jokatzeko. Taldeak pasa den asteburuan Hernanin jasotako porrotak bere akatsetatik ikasteko balio izan diela erakutsi nahi du eta lan onena egiten saiatuko da larunbatean 10:00etatik aurrera.

Zaisa Txingudi liderraren aurka

Denboraldiko norgehiagokarik garrantzitsuenetakoa izango du Zaisa Txingudi larunbatean, urtarrilak 31, Eibarko Unbe errugbi zelaian. Etxeko taldeak ez du partida bat ere galdu denboraldi honetan eta 46 puntu lortu ditu orain arte, 9 garaipen eta berdinketa bat lortu ostean. Berdinketa hori, izan ere, Plaiaundin izan zuen Txingudiren aurka. Urriaren 18an jokatutako jardunaldian, Iñigo Camarero eta Marc Duffrèchen mutilei azken minutuetan egin zien ihes garaipenak, amaieratik 7 minutura 24 eta 17 irabazten ari baiziren.

Zaisa Txingudik Eibarren jokatuko du Euskal bigarren ligako liderraren aurka larunbatean 16:00etatik aurrera. Akatsik ezin du egin Txingudik, goiko postuetan jarraitu nahi badu, igoera play-offa jokatzeko sarbidea ematen dion bigarren postua 14 puntuko distantziara dauka-eta. Pasa den asteburuan La Unicaren aurka Plaiaundin egindako lanak konfidantza eman die jokalariei eta lehenengo minututik bere jokorik onena erakusteko prest joango dira Eibarrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude