Irungo Txistulari Taldea San Pedro eta San Martzial jaietako beste ezinbesteko bat da, askotariko emanaldiak dituztelako. Horretaz gain, urtean zehar badituzte bestelako saioak ere: Mutxikoak, Dianak, Auzoetako jaiak edo emanaldi bereziak. Mikel Oliveri Vesga lehen txistua, Marilis Telletxea Gaztelumendi bigarren txistua, Arantxa Arzak Gomez silbotea eta Garikoitz Goikoetxea González Munduate atabalak osatzen dute taldea.
Nola sortu zen Irungo Txistulari Taldea?
Garikoitz: 2017. urtearen hasieran sortu zen Irungo Txistulari Taldea. Ordura arte Irunen Udal Txistulari Banda zegoen eta bertako partaideak udal funtzionarioak ziren. Udalak taldea desegitea eta hortik aurrera zerbitzua kanpoko talde batek eskaintzea erabaki zuen. Guk udaletxearekin kontratu bat dugu eta urtean zehar hainbat emanaldi egiten ditugu, bere garaian Udal Txistulari Bandak betetzen zuen funtzioa betez.
“2017. urtearen hasieran sortu zen Irungo Txistulari Taldea”
Garikoitz González Munduate, Irungo Txistulari Taldeko atabala
Zuen kasuan, nola iritsi zarete talde honen parte izatera?
Marilis: Oso egoera ezberdinetatik gatoz. Nire kasuan, aurretik zegoen Udal Txistulari Taldeko kidea nintzen. Garikoitzek izan zuen talde hau sortzeko ideia eta Arantxak ere gurekin lan egiten zuenez taldera batu zen.
Mikel: Bai, ni joan den urteko hasieran hasi nintzen, eta beraz, denbora gutxien daramana naiz.
Garikoitz: Hori da. Aurretik Peio Irigoienekin osatzen genuen taldea, baina eszedentzia bat eskatu du orain Bilbon jotzen ari delako. Orain Mikel dago gurekin eta oso pozik gaude.
Aratxa: Marilisek eta biok txikitan ikasi genuen txistua jotzen, atrila partekatu dugu, eta beraz, txistu lagunak gara.
“Ni joan den urteko hasieran hasi nintzen, eta beraz, denbora gutxien daramana naiz”
Mikel Oliveri Arzak, Irungo Txistulari taldeko lehen txistua
Urtean zehar ekitaldi askotan parte hartzen duzue. Prestaketa lan handia eskatuko du horrek, noski, ezta?
Arantxa: Urtean zehar emanaldi asko ditugu, baina gehienak egia da jaien ingurukoak direla. Maiatzetik aurrera emanaldi ugari izan ohi dugu, auzoko jaiak hasten baitira eta jai giroa jada nabaria delako. Ekainetik aurrera berriz, ia egunero ikusten dugu elkar.
Garikoitz: Maiatzaren 1ean Larreaundiko jaiekin hasten dugu auzoetako ibilbidea eta San Migeletan, iraila amaieran edo urria hasieran, Artiara joan arte, gutxienez hamabost egunean behin hitzorduren bat izaten dugu.
Nola antolatzen zarete data guzti horietan emanaldiak eskaini ahal izateko?
Marilis: Urtearen amaieran hurrengo urteko egutegia antolatzen dugu eta zein emanaldi izango ditugun aurreikusten dugu. Izan ere, gutxi gorabeherako datak aurrez jakiten ditugu, baina auzo elkarteek eta abar eskaerak egin ahala goaz horiek finkatzen.
“Urtearen amaieran hurrengo urteko egutegia antolatzen dugu eta zein emanaldi izango ditugun aurreikusten dugu”
Marilis Telletxea, Irungo Txistulari Taldeko bigarren txistua
Entseguak, berriz, nolakoak dira?
Garikoitz: Gure emanaldi gehienak, jaietakoak izan ezik, igandetan izaten dira. Orduan igandeko emanaldiek uzten dizkiguten tarte libreak aprobetxatzen ditugu entseatzeko, adibidez, dianen eta mutxikoen artean. Ordu horietan, entseatzeaz gainera, pieza eta partitura berriak ere bilatzen ditugu.
Zeintzuk dira Sanmartzialetan zehar izan ohi dituzuen hitzordu nagusiak?
Garikoitz: Jaietako emanaldiak urte luzez mantendu izan direnak dira, urtero berdinak baitira. Egun garrantzitsuenetako bat ekainaren 23a da, San Juan Arbola jartzeko edo sua pizteko ekitaldiak direla eta. Jaien aurreko igandean, aurten ekainaren 22an, Diana egiten dugu. Udalbatzarekin Agurra entseatzen dugu, gero San Pedro egunean dantzatuko dutena. Ekainaren 28an Erraldoi eta Buruhandiekin ateratzen gara. Ekainaren 30ean San Martzial mendian botoa betetzeko ekitaldia ere girotzen dugu. Azkenik, uztailaren 1ean, jaiak Urdanibia plazan agurtzen ditugu dantza solteko txapelketarekin.
Marilis: Aurten emanaldi berezi bat izango dugu, mutxiko saio berezi bat egingo dugu. Izan ere, orain arte Meakako Adixkideak taldekoek antolatzen zituzten emanaldi horiek, baina orain gu gara arduradunak. Mutxikoen kudeaketa lanaz ere gu geu arduratzen gara, saioa gidatuko duen pertsona bilatzeaz, dantzariak abisatzeaz eta soinuaren prestaketaz. Normalean mutxikoak jaietako lehen igandean egin ohi ditugu, baina jaiak direla eta, ekainaren 22an, igandean, egingo dugu.
Emanaldi motaren arabera, ezberdinak al dira musika edo jotzen dituzuen piezak?
Marilis: Dianetan normalean zortzikoak jo ohi ditugu, klasiko bat dira eta. Bestetik, erraldoi eta buruhandiekin ateratzen garenean kalejirak izaten dira girotze lana egiteko. Gainera, inguruko txistu eskoletako ikasleak etortzen dira gurekin batera jotzeko, baita tronpetak ere, kalean jende asko egon ohi denez, sonoritate handiagoa behar izaten baitugu. Jaietan, aldiz, badira oso doinu markatua duten egunak. San Pedro egunean alkate soinua jotzen da udalbatzarekin batera joateko eta Meza Nagusiaren irteeran Agurra.
Garikoitz: Alkate Soinua Gonzalez Bastida Musika Bandako zuzendaria izan zenak Irunen jotzeko prestatu zuen moldaketa bat da. Izan ere, alkate soinua herri askotan jotzen den arren, guk jotzen duguna Irunen bereziki jotzeko prestatutakoa da. Ekainaren 30ean Botora igotzerakoan ere jotzen dugu. Botoan zehar otoitz moduko bat jotzen da, momentuari dagokiona, eta San Martzial martxarekin jaisten gara.
“Urtean zehar emanaldi asko ditugu, baina gehienak egia da jaien ingurukoak direla”
Arantxa Arzak Gomez, Irungo Txistulari Taldeko silbotea
Arantxa: Ekainaren 23an, San Juan bezperan, jotzen dugun programa urtero aldatzen dugu. Formatua berdina da, gainera oso emanaldi luzea delako, 45 minutu edo irauten du eta. Obra ugari jotzen dugunez, zer jo nahi dugun pentsatzen dugu, guztien gustuko gauzak jo ahal izateko.
Kaleko emanaldiez gain, ba al daukazue bestelako hitzordurik?
Garikoitz: Bai. Adibidez, Udalak Amaia KZn antolatzen dituen Kontzertu Pedagogikoetan ere parte hartzen dugu. Emanaldi horrek lan handiagoa eskatzen digu ikasleekin egiten dugulako. Egoiliarrek ezagutu ditzaketen abestiekin programa bat prestatzen dugu bereziki horretarako eta oso harrera ona egin ohi digute egoiliarrek zein egoitzetako langileek.
Beraz, txistua kalera ateratzea garrantzitsua izango da instrumentu hau galdu ez dadin?
Marilis: Bai, izan ere, egoera ez da erraza, musikaz gain, gazteek eskolaz kanpoko jarduera asko dituztelako aukeran. Ondorioz, musikaren esparrua asko txikitu da, baina oraindik, apurka bada ere, txiki berriak hasten dira urtero. Mikelek eta nik txistu eskolak ematen ditugu. Urtero egiten ditugun Kontzertu Pedagogikoek ere asko laguntzen digute txistua ezagutarazten, eta horretarako ipuin musikatua prestatzen dugu beraiengandik gertu dauden doinuak aukeratuz.
Arantxa: Orain , gainera, haurrentzako eskolez gain, helduentzako klaseak ere ematen dira, lehen gutxiago egiten zen zerbait, eta arrakasta handia dute horiek.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen webgunean duzue.