Txingudiko taldeek asteburuan lortutako emaitzek ez dute partiduetan erakutsitako joko maila saritu

Argazkia: Biok Txingudi eta Gaztediren arteko partida (Egilea: Onintza Burgera).

Asteburu honetan Txingudi Errugbi Klubeko taldeen partiduetako emaitzak ez dira jokaldien maila berean egon. Izan ere, Biok Txingudik 12 eta 29 galdu zuen eta Zaisa Txingudik 5 eta 41. Harrobiko taldeek berriz, emaitza gazi-gozoak izan zituzten, garaipen eta porrot bana lortuta.

Biok Txingudi

Zale, taldekide eta Irungo udalaren ordezkaritzarekin, Cristina Laborda alkatea barne, izan ziren emakumezkoen taldeari harrera berezia egiten Gaztediren aurka jokatu behar zuen partidan. Partida zaila izango zela konfirmatu zuen Gaztedik lehenengo minutuan entsegu eraldatua lortuz (0-7). Hala ere, etxekoak erasora joan ziren hurrengo minutuetan eta aurrelari handi eta indartsuei zein hiru laurden trebeei aurre egiten jakin zuten baloia azkar mugituz, ostikada sakonak emanez eta fase estatikoetan denbora ez galtzen saiatuz. Honela, pixkanaka aurrera egin zuten 25. minutuan Miren Fernandezek entsegua lortu zuen arte. Alba Saizek ostikada makilen artean sartu zuen berdinketa jarriz markagailuan (7-7).

Bi taldeek puntu gehiago lortzeko aukerak izan bazituzten ere, defentsek saiakerak bertan behera utzi zituzten. Atsedenaldiaren ondoren, Gaztedik jokoa aurrelariengandik pasa zedin saiatu ziren, hor bazuen bere indargunerik nabarmenena. Honela, entseguak gehitzen joan ziren pixkanaka 5 eta 29ko aldea jarri arte markagailuan.

Azkeneko minutuetan, hiru laurdenen jokaldi berri batekin, Uxune Aranburuk defentsa zulatu eta bigarren marka egitea lortu zuen amaierako 12 eta 29koa jartzeko.

Biok Txingudiren hamabostekoa Zumendi Caro, Alazne Macicior, Maren Santa Cruz, Lur Gaston, Lohitzun Aia, Garazi Santos, Sandra Ramos, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Enara Arruti, Alba Saiz, Irati Beraiz, Paola Vega, Uxune Aranburu, Ane Novo eta Leire Muñozek osatu zuten. Aulkian Maddalen Alberdi, Miren Fernandez, Gaxi Famoso, Iara de Almeida, Jessica Gomez eta Laida Rodriguez hasi ziren. Epailea Julien Le Gall izan zen.

Partida galduta ere, taldearen sentsazioak oso onak izan ziren eta denboraldiko azken txanpari begira daude jada. Datorren larunbatean Uni Bilbo bisitatuko dute eta, azkeneko bi jardunaldietan, aurkari zuzenen kontra neurtu beharko dituzte indarrak.

Zaisa Txingudi

Lehenengo itzulian Mungian jokatu zen partida irabazi ostean, denboraldiko laugarren garaipena lortzeko prest zegoen Zaisa Txingudi. Baina Uribealdea ez zuen denboraldi hasierako emaitza errepikatu nahi eta lehenengo taldeko hainbat jokalarirekin indartutako hamabostekoa zelairatu zuen Plaiaundin.

Honek ez zuen etxekoak izutu eta indarrez ekin zioten norgehiagokari. Zaisa Txingudiren aldetik Aritz Rodriguez, Xabi Sanchez, Joao Costa, Jenö Kocsis, Jon Mediavilla, Aitor Asurmendi, Julen Iglesias, Juan Carlos Lora (kapitaina), Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Hodei Guerrero, Mikel Genua, Ekain Hiribarren, Odin Gutierrez eta Alberto Robleda aritu ziren. Pablo Besga, Iñaki Lantxo eta Odei Alonso izan ziren ordezkoak eta Jon Sanchez azken orduan deialditik erori zen. Epailea Guillermo Pardo izan zen.

Hasieran jokoa oso irekia egon zen eta baloiaren jabetza talde batetik bestera zihoan Zaisa Txingudiren zelaiaren barruan. Bizkaitarren barnealdiek harresi bat aurkitu zuten aurrean, baina mugakoek zigor kolpe gehiegi egin zituzten lehenengo minutuetan eta ez zuten lortu arriskua bere entsegu-eremutik urruntzea. Haizeak paseak asko zaildu zituen eta horrek Uribealdeari abantaila eman zion, meléan Txingudik baino puntu bat gorago bai zegoen.

Kanpokoek ere diziplina mantentzeko arazoak zituzten eta Txingudik hainbat metro irabazteko aukera izan zuen, baina kontraeraso batean, mungiakoak entsegu-eremutik gertu zeudela, Juan Carlos Lorak aldi baterako kaleratzea jaso zuen. Jokalari bat gutxiago izanda ere, etxekoak defentsan gogor jarraitu zuten, baina, hamabosgarren minutuan, hainbat jokaldi kateatu ostean, Uribealdeak aldeko zigor kolpe bat izan zuen hogeita biko eremuaren barruan eta ez zuen aukera galdu lehenengo puntuak eskuratzeko (0-7).

Hurrengo minutuetako hartu emana berdin jarraitu zuen, baina oraingoan mungiarren zelaian eman zen jokoa. Tamalez, Txingudik ez zuen markagailua mugitzea lortu eta abantaila berdin mantendu zen lehen zatiko azken minutuak arte. 39. minutuan, Uribealdeak bigarren marka lortu zuen atsedenaldira hamabi puntuko abantailarekin joateko (0-12).

Bigarren zatirako, bi taldeek ordezkoak zelairatu zituzten eta partidaren intentsidadeak gora egin zuen, zigor kolpeak ere biderkatuz. Uribealdeak bi kaleratze izan zituen 49 eta 53 minutuetan eta Txingudik egoeraz baliatu zen lehenengo entsegua lortzeko Ekain Hiribarrenen eskutik (5-12). Hala ere, fisikoak behera egiten hasi zion eta bizkaitarrek hurrengo bost minutuetan hiru marka eta bi eraldaketa lortu zituzten (5-31).

Azkeneko minutuetan, kanpokoek txartel gorri bat jaso zuten plakaketa arriskutsu bat egiteagatik, baina hamalau jokalarirekin amaitzeak ez zien eragin eta beste bi entsegu gehitu zituzten markagailura (5-41). Azkeneko minutuan, Alberto Robleda ere kaleratua izan zen joko zikinagatik.

Jardunaldiko emaitzen ondoren, Zaisa Txingudi sailkapeneko azken postura bueltatu da. Datorren larunbatean beste aurkari zuzen bat, Sortzen C, jasoko du Plaiaundin.

Harrobiko taldeek emaitza gazi-gozoak izan zituzten

14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan 27 eta 35 galdu zuen Ordiziaren aurka aurreikusitakoa baino gogorragoa izan zen norgehiagokan. 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak 12 eta 87 irabazi zuen Gaztedi Gorriaren aurka Gasteizen. Eskolak, aldiz, Zarautz/Beltzak, Rioja eta Iruña jaso zituen Plaiaundin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude