Txinzerrek bi kamioi berri erosi eta hainbat gune zehatzetako edukiontziak berritu ditu

Irisgarritasun zaileko eremuetan hondakinak biltzeko zerbitzua optimizatzeko asmoz, Txingudiko Zerbitzuek hondakinak jasotzeko bi kamioi berri erosi ditu eta Hondarribiko Alde Zaharreko zein landa eremuetako edukiontziak aldatu ditu. Inbertsio honekin, Txinzerrek bere zerbitzuen etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa berresten du, hondakinen kudeaketan eraginkortasun operatiboa eta jasangarritasuna sustatuko duten konponbideen aldeko apustua eginez.

Valentin Gonzalez Txingudiko Zerbitzuetako hondakinen eta hiri-garbiketaren arduradunak adierazi duenez, “Txingudiko Zerbitzuetan efizientziarekin eta jasangarritasunarekin konprometituta gaude, eta hondakinen kudeaketan etengabeko hobekuntzak egiten saiatzen gara. Aipaturiko azken berrikuntzek argi erakusten dute etengabe kalitatezko zerbitzua eskaintzeko lan egiten dugula, ingurumena errespetatuz eta eremu bakoitzaren beharretara egokituz”.

Bilketa-kamioi berriak

Bi kamioi berri erosi dira, aurrekoak baino txikiagoak eta maniobratzen errazagoak; 8 metro kubikoko edukiera dute, eta landa-eremuetan eta Hondarribiko Alde Zaharrean hondakinak jasotzeko berariaz diseinatuta daude. Ibilgailu horiek pisatze-sistema integratu bat dute, bildutako edukiontzi bakoitzaren pisua erregistratzeko. Gainera, bilketa-ibilbideen kudeaketa errazten duen teknologia aurreratu batez hornituta daude, honako informazioa helarazteko:

  • Bilketa-puntuen kudeaketa
  • Ibilbidearen betetze-maila monitorizatzea
  • GPS posizioaren jarraipena
  • Abisuak eta alertak kudeatzea

Kamioi horietan integratutako teknologiari esker, bilketa-bideak optimizatu ahal izango dira, edukiontzi-kopurura eta gune bakoitzean behar den bilketa-maiztasunera hobeto egokituz.

Edukiontzi berriak

Irungo eta Hondarribiko landa-eremuetan, 1.700 litroko edukiontziak ordezkatu egin dira. Atzeko kargako modelo berriak 1.000 litroko edukiera dute. Eguneratze horrek bilketa-zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko beharrari erantzuten dio, eta bolumen handieneko edukiontziek kamioientzat zein langileentzat sortzen zituzten arazoak saihestuko ditu.

Alboko kargako edukiontzien bidez biltzea bideragarria ez den eremuetan, errepideetako bidegurutzeetan irlatxoak jarri dira sakabanatutako etxebizitzei zerbitzua emateko. Irlatxo horiei esker, hondakinak lau ontzitan bereiz daitezke: papera, ontzi arinak, beira eta errefusa. Ontzi guztiak instalatu ezin diren kasuetan, edukiontzi bakarra jarri da errefusarentzako. Guztira, 20 bilketa-gune jarri dira: 13 paper-edukiontzi, 13 ontzi-edukiontzi eta 34 errefusa-edukiontzi.

Hondarribiko Alde Zaharrean, 1.700 litroko edukiontzi zaharrak 1.200 litroko modelo modernoagoekin ordezkatu dira, 31 guztira, eta bilketa-puntuak 5 izango dira 4 beharrean:

  • Ontzi-arinen 8 edukiontzi
  • 7 paper-edukiontzi
  • Materia organikoaren 5 edukiontzi
  • 5 beira-edukiontzi
  • 11 errefusa-edukiontzi

Hobekuntza horren helburua hondakinen kudeaketa optimizatzea ez ezik, Alde Zaharreko ingurunean edukiontziak modu harmoniatsuagoan integratzea ere bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude