Udal gaztelekuek 15.000 bisita jaso zituzten 2024an zehar

Udal gaztelekuetako bisitak goraka doaz etengabe. Hala erakusten du 2024koko balantzeak, 15.000 aldiz erabili ziren hiriko espazio hauek, kopuru historikoa gaindituz. Izan ere, 2023an baino 5.000 gehiago izan ziren Gaztelekuek iaz izandako bisitak. 2024ko datuen balantzea egin dute gaur, Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballerok, Martindozenea gaztelekuko koordinatzaile Amaia Izetak eta Artiako gaztelekuko koordinatzaile Erika Hernándezek.

Sandra Caballero ordezkariaren esanetan, “kopuru hauek adierazten dute Gazteria Arloak gaztelekuak dinamizatzeko egindako apustua oso egokia dela. Ezinbestean, balantzea oso ona da, gaztelekuak hiriko gazteen erabateko erreferentzia bilakatu direla ikusten baitugu. Are gehiago, gozatzeko eta dibertitzeko tokiak dira, nerabeak harremanetan jartzeko tokiak, eta pertsonaren garapenerako oinarrizko balioak ikasteko tokiak, hala nola elkartasuna, berdintasuna eta talde lana”.

Urtarriletik abendura gaztelekuen erabiltzaileen kopuruan izandako hazkundearen arrazoietako bat askotariko programa bat osatzeko apustua izan zen: sorkuntza eta sukaldaritza tailerrak, hainbat diziplina artistikotako masterclassak, abentura parkeetara egindako irteerak, etab.; neurri handi batean nerabeek beraiek diseinatutako programa bat. Gainera, gaztelekuak badira nerabezaroko berezko interes eta kezkei erantzuteko erreferentziazko laguntza bat ere.

Martindozenea gaztelekua

Nerabeek 2.500 aldiz gehiago erabili zuten Martindozenea Gaztelekua iaz 2023an baino, eta, batez ere, maiatzean eta ekainean erabili zuten.

Gaztelekuetako berezko zerbitzuaz gain, 2022tik aurrera, bada 15 eta 18 urte arteko nerabeentzako espazio bat, eta haren erabilera sobera handiagoa izan zen 2023koa baino, nerabeek orduan 876 aldiz erabili baitzuten, eta, iaz, 1.924 aldiz. Espazio horretarako, berariazko programa bat diseinatzen da, nerabeen behar, proposamen eta kezkak jasotzen dituena, erabiltzaileek zuzenean parte hartzen baitute hura diseinatu eta garatzen.

Artiako gaztelekua

2022ko abenduaren 30ean zabaldu zen, eta, bigarren urterako, erreferentzia bihurtu da Artian eta inguruko auzoetan, 2024an 6.000 gazte inguruk parte hartu baitzuten jarduera eta irteeren programan.

Artiako gaztelekua zabaltzeak Gazteria Arloaren helburu nagusietako bati erantzun zion, alegia, Irungo nerabeen aisialdirako udal ekipamenduen estaldura hedatu eta kualifikatzeari, Irungo Haur eta Nerabeen I. Planaren esparruan hartutako konpromiso bati jarraituz.

Gaztelekuak

Martindozenea gaztelekuak eta Artiako gaztelekuak 12 eta 17 urte arteko gazteen arteko harremanetarako erreferentziazko espazioak izateko helburua dute. Horretarako, gazteen artean emergenteak diren jarduerak antolatzen dituzte, eta aisialdi aktiborako aukera ematen diete nerabeei, beren ekimenak garatzeko zein zerbitzuak berak diseinatzen duen programazioan parte hartzeko aukera.

Era berean, gaztelekuen helburua bada parte hartzeko kultura aktibo eta arduratsua sortu eta zabaltzea ere, gazteak komunitateko subjektu aktiboak izan daitezen.

Bi ekipamenduak asteartetik larunbatera daude zabalik: asteartetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara, eta, ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara. 15 eta 18 urte arteko nerabeentzako espazioa, berriz, ostiral eta larunbatetan bakarrik dago zabalik, 17:00etatik 21:00etara. Aste Santuan eta udan, ordutegia berezia da.

Apirileko programazioa

Jarraian 2025eko apirileko programazioa kontsultatu dezakezu:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude