Unai Amiano pilotari irundarrak irailaren 19an maila profesionalean debutatuko du. Estreinaldiko pilota jaialdia etxeko frontoian jokatuko du: Uranzu frontoian. Jaialdia aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur eta bertan parte hartu dute Irungo Udaleko Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek, Baiko Pilota enpresako gerente Unai Iglesiasekin batera Unai Amiano pilotariak.
Irailaren 19an Uranzu frontoian binakako bi partida jokatuko dira. Lehen partida 19:30ean hasiko da eta bertan Bakaikoa-Morgaetxeberria Senar-Lizeagaren aurka arituko dira. Jarraian, jaialdiko bigarren hitzorduan, Jaka-Imaz Amiano-Iztuetaren kontra lehiatuko dira.
Pilota jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko, Entradas Fronton webgunean, eta 25 euroan, harmailan eta errebotean, eta 30 euroan, kantxan, erosi ahalko dira. Era berean, partiduaren egunean bertan, 18:30etik aurrera, pilotalekuan bertan sarrerak lortzeko aukera egongo da.
Unai Amiano oso pozik azaldu da bere estreinaldi profesionala etxean egiteko aukerarengatik. “Pilotan hasten zarenean beti honaino iristeko helburua izaten duzu, zaila den arren, baina nire kasuan posible izan da azkenean”, adierazi du Amianok. Unai Amianok ezaguna duen Martxel Iztuetarekin osatuko du bikotea bere lehen partidu profesionalean, pilota eskolan elkarrekin aritu baitira. “Kriston partidua jarri didate nire lehen partidua jokatzeko, lehen-lehen mailako pilotariekin, beraz, aukera aprobetxatzeko gogo handiak ditut”, azaldu du pilotari irundarrak.
Unai Iglesias Baiko pilota enpresa gerenteak adierazi duenez, ez da zaila izan Irungo Udalarekin Unai Amianoren debuta etxean izan behar zuela adostea. “Beste herrietan jaialdi honek interesa sortu duen arren, Irunen egingo da azkenean”. Lau jokalari gipuzkoar lehiatuko dira bertan, beraz, inguruko herrietakoak. Iglesiasek Unai zoriondu du, maila profesionalera emango duen saltoarengatik.
Borja Olazabal Kirol ordezkariaren esanetan, Uranzu frontoian egingo den hurrengo pilota jaialdia bereziki hunkigarria izango da hiriarentzat: “Oso harro gaude, irundar batek pilota mundu profesionalera salto egingo duelako eta debuta etxean egingo duelako, beretarren aurrean, itxura bikaineko binakako bi partidako jaialdi batean”. Olazabalek adierazi du, Udalak Unaik maila profesionalean debutatuko zuela jakin zuenetik, estreinaldiko partidua etxean jokatu ahal izateko lan egin duela eta, azkenean, hala izango da.
Txikitako ametsaren estreinaldia
Unai Amianok 20 urte ditu, eta Berako pilota taldean hasi zen pilotan. Gero, Añorgan jarraitu zuen, eta azken urteetan Tolosa Aurrera Pilota Elkartean zaildu da.Ezker aurrelaria da, eta, 2025ean, Biharko Izarrak txapelketa irabazi du, Mallabian, baita Espainiako Txapelketa, Errege Kopa eta Lezamako Torneoa ere.



