USK Garabateando Bidasoa ekimeneko parte-hartzaileek eskualdea zirriborratuz gozatzen dute

USK Garabateando Bidasoa izenpean hilean behin eskualdetik zein urrutiagotik etorritako marrazketa zaleak biltzen dira elkarrekin zirriborratzeko leku baten bila. Hitzordua finkoa da: hilabeteko hirugarren igandean goizeko 11:00etatik 13:00etara. Bakoitzak erabiltzen dituen teknika eta materialak, ordea, askeak dira. Juncal Alfonso dugu marrazkilari topaketa hauen antolatzaileetako bat eta nola funtzionatzen duten azaldu digu.

Nola sortu zen USK Garabateando Bidasoa taldea?

Jarduera hau 2017an hasi genuen, Otzazki galerian. Galeria osatzen genuen artistok espazioa dinamizatzeko tailerrak edo jarduerak antolatzeko beharra ikusi genuen. Bururatu zitzaigun ideietako bat aire zabalean marraztea izan zen, jada galeriaren hasierako urteetan antolatzen zen bezala. Gainera, niri bereziki deigarria egiten zaidan jarduera da. Izan ere, mundu mailan “Urban Sketchers” izeneko mugimendu bat dago, zeinean hainbat estilotako pertsonak elkartzen baitira beren borondatez apunte azkarra edo zirriborroa lantzeko hiriko hainbat lekutan. Gure taldeari “Garabateando” izena jarri genion, zirriborroari ikusgarritasuna emateko eta, horrela, prozesuari eta margotzeko elkartzeari garrantzia emateko, eta ez hainbeste emaitzari.

Beraz, eskualdean errotua dagoen jarduera da?

Bai, jende askok ezagutzen gaitu dagoeneko, eta asko dira edizio bat bestearen atzetik errepikatzera eta parte hartzera animatzen direnak. Hala ere, beste batzuetan, abuztuko topaketa honetan adibidez, jende berri asko batzen da bat-batean taldera eta gurekin batera marraztera animatzen diren lehen aldia izan da batzuentzat.

Taldearen helburua hilabete bakoitzeko hirugarren igandean marraztea da?

Bai, batez ere denok leku jakin batean marrazteko elkartzea. Horrela, edozein pertsona jarduera honetara batu ahal izatea lortzen dugu, non profil eta giro desberdinetako pertsonak aurkituko dituen. Interesgarria da jarduera honek, alde batetik, nolabaiteko ospea duten artistak, eta bestetik, marrazketaren munduan hasi eta apunte azkarraren bidez margotzea nolakoa den frogatu nahi dutenak biltzea. Horrela beraz, ekimen honek hainbat profiletako jendea biltzen du, eta horregatik garrantzi handia ematen diogu elkartzeari, emaitzari baino gehiago.

“Garrantzi handia ematen diogu elkartzeari, emaitzari baino gehiago”

Juncal Alfonso, USK Garabateando Bidasoa topaketen antolatzaileetako bat

Horrela, margotzea ere jarduera soziala izatea lortzen duzue?

Hori da. Izan ere, beste pertsona batzuek gauza bera egiten dute beste hiri batzuetan, eta horrek elkartrukeak egiteko aukera ematen digu. Horri esker, sare bat sortzen ari gara. Gure kasuan, gure elkargunea Bidasoa eskualdea da, baina gauza bera gertatzen da Donostiaren kasuan hileko bigarren igandean edo Baionan hainbat datatan. Horrela, hitzorduak data desberdinetan jarriz, beste leku batzuetara mugitzeko eta jende gehiago ezagutzeko aukera dugu.

Hileroko deialdien datak finkoak direnez, errazagoa izango da jendea parte hartzera animatzea, ezta?

Gure kasuan, deialdiaren data beti da finkoa: hilabete bakoitzeko hirugarren igande guztietan, 11:00etatik 13:00etara. Parte hartzeko benetako interesa duen jendeak beti gordetzen du tartea bere agendan ekimenean parte hartu ahal izateko, eta ezin badu, jada badaki hurrengo hitzordua noiz izango den. Lekua parte-hartzaile ohikoenen artean erabakitzen dugu, eta horretarako, borondatez, bakoitzak hilabete bat aukeratzen du jarduera non egin nahi duen erabaki eta antolaketa lanak egiteko. Parte-hartze aktiboko taldea denez, jendea gehiago inplikatzen da.

Nolakoa da jarduera honetako parte-hartzaileen profila?

Oro har, USK Garabateando Bidasoako parte-hartzaileak helduak izaten dira. Baina, lehen esan dizudan bezala, profil eta ezagutza maila desberdineko jendea elkartzen gara. Bestalde, Garabateandoko kide batzuek pintura eskolak ematen ditugu zenbait akademiatan, beraz, noizean behin gure ikasleak ere animatzen dira topaketa hauetan parte hartzera. Haurrak ere bertaratzen dira gurekin etortzera gonbidatzen ditugunean. Haurren kasuan, 8 urtetik gorako haurrak izatea gomendatzen dugu, baina ez da beharrezkoa bi ordu osoak etortzea, beraien kontzentrazio maila desberdina baita, baina 13:00etan lanak bateratzeko unean parte hartu dezatela aholkatzen diegu, oso aberasgarria baita.

Topaketa hauek zuen ezagutza eta esperientzia partekatzeko aukera emango dizuete, ezta?

Hala da. Gure topaketetan beti errutina bera jarraitzen dugu. 11:00etan elkartu eta gure lekua bilatzen dugu 13:00ak arte marrazteko. Lanak bateratzean, bakoitzak erabiltzen dituen materialak ikusiko ditugu, eta marrazkia nola egin duen galdetuko diogu. Halaber, elkarri laguntzen diogu, norbaitek behar duenean aholkuak partekatuz. Bestalde, edizio guztietara etortzen ez den jendea dagoenez, itzultzen direnean, jada ezaguna duten talde baten parte direla sentitzen dute eta hori ere garrantzitsua da.

Beraz, teknika eta materiala libreak dira?

Horixe. Oro har, jendeak asko erabiltzen du akuarela, baina badira errotuladoreak edo kolore arkatzak erabiltzen dituztenak ere. Izan ere, pertsona berak topaketa batetik bestera material desberdinak erabil ditzake. Azkenean, Garabateandoren helburua hori da, bakoitzak bere buruari erronka txikiak ezartzea, teknika desberdin bat probatzeko arriskua hartzea edo, besterik gabe, gehien gustatzen zaionarekin jarraitzea.

“Garabateandoren helburua hori da, bakoitzak bere buruari erronka txikiak ezartzea”

Juncal Alfonso, USK Garabateando Bidasoa topaketen antolatzaileetako bat

Argazkia: Abuztuaren 18an Real Unión pasealekuan egindako LXXXII. USK-Garabateando Bidasoa saioko parte-hartzaileak. Iturria: USK-Garabateando Bidasoa.

Horregatik, leku berean zaudeten arren, emaitzak oso desberdinak izaten dira, ezta?

Hala da. Batzuetan oso proposamen zehatzekin elkartzen gara, adibidez monumentu baten inguruan. Hala ere, bakoitzak oso modu desberdinean marrazten du, bakoitzak gauzak ikusteko modu ezberdina baitu eta hori oso polita da.

Aire zabalean margotzeak ere baditu bere zailtasunak, gaurko euria bezala.

Azkenean, topaketen ordua eta lekua programatu arren, badakigu beti egon daitezkeela gaurkoa bezalako ustekabeak, euria, alegia. Beraz, bakoitzak bere estrategiak ditu. Batzuek marrazki azkar bat egin eta amaitutzat ematen dute. Besteak, lehen zirriborroak egin ondoren, kafetegian babesten dira marrazkia amaitzeko. Horregatik, marrazteko tokiak aukeratzen ditugunean, beti saiatzen gara kafetegiren bat edo leku itxiren bat egon dadin inguruan babestu nahi dutenentzat; izan ere, bizi garen lekuan bizi gara, eta eguraldiarekin badakigu horrelakoak gerta daitezkeela.

Nola batu daitezke parte hartzeko interesa dutenak?

Sare sozialetan gaude, bai Instagramen, @Uskgarabateando, eta baita Facebooken ere, USK Garabateando Bidasoa. Interesatuak bi plataforma horien bidez jar daitezke harremanetan zalantzak kontsultatzeko edo hurrengo topaketa non eta noiz izango den ikusteko. Horrez gain, WhatsApp talde bat ere badugu, oso interesatuta daudenentzat eta gurekin harreman zuzenagoa izan nahi dutenentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude