Ana Grassetek masterclass bat eskainiko du azaroaren 18an Marrazki eta Pintura Akademian

Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Ana Grasset Ruiz artista madrildarrak masterclass bat eskainiko du azaroaren 18an, larunbatean, goizeko 10:00etatik 14:00etara, Irungo Marrazketa eta Pintura Akademian. Izen emateak azaroaren 7tik  15era arte egin beharko dira Irungo udalaren egoitza elektronikoaren bitartez.

Masterclass-tailerra bi zatitan banatuko da: lehenengoan, margolariak bere obra erakutsi eta azalduko du, eta bigarrenean, parte-hartzaileek lan praktikoa egingo dute, artistaren begiradapean. Ikasleek ondorengo material hauek eraman beharko dituzte masterclassean parte hartu ahal izateko: akuarela-papera, pintzelak, pinturak.

Masterclassa jende guztiarentzat dago irekia, hau da, ez da aurretiazko inolako ezagutzarik behar. Taldea osatzeko, bost lagunek izena eman beharko dute gutxienez, eta hamabost laguneko taldea eratuko da gehienez. Prezioa 21,60 eurokoa izango da.

Masterclassari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 606220417 edo 695752994 telefono zenbakietara edo idatzi pinturamargoa@irun.org helbide elektronikora.

Ana Grasset Ruiz

78ko abuztuan jaio zen, Madrilen, eta orain, El Escorial eta Santander artean bizi da. Arte Ederrak ikasi ondoren, “Erasmus” beka bati esker, Italiara joan zen. Han bi urte igaro zituen eta doktoregoa erdietsi zuen.

Akuarelaren munduan autodidaktatzat du bere burua, nahiz eta Zubelzu, Varela, Lasagabaster, “Kubi”, Coch, Cárdenas, Sanpedro, Jiménez, Castro edo Ben Lahmar bezalako egungo maisuekin trebatu. Bere benetako erreferenteak Antonio Heredero eta Sorolla, Turner, Sargent, Fortuny edo Tapiró margolariak izan dira. Urteak eman ditu eskolak ematen eta pintura azkarreko hainbat sari jaso ditu. Bakarkako zein taldeko erakusketetan parte hartu dut.

Beste teknika batzuk ere erabiltzen ditu,  baina akuarela du gogokoen, berarentzat  poesia hutsa baita. Ondo sentiarazten du eta berarekin identifikatzen da. Azkenaldian, pinturaren eta emozioaren arteko lotura bilatzen du, ikusleari zerbait transmititzen saiatzeko.  Artistaren esanetan, pinturak ez du zerbait estatiko izan behar; aitzitik, tripak hunkitu eta astindu behar ditu pintura egiten duenarengan eta, bereziki, ikusten duenarengan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude