Abian da FICAB Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Zinemaldiko XXV. ediziorako filmak aurkezteko epea. Zehazki, aurten, azaroaren 10etik 15era izango da jaialdia. Irungo Udaleko Kultura arloak Oiasso museoaren bidez jakinarazi duenez, lanak aurkezteko epea 2025eko uztailaren 15era arte luzatuko da.
Nuria Alzagak lehenengo alkateorde eta Kultura ordezkariak aipatu duenez, “FICABaren zilarrezko ezteiak ospatzen ditugu aurten. Arkeologiaren maitaleentzat erreferentzia bihurtu den Nazioarteko Zinemaldiaren 25 urteko historia, sendotutako ekitaldi bat urtero itxaropenekin betetzen duena”. Kultur ordezkariaren hitzetan, “urteurren honen ospakuntzak gure kulturaren apustuan berresten gaitu, eta lanean jarraituko dugu adin guztietako era askotako proposamenak eskaintzeko”.
Filmak aurkezteko baldintzak
Edozein nazionalitatetako pertsonek eta erakunde publiko edo pribatuek ekoitzitako genero guztietako filmak aurkez daitezke (dokumentala, fikzioa, erreportajea, ikerlana…), betiere, edukia arkeologiaren eta teknika arkeologikoen, etnoarkeologiaren, ondare arkeologikoaren eta kontserbazioaren esparrukoa bada.
Filmak formatu digitalean aurkeztuko zaizkio hautaketa-batzordeari, deskargatzeko esteka bat edo dokumentua bera WeTransfer, Dropbox, Drive edo antzeko plataformaren baten bidez bidalita. Obrak helbide elektroniko hauetako edozeinetara bidali behar dira: ficab.oiasso@irun.org edo ficab.oiasso@gmail.com.Filmak ere esteka honen bidez inskribatu daitezke festhome online plataforman.
Sariak
Zinemaldiak bi sail dauzka, ofiziala eta hezkuntzakoa. Inskribatutako film guztiak bi sailetarako kontuan izango dira, zein bere ezaugarrien arabera:
Zinemaldiko sari nagusia: 2.000 euro.
Ikusleen sari berezia: 1.000 euro.
Genero-ikuspegia sustatzeko EITB saria: 1.000 euro.
Hezkuntza saileko saria: 750 euro.
Dibulgazio zientifikoko Arkeolan saria: sari ekonomikorik ez.



