Duela bizpahiru urte Migeltxo Martiarena hainbat bizilagunei bisitan joaten hasi zitzaien, Alardearen inguruko oroitzapenez galdezka. “Gu hiltzean gurekin joango dira bizipen ugari”, esaten zioten bizilagunek. Bada, hori gerta ez zedin bildutako informazio, pasadizo nahiz argazki haiekin liburu bat apailatzera deliberatu zen.
Emaitza euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako lan mardula da. Auzoaz eta auzoan idatzitako estraineko lana dugu.
“Pertsonen bizipenak jaso eta zabaltzea merezi duela uste dut eta, bestetik, Alardearen funtsa eta izaera ezagutarazteko aukera ematen zidan lan hau egiteak”, azaldu zuen egileak aurkezpen ekitaldian.
Migeltxok Ventas konpainiako kapitan dagoen Antton Alzaga izan zuen lagun ekitaldian. Bere iritziz, jasotako material guztiaren argitan “hemendik urte batzuetara lan hau altxor txiki bat izango da”. Halaber, Iñaki Arruabarrena Alarde tradizionaleko jeneralak egindako ahalegina eskertu zuen. “Bai, eskertzekoa da Alardean 365 egunez pentsatzen duen jendea egotea”. “Liburuak sentimenduak biltzen ditu eta Alardea horixe da, sentimendua eta urte guztian zehar lanean diharduen jendea”.
Hiru zati
Liburua 3 zatitan banaturik dago. Lehenengoa euskaraz idatzirik dago, bigarrenak hainbat argazki biltzen ditu eta hirugarrenak euskarazko zatiaren gaztelaniazko bertsioa da.
Hamabi atal dauzka lanak: Konpainia mantentzearen garrantzia, San Martzial Alardearen historia, Alardearen kronologia, Bertan behera uzteko saiakerak, Nola bizi du Alardea gure konpainiak, Zapia Alardean, Sasi Alardea 1939an, Ba al zenekien?, Elkarrizketak, Konpainien zerrenda, Alardeko partaideen kopuruak eta Argazkiak.
Liburuaren 400 aleak honako saltokietan eros daiteke, 15 eurotan: