Zabalik dago Irrisarri Landeko udalekuetan izena emateko epea

Gaur ireki da Irrisarri Land parkeko udalekuetan izena emateko epea. Guztira, 300 toki eskainiko dira. Deialdia 2009tik 2017ra bitartean jaiotako haurrentzat da, urte biak barne. Guztira, astebeteko sei txanda eskainiko dira. Izen ematea egiteko epea martxoaren 21ean itxiko da.

Gaur goizean San Juan plazan emandako prentsaurreko batean Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Ogasun ordezkari Nuria Alzagak eta Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballerok iragarri dutenez, hasia da Irungo haur eta nerabeek Irrisarri Land parkeko udalekuetan izena emateko epea.

Caballerok adierazi duenez, “badakigu urtero-urtero herritarrek oso harrera ona egiten diotela udaleku zerbitzuari. Azkenean, Irungo gazteentzako esperientzia bat da non autonomia, bizikidetza eta elkarren arteko ezagumena lantzen da naturaz inguraturik. Aste bat hainbat ekimenez gozatzeko eta uda bete-betean gozatzeko, eta kontziliatzeko aukera gurasoentzat. Horregatik, urtero-urtero, lan handia egiten dugu udalekuak antolatzeko, badakigu-eta zenbat gozatzen dituzten erabiltzaileek”.

Izena ematea

2025eko martxoaren 1eko Irungo erroldan alta ematen duten haurrek parte hartu ahalko dute programan. Interesdunek Udalaren webgunean eman dezakete izena, baita autozerbitzu terminaletan ere. Fitxa bakoitzean, hiru anai-arrebak, lagunek-eta ere eman ahalko dute izena; betiere, txanda bererako izena ematen badute eta adin talde berekoak badira. Txanda guztiak euskaraz izango dira, data hauetan eta adin hauetako haurrentzat:

  • 1. txanda uztailaren 2tik 8ra arte izango da, 8 eta 10 urte artean dituztenentzat (2015., 2016. eta 2017. urteetan jaiotakoentzat)
  • 2. txanda uztailaren 8tik 14ra arte izango da, 11 eta 13 urte artean dituztenentzat (2012., 2013. eta 2014. urteetan jaiotakoentzat)
  • 3. txanda uztailaren 14tik 20ra arte izango da, 8 eta 10 urte artean dituztenentzat (2015., 2016. eta 2017. urteetan jaiotakoentzat)
  • 4. txanda uztailaren 20tik 26ra arte izango da, 11 eta 13 urte artean dituztenentzat (2012., 2013. eta 2014. urteetan jaiotakoentzat)
  • 5. txanda uztailaren 26tik abuztuaren 1era arte izango da, 14 eta 16 urte artean dituztenentzat (2009., 2010. eta 2011. urteetan jaiotakoentzat)
  • 6. txanda abuztuaren 1etik 7ra arte izango da, 11 eta 13 urte artean dituztenentzat (2012., 2013. eta 2014. urteetan jaiotakoentzat)

Esan bezala, txanda bakoitzean 50 toki eskainiko dira guztira, eta txanda bakoitzeko toki bat behar bereziak dituzten edo instituzioen esku dauden haurrentzat gordeko da.

Egutegia

Aurkezten diren eskaeren artean zozketa eginez erabakiko da nork parte hartuko duten udalekuetan. Zozketarako onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda martxoaren 26tik apirilaren 2ra arte kontsultatu ahalko da, Udalaren webgunean, 010 eta 943 505 152 telefonoetan eta Udalaren autozerbitzu terminaletan, eta, bi egun horietan, egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahalko dituzte interesdunek.

Zozketa apirilaren 7an egingo da, 10:00etan, jendaurrean. Adin tarte bakoitzeko zozketa bat egingo da: bat 8-10 urtekoen txandetarako, beste bat 11-13 urtekoen txandetarako eta beste bat 14-16 urtekoen txandarako. Emaitzak apirilaren 10etik aurrera kontsultatu ahalko dira, Udalaren webgunean, 010 eta 943 505 152 telefonoetan eta Udalaren autozerbitzu terminaletan.

Azkenik, apirilaren 28tik maiatzaren 9ra artekoa izango da behin betiko izena emateko epea. Behin prozesua bukatuta, bilera bat egingo da udalekuetara joango direnen gurasoekin, programari buruzko informazio guztia emateko.

Ahalmen ekonomikoetara egokitutako ordainketa

Udal zerbitzuak jasotzeko edo udal jardueretan parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza onartu berriaren arabera, jardueren guztizko prezioaren ordainketa erabiltzaileen ahalmen ekonomikoan (errentan eta ondarean) oinarrituko da.

Beste baldintza batzuk ere hartuko dira kontuan, kenkari jakin batzuk aplikatzeko (desgaitasuna, bizikidetza unitateko adingabeak, etab.). Horrela, lau tarifa tarte izango dira:

  • 1.a, 15.120 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren % 5 (10 euro)
  • 2.a, 23.188 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren % 35 (70 euro)
  • 3.a, 29.096 eurotik beherako errenta dutenentzat, tarifaren % 75 (150 euro)
  • 4.a, 29.096 eurotik gorako errenta dutenentzat, tarifaren % 100 (200 euro)

Alzagak nabarmendu duenez, “gizartea ahalik eta ekitiboena eta bakoitzaren ahalmen ekonomikoarekin ahalik eta justuena izateko formulak bilatzen ditu Udalak, etengabe. Zerbitzu publikoak ahalik eta irisgarrienak izatea nahi dugu, Irun bizi proiektu sendoa eraikitzeko moduko hiria izateko”.

2025ean, beste zerbitzu batzuetan ere aplikatuko da sistema, hala nola haur txokoetan, AbenturaEROn, udalekuetan, Eskola Kirola programan, Marrazketa Akademian, Zeramika Tailerrean eta Kontserbatorioan.

Beraz, zerbitzu bakoitzean izena ematerakoan, bi eskaera egin beharko dira:

  • Dagokion zerbitzuan bertan izena emateko eskaera
  • Zerbitzuaren prezioaren ordainketa ahalmen ekonomikoaren araberakoa izateko eskaera –behin eskaera hau eginda, ez da berriro egin beharko beste zerbitzu batzuetarako–

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude