
Zaisa Txingudi taldeak bere bolada txarrarekin amaitu du. Lehenengo zati eskasa egin ondoren, mugakoek garaipena erdietsi zuten lau entsegu eginez atsedenaldiaren ondoren
Zaisa Txingudiren hamabostekoan André Ferreira, Aitor Asurmendi, Jon Sanchez, Iñaki Cano, Iker Tejero, Asier Amigo, Imanol Rodriguez, Asier Gonzalez, Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Koldo Segurola, Juan Carlos Lora (kapitaina), Ekain Hiribarren, Jon Mediavilla eta Eneko Martinez hasi ziren. Unai Cano, Joao Costa, Xabi Sánchez, Peio Castellano, Julen Iglesias eta Alejandro Lasa aulkian hasi zuten norgehiagoka.
Hiru jardunaldi zeramatzan Zaisa Txingudi garaipenik lortu gabe eta sailkapenean behera hasia zen taldea, hortaz, Gaztediren aurka puntuak eskuratzea are garrantzitsuagoa zen Marco Duffreche eta Iñigo Camarerok zuzendutako mutilentzat.
Hala ere, Txingudi zelaian joko hobea erakusten ari bazen ere, urduritasunak baloiaren jabetza ez aprobetxatzea eragin zien. Aldiz, gasteiztarrak bere lana egin zuten, etxekoen zelaian minutu luzez jokatuz. Indarrak parekatuak egon ziren hogeita hamabosgarren minutura arte, non epaileak zigor entsegu bat eman zion Gaztediri entsegu-eremuan barnealdia zigor kolpe batekin geratzen saiatu baiziren Txingudiko jokalariak (0-7).
Atsedenaldia nerbioak baretzeko balio izan zien Plaiaundiko jokalariei eta bigarren zatian bere aurrelarien indarra aprobetxatzeko ideia argiarekin atera ziren. Honela, bigarren zatia hasi eta bi minutuetara, Joao Costak lehenengo marka lortu zuen ezker hegalean (5-7). Zazpi minutu geroago, aurrelariekin, berriz, jokatutako touch baten ostean, Asier Gonzalezek entsegua eskuratu zuen emaitza iraultzeko, “Lutxo” Echevarriaren ostikadarekin batera (12-7).
Zaisa Txingudiren saiakerak ildo beretik jarraitu zuten, aurrelarien indarra defentsa zulatzeko aprobetxatuz. 60. minutuan, aurretik balio izan zien jokaldia errepikatuz, touch-maul batetik atera zen Julen Iglesias defentsan abagunea aurkitu eta bere lehenengo entsegua lortzeko (17-7). Gaztedik ez zuen asmatzen Txingudiren jokaldiak gelditzera eta etxekoak ez zuen aukera galdu. 75. minutuan, aurrelariek kateatutako hainbat fase egin ondoren, Iglesiasek bere bigarren marka lortu zuen, Echevarriak eraldatu zuena, eta 24 eta 7koa jartzeko markagailuan.
Hala ere, partida ez zegoen inondik inora amaituta eta, azkeneko jokaldietan, Gaztedik aurrera egin zuen markagailuko aldea murriztera. Beltz eta txuriek defentsan gogor aritu ziren, baina hainbat zigor kolpe egin ere, hiru txartel hori jasoz azkeneko hamar minutuetan. Gasteiztarrek, 80. minutua bete berria zegoenean, entsegua egin zuten amaierako 24 eta 12koa lortuz.
Garaipenarekin, Zaisa Txingudik sailkapeneko laugarren postura igo da 15 punturekin. Bere hurrengo aurkaria, hain zuzen ere, hirugarren sailkatua da, Beltzak, 17 puntu dituena. Aukera paregabea izango dute datorren larunbatean, 15:30etatik aurrera Lasarte-Oriako Izar Beltzak zelaian urtea hirugarren postuan amaitzeko.
Askotariko emaitzak harrobian
Txingudiren harrobiko talde guztiek partidak izan zituzten pasa den asteburuan. Gabiria Txingudi/Baztan 18 urtez azpikoak denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen Iruñearen aurka Plaiaundin, markagailua azken minutuetan irauliz 22 eta 19koa lortzeko.
Txingudi/Orereta/Baztan 16 urtez azpiko taldeak, aldiz, berdinketa lortu zuen Ordizian. Etxekoek amaierarako hamabost minutu falta zirenean, 33 eta 12 ari ziren irabazten. Mugakoen erreakzioak partida 33ra berdintzeko balio izan zien.
Txingudi/Orereta/Baztan 14 urtez azpikoak, bestalde, ezin izan zuen La Unica garaitu Iruñean eta 39 eta 15eko emaitzarekin amaitu zuen bere norgehiagoka.
Eskola, azkenik, Arrasaten aritu zen igandean aparteko jokoa erakutsiz partida guztietan.



