15 urte beteko ditu Ondarek bere jardueraren bitartez hiriko kultura eta ondarea sustatzen

Irungo kultur eta aisialdi eskaintza aberasteko helburuarekin jaio zen Ondare Kultur Elkartea, eta aurten, ilusio berdinarekin, 15. urteurrena ospatuko dute. Erraldoi konpartsa xume gisa abiatuta, elkartea hiriko ondarearen eta historiaren lekuko eta sustatzaile bihurtu da, Inauterietan, Gabonetan zein bestelako jaietan parte hartuz. Honen guztiaren errepasoa egin digu urteurrenaren harira Iñigo Mangas Ondare elkarteko lehendakariak.

Zein izan zen Ondare Kultur Elkartea sortzeko pizgarria?

Ni animazio soziokulturalaren ikasketak egiten ari nintzen eta ikasketak amaitzeko lan bezala elkarte bat sortzeko proiektua egin nuen. Irakasleak oso nota ona jarri zion proiektuari eta gomendatu zidan proiektu hori aurrera eramatea. Elkartea erraldoi konpartsarekin hasi zen. Erraldoi konpartsa tradizionalak oinarri hartuta, nik nire proiektuan beste bueltatxo bat eman nion, gazteei aisialdi aukera berriak eskaintzeko ideiarekin, Irunen gabezia hori antzeman ostean. Ideia horrekin aurrera egiteko lagun talde bat elkartu ginen eta lanean jarri ginen.

15 urteren ostean, elkartearen jarduera asko eraldatu da?

Bai, soilik erraldoiekin hasi ginen. 2011ean, hasi ginenean, oraindik ez genituen gure erraldoi propioak eta Azpeitira lehen irteera egiteko garai batean Bidasoako Txarangarena zen erraldoi bikote bat erabili genuen. Bertan lortutako diruak aukera eman zigun gure erraldoi propioak sortzeko. Ordutik, gauzak asko aldatu dira eta orain ekintza askotan parte hartzen dugu, bide luzea egin dugulako honaino iristeko.

Bestelako elkarteen antzera, zuenean ere boluntario lana funtsezkoa da, ezta?

Hori da gure oinarria. Hemendik kanpo denok dugu gure lana eta, beste asko, ikasleak dira oraindik, beraz, bai, ezinbestekoa zaigu bolondresen lana.

“Elkartearen 15 urteurrenaz gain, aurten 10 urte beteko ditugu Sardinaren Ehorzketan parte hartzen”

Pixkanaka erraldoien konpartsa osatzen joan zarete, txikien artean gaur egun moda-modakoa den zerbait.

Hemen Irunen izugarrizko zortea daukagu, guztira, 3 erraldoi konpartsa garelako. Beraz, hirian erraldoi pila daukagu. Nik uste Euskal Herrian erraldoi gehien dauzkan hirietako bat garela. Oraindik jendeak jeneralaren eta kantineraren erraldoiak dauzkan konpartsa izateagatik ezagutzen gaitu, baina elkartearen jarduera haratago doa. Elkartearen 15. urteurrenaz gain, aurten 10 urte beteko ditugu Sardinaren Ehorzketan parte hartzen. Gabonetan hainbat ekitaldi egiten ditugu, adibidez, Erregeen Kabalgatan parte hartzen dugu. Erraldoien munduarekin oso loturik gauden arren, askoz ere gauza gehiago ditugu.

Urtean zehar, zein beste ekintzetan ikusiko zaituztegu?

Urteko lehen hitzordua Errege Magoen etorrera izaten da, 2012an hasi ginen bertan parte hartzen. Inauterietan ere parte hartzen hasi ginen, lehenik Hondarribiko desfilean, eta gero, Udaletxetik Irungo Inauterietan beste elkarte batek utzitako hutsunea betetzeko gonbidapena jaso genuen arte. Erraldoi konpartsarekin urtean zehar hainbat irteera egiten ditugu. Horretaz gain, beste elkarteekin kolaborazio asko eta asko ditugu.

15 urte hauetan, zein izan da elkarteak orain arte bizitako unerik bereziena?

Zaila da horri erantzutea, momentu bereziak asko izan direlako. Erraldoien konpartsa jenerala eta kantineraren irudiekin eta 4 buruhandiekin hasi genuen. 2018a elkartearen hazkundea benetan nabaritu genuen unea izan zen. Elkarteak lokala utzi zigun erraldoientzako, erraldoi berriak sortzeko aukera eman ziguna: amabitxia, trenbideetako langilea, hatxeroa, lastargina, Elgorriagako langilea eta Irugurutzetako meatzaria. Gainera, Amaia antzokian horiek aurkezteko ikuskizun polita prestatu genuen, Irungo beste elkarte batzuen laguntzarekin.

Kultura elkartea izateaz gainera, hiriko ondarearen eta historiaren lekuko ere bazarete.

Elkartearen helburuetako bat izan da hasieratik. Oso argi genuen, Irungo elkarte bat izanik, hiria bera ere kultura eta historia dela ulertzen dugulako. Hiritarron identitatea eta izaera gure historiak eta kulturak ematen digute. Elkartetik antolatzen ditugun ekimen gehienetan, haurrentzako Disney pertsonaiak kenduta, beti saiatzen gara Euskal Herriko historiara eta kulturara egokitzen. Esaterako, Gabonetan haurrentzat antolatutako ekintzetan bertako ondareari keinuak egiten saiatu gara, beti egiten dugun bezala, Irunen izena aurrean jartzeko.

“Oso argi genuen, Irungo elkarte bat izanik, hiria bera ere kultura eta historia dela ulertzen dugulako”

Urtean zehar, 15. urteurrenarekin loturiko ekintzak antolatzeko asmoa duzue?

Orain gutxira arte topera ibili gara Gabonetako ekintzekin, baina ideia pilo bat dugu. Jada gure sare sozialetan 15 urte bete ditugula iragarri dugu eta aurreratu dugu gure asmoa erraldoien erakusketa bat izango dela. Orain dela urte dezente hasi ginen erakusketa hau prestatzen, baina ez da erraldoien erakusketa soila izango. Gure konpartsaren erraldoi guztiak bilduko ditu, hiriko historiarekin elkartuz. Erraldoi bakoitzaren pertsonaia hartu eta horiekin lotura duten elementu ezberdinak bildu ditugu: Chocolates Elgorriaga txokolate bilgarriak eta kutxak edo Bidasoako edo Real Unióneko kamiseta historikoak. Bestetik, hainbat ipuin sortzen ari gara eta horretarako Irungo beste eragileekin ari gara lanean. Gure ideia da aurten behintzat haurrentzako ipuin bat ateratzea. Era berean, Sardinaren Ehorzketaren 10. urteurrenarekin loturik, hor ere zerbait berezia egin nahi dugu, agian, jantzi edo mozorro berri edo bereziren bat. Ideiak baditugu, baina aurrekontuaren arabera, gauza gehiago edo gutxiago egingo ditugu.

Zentzu horretan, elkartera batzeko edo laguntzeko modurik dago?

Aipatu dizudan bezala, orain, Gabonen ostean, ari gara gauza hauek prestatzeko topera lanean. Orain ideiak paperera jaisteko unean gaude eta Irungo Udaletxearekin bilera bat egitekoak gara. Bertan zehaztu behar dugu non egingo den erakusketa eta zein datetan. Horretaz gain, ideia gehiago ere badauzkagu eta, beraz, laguntzeko prest dagoen edonor izango da ongietorria elkartean. Gurekin harremanetan jarri daitezke gure sare sozialetara edo emailera idatzita.

Orian arte egindako guztiaz gain, ba al duzue etorkizunerako proiektu asmo berririk oraindik?

Asko. Egia da, gure erraldoi konpartsak momentu honetan 15 erraldoi dituela. Orain dela 3 urte oker ez banago, Real Unióneko erraldoia aurkeztu genuen eta erraldoi horri bikote bat jartzea falta zaigu. Seguruenik urte honetan zehar lortuko dugun zerbait izango da eta horrekin jada erraldoi konpartsa guztiz itxiko genuke. Beraz, gure hurrengo ametsa konpartsa amaitu eta horrekin aurrera egitea da.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude