2025ko Gabonek 8 eta 9 puntu arteko balorazioa jaso dute irundarren partetik

Irungo Udalak 2025eko Gabonetako inkestaren emaitzen berri eman du. Gabonetako kanpainak oso balorazio ona lortu du berriro ere hiritarren partetik; zehazki, 8 eta 9 puntu arteko gogobetetasun-maila lortu du, eta, hiritarren ustetan, programazioa turistak erakartzeko eta hiriko komertzioa sustatzeko balio du.

Irungo Udalak hiritarren iritzia ezagutzeko kanpaina hau egiten duen laugarren urtea da hau, baita hobetu beharreko arloen inguruko proposamenak jasotzeko ere. Horixe bera jakinarazi dute gaur goizean Nuria Alzagak, alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkariak, eta Jon Ugartek, Gobernu Irekiko eta Herritarren Arretako ordezkariak, Udalak 400 pertsonari egindako inkesta telefonikoaren arabera.

Nuria Alzagaren hitzetan, “datuek ez dute soilik balorazio altua islatzen; hiri gisa bultzatu dugun estrategia emaitzak ematen ari dela islatzen dute.  Alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkariak azaldu duenez, Gabonetako programazioa ez da soilik jardueren agenda bat, “kalean bizitza sortzeko, gure tokiko merkataritza bultzatzeko eta Irun barrutik kanpora proiektatzeko apustua da”.

Bestalde, Jon Ugartek honako hau adierazi du: “Urtero, inkesta hauei esker, ikusi ahal izan dugu hiritarrek oso iritzi ona daukatela Gabonetako programazioarekiko. Noski, jakin badakigu gauzak hobetu daitezkeela. Aurten ere balorazio bikaina jaso dugu, baina Udalean anbiziotsuak gara eta ez dugu bertan gelditu nahi”. Beraz, lortutako datuak aztertu, hobetzeko alderdiak aurkitu eta datozen kanpainak indartzeko konpromisoa hartu du Gobernu Irekiko eta Herritarren Arretako ordezkariak.

Gabonak datuetan

Telefono bidezko inkesta urtarrilaren 8tik 23ra arte egin zen. Zortzi galderak osatu zuten, eta Irunen bizi diren 18 urtetik gorako 400 pertsonak erantzun zieten (% 5eko errore-marjina eta % 95eko konfiantza-mailarekin).

Gabonetako kanpaina honek 117 aktibitate izan ditu 39 egunetan zehar. Eguraldi txarra izanda ere, den-denak burutu ahal izan dira. Horrekin batera, 19 ekimen egin dira kultura-ekipamenduetan, non 6.700 lagun baino gehiago bertaratu baitira.

Programa parte-hartzailea

Gabonetako ohiko aktibitateek eduki dute, beste behin, parte-hartzerik handiena. Inkestako datuen arabera, Zabaltza Plazako Gabonetako merkatuak parte-hartzaileen ehunekorik handiena eduki du berriro, inkestatuen % 67,8k adierazi baitu bertara joan izan dela jaietan zehar. Izotzezko pistetan, bestalde, % 60,3 egon eta/edo ibili ziren, eta egindako kalejiretan % 52,2 izan ziren.

Hiritarrek honako hiru ekintza hauei eman dizkiete puntu gehien: Amaia KZn egindako ‘Irun Hiria’ Musika Bandaren kontzertua (8,9); adinekoen zentroetan egindako aktibitateak eta tailerrak (8,9); eta San Juan plazan egindako eguberri kanten kontzertua. Horien ondoren datoz Martindozenea eta Artiako gaztelekuetan egindako aktibitate eta tailerrak (8,7); Olentzero eta Mari Domingiren etorrera (8,6) eta Errege Magoen desfilea (8,6).

Hiriko ekonomiarentzako pizgarria

Inkestari erantzun diotenen % 95,3ren ustez, Gabonetako jarduera espezifikoen egitarau bat prestatzea aisialdia hirian eman eta gozatzeko erakargarria da irundarrentzat. % 85,7ren ustez, oro har, hiriko ekonomia hobetu eta bizkortzen du; eta, % 83,6ren ustez, inguruko udalerrietako turista eta bisitariak erakartzeko balio du. Nuria Alzaga ordezkariaren arabera, “herritarren % 85ek baino gehiagok Gabonak merkataritzaren eta tokiko ekonomiaren bultzadarekin lotzen dituztenean, hirian benetako eragina duen politika publikoaz hizketan ari gara”.

Eguberrietako apaingarri eta argiei dagokienez, bestalde, % 89,3ri aurtengo instalazio guztia gustatu zitzaien. Zehazki, % 74,5ek gustuko du eta uste du nahikoa dela; % 14,8ren ustez, ordea, gustuko izan arren, ez da nahikoa eta hiriko beste eremu batzuetara hedatu beharko litzateke.

Oinezkoak nagusi

Eguberrietan, inkestari erantzun diotenen % 71 inguru oinez sartu ziren hiriko erdialdera; % 10,8, ibilgailu partikularrean; % 12,8, garraio zerbitzu publikoetan; eta % 0,8, bizikletan, motoan edo patinetean. Herritarren % 1,8, aldiz, ez ziren sartu ere egin. Alzagaren hitzetan, datu horrek “finkatzen ari garen hiri-eredua indartzen du, zentro irisgarri, bizi eta pertsonentzat pentsatua”.

Aurreko urteetan bezala, arratsalde batzuetan, kalean antolatu ziren jarduera eta ikuskizunak zirela-eta, Colon ibilbidea oinezkoentzat erreserbatu zen. Bada, inkestari erantzun diotenen % 74k ontzat jo dute kalea ixtea: hain zuzen ere, % 66,3 bat etorri dira, eta neurria egokitzat jo dute, eta % 6,8k, gainera, maizago hartu beharko litzatekeela iritzi diote; aitzitik, % 14,3k kontrako iritzia eman dute; eta, azkenik, % 11ri berdin izan zaie.

Egitarau ezagunagoa

Inkestaren arabera, hiritarrek Gabonetako egitaraua ezagutzen dute oro har, batez ere ohiko ekintzei dagokienez (hots, eguberrietako merkatua, izotz-pistak, desfilea, Gabonetako argiak piztea eta Olentzero eta Mari Domingiren etorrera), % 70 baino gehiagok ezagutzen baitituzte.

Aitzitik, jarduera espezifikoagoak, hala nola tailerrak edo gazteentzako eta adin handiko pertsonentzako ekintzak, ez dira hain ezagunak.

Hobetzeko prest

Programatutako jarduerei buruzko galderek ez ezik, inkestaren bukaeran, urtero, galdera ireki bat egiten da, jakiteko herritarrek egitarauaren barruan zer beste jarduera sartuko lituzketen.

Ildo horretan, aurten hainbat proposamen jaso dira, eta horien artean nabarmenenak dira, besteak beste, Gabonetako merkatua indartzea, Gabonetako argi gehiago jartzea auzoetan, gauetako autobusen ordutegia handitzea, eta adin ezberdinentzako aktibitate espezifiko gehiago egitea.

“Inkesta hau ez da azkeneko puntua, hobetzen jarraitzeko tresna baizik. Entzuteak esan nahi du herritarren iritzia erabaki zehatz bihurtu behar dela hurrengo edizioetarako, eta horretan jarraituko dugu lanean “, amaitu du Nuria Alzagak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude