2026ko lehen urte erdirako agendak publiko guztientzako emanaldiak dakartza

Irungo Udalak 2026ko urteko lehen erdian CBAn emango diren kontzertuen berri eman du gaur. Bertan Javier Vargas Blues Band, Susan Santos, Sanguijuelas del Guadiana eta Marte Lasarte eta SUA dira kartelburu, eta Corta el Cable Rojo, Eva Soriano edo Jon Plazaolaren umorearekin eta dantza garaikidearekin eta Proyecto Larrua edo Iker Carrera euskal koreografo eta dantzariaren antzerkiarekin osatuko da. Interesa dutenek dagoeneko sarrerak eros ditzakete udalaren webgunean.

Horrela, programazioaren barnean proposamen sorta bat eskainiko da datozen hilabeteetan, dagoeneko finkatuta dauden taldeak eta suspertzen ari diren talentu berriak konbinatzen dituena. Horiei esker, CBA eta Amaia KZ izango dira epizentroa, musikari eta kulturari dagokienez. Hori guztia, herriko talentua ahaztu gabe. Jakes Txapartegi pianista gaztearen kontzertua izango da programazioaren erakargarritasun handienetako bat, bere mugak gainditu izanaren eta ausardiaren eredu dena.

Horren guztiaren berri eman dute gaur Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kultura ordezkariak eta Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak, Eunate Encinas arloko zuzendaria eta Irati Redondo GazteARTEaneko arduraduna lagun dituztela.

Alzaga ordezkariak azpimarratu duenez, “kultura programatzen dugunean pertsonengan pentsatzen dugu: hunkitzen dituen, inspiratzen dituen eta hiri honen parte sentiarazten dituen horretan. Oreka bilatzen dugu, gure memoria kolektiboaren parte den hori, eta harritu eta hazten lagunduko diguten ahots berriak konbinatuz. Irungo pertsona bakoitzak programazio honetan leku propioa, momentu bat aurkitzea nahi dugu, partekatzen dugun kulturan gozatzeko eta elkar ezagutzeko”.

Bestalde, Caballerok azpimarratu duenez, “datorren urtean gazteek ere protagonismoa izango dute Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Aurkezten ditugun proposamenak askotarikoak dira eta haien eskarietara eta gustu musikaletara egokitzen dira. Hiriko eta, bereziki, areto eszenikoko espazioaren proposamen berri honek gure hiriaren erdigunean gazteen arteko erreferentzia, topaketa eta sinergien elkartrukerako leku bilakatuko dela agintzen du”.

Urteari hasiera gorena

Urtea Amaia KZn hasiko da kultur errepertorioko ohiko hitzorduekin, hala nola urtarrilaren 2ko Luis Mariano Elkarte Lirikoaren Urte Berriko Kontzertua, urtarrilaren 3ko EAN (Espektro Autistaren Nahasmendua) duten pertsonentzako egokitutako zine saioa edota urtarrilaren 30eko ‘Eternamente ABBA’ Irun Hiriko Musika Bandaren omenezko kontzertua.

Musika programazioak indartsu ekingo dio CBAn ere, urtarrilaren 10ean Javier Vargas Blues Band eta Susan Santos izango baitira kontzertua ematen, Estatuko eta nazioarteko blues-rockaren erreferenteak. Blues, rock, sustrai latinoa eta musika amerikarraren fusio indartsua konbinatzen duen ibilbide luzea dute eta presentzia eszeniko magnetikoa sortzen dute.

Aurrerago, urtarrilaren 31n, CBAk Hatxe & Eneritz Furyak taldearen kontzertua hartuko du. Bi sortzaile horiek sentsibilitatea, esperimentazioa eta elektronika uztartzen dituzte, piano intimoa eta tradizioa eta abangoardia nahasten dituen ahotsa lotzen dituen proposamen batean, eta horrek, adierazpen artistiko berrietan arakatzeko eta gure hirian bultzatzeko apustua indartzen du.

Eszenari dagokionez, Jon Plazaola aktore eta umoristak bakarrizketa bat eskainiko du urtarrilaren 16an CBAn, 30ean Proyecto Larrua iritsiko da, break-dance eta egungo lengoaia eszenikoen arteko lotura aztertzen duen dantza garaikideko konpainia, eta hilaren 31n amaiera emango dio San Juan plazako Loratzen zirku ikuskizunari.

Otsailean aurrera

Otsailaren 7an, Ana Arsuagaren txanda izango da, Verde Pratok hezurmamitzen duen ahotsa eta gorputza. CBAra bertaratuko diren ikusleek gozatu ederra hartuko dute artista tolosarrarekin, paisaia, punka, folka, edertasuna, maitasuna, askatasuna eta kolektibotasuna uztartzen dituen adierazkortasun paregabeari esker.

Bestalde, otsailaren 21ean, Amaia KZk Iker Karrera euskal koreografo eta dantzariaren The Room Where It Happens lana jasoko du, 2025eko Dantza Garaikideko Koreografia Onenaren Godot Sariarekin.

Otsailean oraindik, hilaren 27an kontzerturik esperotakoenetako bat iritsiko dela nabarmendu behar da, eta herritarrentzat hunkigarrienetako bat ere bai. “Piano baten inguruan” izenburupean, kontzertua baino haratago doan ikuskizuna da, Jakes Txapartegi piano-jotzaile gaztearen bizi-bidaia kontatzen baitu, Esther Barandiaran eta Iñaki Salvador lagun dituela.

Jakes hondarribiarraren istorioa pasio eta gainditze istorio bat da, izan ere, itsua izateak izaera bizi eta erresilientea markatu dio. Zalantzarik gabe, musika, oro har, eta pianoa, bereziki, lehen mailako sormen eta konexio emozionaleko tresnak izan dira berarentzat, eta pertsona eta artista gisa garatzen lagundu diote.

Martxoa umorez eta musikaz beteta iritsiko da

2026. urteko hirugarren hilabetea umorez beteta iritsiko da, FemissimasCBAn, bat-bateko show-a eta Corta el Cable Rojoren antzerki- eta komiki-esperientzia, eta Eva Sorianoumoristaren bakarrizketa Amaia KZn.

Martxoaren 28an, EZEZEZ taldeak joko du CBAn, prentsa espezializatuak egungo euskal eszenaren proposamen interesgarrienetakotzat jotzen duen rock taldea. Taldea, jatorriz Bilbokoa, indartsu sartu da eszenan, 2021ean sortu zenetik, Estatuko panorama independentearen oinarriak astinduz, kalitatez, originaltasunez eta jarrera ezin hobez betetako proposamenarekin, eta ziur aretoko publikoa hunkituko duela.

Gainera, hilabetea antzerkiarekin, familia ikuskizunekin eta dantzarekin osatuko da bi espazioetan (Amaia KZn eta CBAn), eta 31ean Pianoaren Nazioarteko Egunaren ospakizun berezi batekin amaituko da, hiriko hainbat gunetan publikoa harrituko duena.

Publiko gaztea, erdigunean

Askotariko musika-programazioa eskaintzea da CBAren espazio berriaren zutabeetako bat, eta, horregatik, gazteek lau kontzertu eskainiko dituzte urtarriletik maiatzera bitartean.

GazteARTEan musika programazioa urtarrilaren 24an hasiko da Marte Lasarte eta SUA taldeekin. Marte Lasarte proiektua, Borja Anton eta Pello Armendarizen arteko batasunetik sortutakoa da. Skakeitan proiektuan 15 urte elkarrekin eman ondoren, indarrak batu zituzten berriro proiektu berri honetan, beste bi kide berrirekin batera: Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (Skakeitan, ETS, Tierra Santa, Gari, etab.).

Horrela, Marte Lasartek agertokia partekatuko du SUA bandarekin, Maruriko (Bizkaia) rock alternatiboko banda, hain zuzen. Talde horrek post-punkaren energia gordina melodia indartsu eta itsaskorrekin nahasten du, eta, euskaraz eta ingelesez abestuz, Euskal Herriko eta nazioarteko erreferentziazko talde gisa sendotu da.

Otsailaren 28an, Extremadurako Sanguijuelas del Guadiana taldearen txanda izango da. Urte hauetan, besteak beste, Extremoduro, Triana, Estopa eta Nirvana talde mitikoen abestiak interpretatu dituzte beren erara. Orain, haien asmoa irmoa da: talde bezala sendotzea eta beren abesti propioak konposatzera dedikatzea.

Martxoaren 14an musika urbanoaren txanda izango da, Iñigo Martinez de Nanclares Tinez rapero, abeslari eta konpositore donostiarraren eskutik. Azkar irabazi duen ospeari esker, Madrilen, Segovian eta Donostian egindako kontzertuetan ‘Sold out’ kartela zintzilikatzeko gai izan da.

Azkenik, maiatzaren 30ean, Igotz Mendez HOFEk, underground eszenan oso ezagun egin dena eta artista moldakorra, proposamen alternatibo, sortzaile eta erabat berezia eskainiko du CBAn.

Gainera, aipatzekoa da Sanguijuelas del Guadiana, Tinez eta HOFE taldeen kontzertuetan tokiko DJak ere arituko direla, horrela, hiriko talentuari bultzada ematen jarraituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude