GazteARTEan Irungo Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eskutik, abenduaren 13an, goizez, gazte irundarrei GazteARTEan espazioa aurkezteko festa bat egingo da, CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Sorkuntza tailerrak, txokolate dastaketa eta umorezko show bat egingo dira, besteak beste. Tailerretan parte hartu nahi dutenek Udalaren webgunean eman dezakete izena.
Gazteentzako espazio berria hau CBAn bertan dago. Espazioa inauguratzeko GazteARTEan On Air izenburuko festa bat egingo da. Festa 18 urtetik gorako gazteentzako sorkuntza jarduerak proposatuko ditu, Konekta, AsexoraT eta IGazte zerbitzuek antolatutakoak. Ekintzak goizeko 11:00etan hasi eta eguerdiko 14:00ak arte luzatuko dira.
Ekintzen egitaraua
Goizeko lehen ekintzak 11:00etatik 13:00etara egingo dira eta hainbat sorkuntza tailer egingo dira: zeramika, fanzineak eta artilezko ipuinak, guztiak Saguxar DJ irundarrak girotuta. Undermount kultur elkarteak, Maite Caballero ilustratzaileak eta Miriam Loidi diziplinarteko artista irundarrak emango dituzte tailerrak, hurrenez hurren. Tailerretan parte hartzeko toki kopurua mugatuta izango da, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko. Gainera, parte hartu nahi dutenek tailer bakarrean eman dezakete izena.
Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara txokolate dastaketa egingo da, baina bertan parte hartzeko ez da izen ematerik egin behar. Jarraian, Maria Blancok inprobisazio showa eskainiko du, aperitiboarekin batera. Maria Blanco Barre librea telesaioan bakarrizketari aritzen da, EITBn, eta Irungo gazteentzako zerbitzu berriaren inguruan jardungo da bere emanaldian.
GazteARTEan espazioa
Gazteek beren interes, nahikari eta ametsetan oinarritutako proiektuak garatzeko programak bultzatzen ditu, gazteek parte hartzeko, esperimentatzeko eta proposamen berriak sortzeko moduko giroa sortuta, eta, horretarako, 18 urtetik 30era bitarteko gazteei zuzeneko arreta emateko zerbitzuak hartzen ditu barnean (IGazte, Konekta, etab.), baita aholkularitza zerbitzu espezializatuak ere (adibidez, AsexoraT).
Egoitza berria asteartetik larunbatera dago zabalik, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era. AsexoraT zerbitzua, berriz, ostegunetan ematen da, arratsaldez, eta hileko lehenengo larunbatean, goizez.
Horrela, bitartekaritza, informazioa, aholkularitza eta lagun egitea ditu oinarri, eta gazteen artean eta gazteen eta Udalaren artean harreman eta konexioak sortzea bultzatzen du, konplizitate eta sinergiak sortzeko.
Konekta 16 urtetik 25 urtera bitarteko irundarrentzat da, eta, haren bidez, bi bitartekari gaztek gazteen ekimenei eta berauen garapenari bultzada ematen diete, gazteekin beraiekin batera. Lanerako ardatzak talentu emergentea babestea eta parte hartze aktiboa sustatzea dira, bai zentro berrian eta osatzen duten guneetan bertan, bai hiriko gazteen giroan.
AsexoraT zerbitzuak, berriz, heziketa sexual eta afektiboa lantzen du, errespetuzko heziketa sexual eta afektibo arduratsu eta osasungarria sustatzen, oinarrizkoa den aldetik gazte irundarren garapenean. Hain zuzen ere, zerbitzu horrek estreinatu du GazteARTEan-en egoitza berria, baina, aurrerago, litekeena da aholkularitza zerbitzu gehiago ematea bertan: kulturalak, emantzipazioaren ingurukoak, sozialak…
Azkenik, IGazte Gazteentzako Informazio Bulegoa zerbitzu publiko eta doakoa da, eta informazioa eskuratzeko aukera berdintasuna bermatzea du helburu nagusitzat.



