Ostiral honetan estreinatuko da Gabonetako zuhaitzaren argi eta soinu ikuskizuna

Ostiral honetan, abenduaren 5ean, estreinatuko da Jenaro Etxeandia plazan jarritako Gabonetako zuhaitzaren  argi eta soinu ikuskizuna; Eguberri hauetako proposamen berrietako bat. Adin guztietako jendearentzat pentsatutako emanaldia iluntzeko 19:00etan eskainiko da abenduaren 5ean, 6an, 7an, 12an eta 13an. Abenduaren 19tik aurrera, berriz, urtarrilaren 6ra arte egunero egingo da.

21 metroko altuera du zuhaitzak eta oinezkoak barrutik pasa daitezke. LED argiak dauzka, baita proiekzio dinamikoak ere, jai hauetarako propio ondutako soinu-banda batekin. Emaitza ikusleak besarkatzen dituen argi-joko bat da: plaza goitik behera eraldatuko du, eta Gabonen erritmoa kutsatuko dio hiri osoari.

Azahara Domínguez Gipuzkoako Turismoko foru-diputatua eta Nuria Alzaga Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkaria arduratu dira berritasun honen aurkezpenaz, eta nabarmendu dute bisitariak erakartzeko gaitasuna duela. Horrela, tokiko merkataritzaren dinamizatzaile izango da, eta Irunen aurpegi abegitsua sendotuko du. Biek ala biek adierazi dute ekimena jai hauen une ikoniko izateko borondatearekin sortu dela. Hau da, elkarrekin egoteko eta ilusioa zabaltzeko gonbita zabalduko dituen hitzordu bat izango dugu egunero.

Nuria Alzagaren hitzetan, urtero saiatzen dira elementu berritzaileak ekartzen. “Zuhaitz hau ez da apaingarri argiztatu huts bat, baizik eta herritarrei kalera irteteko eta Gabonetako egun hauek senideekin eta lagunekin gozatzeko gonbita luzatu nahi dien elementu bat”, azaldu du Alzagak. Gainera, bisitariak erakarri nahi dituzte, Irun Gabonetako helmuga ere izan dadin, gaineratu du Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkariak.

Bestalde, Azahara Domínguezek aipatu duenez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan ikusten ari dira Gabonak gero eta pisu handiagoa hartzen ari direla turismoan. “Horregatik, aurten, lehen aldiz, Hator Hator Gipuzkoara kanpaina jarri dugu abian, eta kanpaina horren bidez, gipuzkoarrek eta bisitatzen gaituztenek lurraldea bisitatzea nahi dugu, gure udalerriek egun horietarako antolatu duten Gabonetako agenda aberatsaz blai eginez”. Azahara Dominguezek Irun Gabonen alde egiten ari den “apustu estrategikoa” azpimarratu du. Aurten Aldundiak zuhaitz horrekin eta argi eta soinu ikuskizunarekin laguntzen du. Diputatuak eguberriez gozatzeko deia egin du, bai Irunen bai Gipuzkoan, eta “garraio publikoa erabiliz” gozatzeko deia egin du”.

Aurtengo egitarauko izarra

Ikuskizun honen hasiera 19:00etan izango da, abenduaren 13an izan ezik, larunbatean, 20:00etan izango baita, Pablo Mendez Performances konpainiaren ‘Magic Christmas’ ikuskizunarekin bat egiten baitu, San Juan plazan.

Zuhaitzaren ikuskizuna Udalak «Irun brilla por Navidad – Irun, Gabonetako izarra» lelopean antolatu duen programa zabalaren punta baino ez da. Guztira, 117 jarduera antolatu dira, kulturarekin lotutakoak, familiei zuzenduak, komertzialak eta aisialdikoak, hiri osoan barrena banatuta.  Irungo auzo guztiek Gabonak gertu sentitzeko diseinatutako programa, publiko guztientzat pentsatutako proposamen irisgarriekin.

Argiztapena ezohikoa izango da aurten, egitura eta argi-puntu gehiago instalatu baitira eta, gainera, Gabonetako azoka, izotz-pistak, gazteentzako jarduerak, adinekoentzako proposamenak, bisita gidatuak, musika eta hiriko elkarteek sustatutako ekimen ugari ere izango ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude