30 urteko bidea egin du Irunero aldizkariak

Irunero, Irungo euskarazko aldizkariaren 30. urteurrena dela eta, Nuria Alzaga, Euskara arloko ordezkariak prentsaurrekoa eskaini du gaur Irungo Udaleko Bilkura Aretoan urte hauetan zehar aldizkariak hiriko historian izan duen ekarpena balioan jartzeko asmoz. Euskara ordezkariaz gain, Ainara Berges eta Joseba Arozena, aldizkariko kideak ere prentsaurrekoan izan dira.

Gogora dezagun, “Irunero”, tokian tokiko informazioa euskara hutsean zabaltzen duen hilabetean behin argitaratzen den aldizkaria dela. 1994an zuri-beltzean argitaratu zen lehenengo aletik gaurdaino, aldizkariak formatu eta diseinu aldetik aldaketak izan baditu ere, hasieratik amaieraraino, euskaraz argitaratzeko konpromisoari eutsi dio. “Urte guzti hauetan zehar aldizkaria garai eta behar berrietara eraldatzen joan bada ere, bada zerbait bere horretan mantendu dena: tokian-tokiko informazioa euskara hutsean zabaltzeko konpromisoa”, adierazi du Nuria Alzaga, Euskara ordezkariak.

Irunero, historiaz eta istorioz betetako aldizkaria

Hiru hamarkada oso igaro dira Irunero argitaratzen hasi zenetik eta aldizkariak bere hasierako euskararekiko konpromisoa mantendu badu ere, hainbat formatu eta diseinu izan ditu denboran zehar, 1994an zuri-beltzean argitaratu zen lehenengo aldi hartatik. Hala ere, badu ezaugarri bat urtetan aldatu ez dena, 3.500 aleko tirada, alegia.

Garai hartan, euskarazko hainbat herri aldizkari sortu ziren Euskal Herrian zehar, kasu askotan euskara elkarteek bultzaturik. Irunen, halakorik ez zenez, Euskara Zerbitzuak erredakzio talde boluntarioa sortu eta bultzatu zuen, Irunek bere euskarazko aldizkaria izan zezan. Orduan, etxez etxe egiten zen doako aldizkariaren banaketa. Horrela, Iruneroren lehen alea eskuetan zuela, Alberto Buen Lacambra alkateak Udaletxean egin zuen aldizkariaren aurkezpena.

Aldizkariaren lehen lantaldea 10 bat pertsonek osatu zuten, asko kazetaritza ikasleak zirelarik: Elixabete Salaberria, Iñaki Lekuona, Anaitze Agirre eta Olatz Ansa erredakzio taldean. Maketazioan, berriz, Ana Barandiaran eta Alberto Gonzalez argazkigintzan. Horiez gain, Euskara Zerbitzuko langile batzuk ere aritu ziren lantaldean.

Honela, lehen urtea igaro zen, 1995ko otsailera arte, eta udalaren barnean hura koordinatzeko zailtasunak ikusirik, sistema berri baten alde egin zen; oraingoan, kontratu bidez Luma itzulpen enpresari esleitu zitzaion aldizkaria kaleratzeko proiektua eta 1996ko martxora arte luzatu zen. Bigarren aro honetan, besteak beste, Joxan Elosegi, Jabier Muguruza eta Elixabete Salaberria aritu ziren, kolaboratzaileen kopurua ere handitu zelarik nahiz eta 3.500 aleen banaketa etxez etxe egiten jarraitu zen.

Urtebeteren buruan ordea, beste aldaketa esanguratsua izan zen, oraingoan 1996ko apirilean dirulaguntza izatera pasatu zen eta “Televisión del Bidasoa” kudeatzen zutenek hartu zuten honen ardura, Mikel Martinez eta Ana Grijalbak, alegia. Oraingoan 2012 arte luzatu zen aro berri hau eta honetan ere aldaketak izan ziren; adibidez, krisialdi ekonomikoaren ondorioz dirulaguntzaren kopurua erdira murriztu zen eta, 3.500eko tirada mantendu bazen ere, diseinu aldaketa egin zen eta doako banaketa masiboari ekin zitzaion.

Krisi ekonomikoa medio, “Televisión del Bidasoak” porrot egin eta Irunero aldizkaria kudeatzailerik gabe geratu zen 2013ko apirila arte, Udalak dirulaguntza deialdi berri bat egin zuen arte. Horrekin hasi zen, laugarren aroa, Baseclick enpresaren esku. Orduan aldizkaria hamabostekaria izatera pasa zen eta, kostuak merketzeko, errotatiban inprimatzen hasi zen. Garai hartako sorrera garrantzitsuenak aldizkariaren webgunea eta Facebook izan ziren.

2016ko urtarrilean enpresa kudeatzailea ofizialki aldatu zen, “837 Comunicación y Publicidad” enpresaren eskuetara pasatuaz, Joseba Arozenaren koordinaziopean eta Unai Oiartzun kazetaritza lanetan. Orduan hamabostekari izaten jarraitu zuen baina digitalizazioari garrantzi handia eman zitzaion.

Iruneroren azken aldaketa esanguratsua 2023ko otsailean gertatu zen, oraindik “837 Comunicación y Publicidad” enpresaren koordinaziopean. Oraingoan aldizkari formatua berreskuratzearekin batera, hilabetekaria izatera pasatu zen Ainara Berges kazetari aritzen delarik, Joseba Arozenarekin batera. Azken aro honetan webgunea eta, batez ere, sare sozialak indartu dira, bereziki egunerokotasunari erreparatuz.

Hiru hamarkadaz gurekin dirauen euskara hutsezko aldizkari honetaz gozatzeko paperezko aleez gain, Irunero webgunean ere ikus dezakezu eguneratutako informazioa eta, nola ez, jarrai ezazu Facebooken (Irunero), X-n (@irunero), Instagramen (@irunero_aldizkaria) eta Tik Tok-en (irunero.aldizkaria)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude