Oiasso Museoak Gordailuko pieza etnografikoen beste erakusketa bat martxan du

«Gordailua Oiasson» erakusketak uztailaren 28an ireki zituen ateak Oiasso Museoan. Hari esker, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko bildumako pieza batzuk ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Ekimena 2019an antolatu zen aurreneko aldiz, Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker.

Aurtengoan, argiztapenarekin lotutako pieza bilduma bat erakutsiko da: funtsean, kriseiluak eta meatzaritzako lanparak. Besteak beste, Antzin Aroan argiztatzeko erabiltzen zuten elementu bat ikus daiteke Oiasso Museoko bilduma arkeologikoan: luzernak, edo olio-lanparak. Lanpara horiek gela batetik bestera eraman zitezkeen eta, gela batean argi-puntu bat baino gehiago edukitzeko aukera ematen zuten. Gainera, haiei esker gaueko bizitza luza zezaketen. Oiasso hiriak meategi batzuk zituen Aiako Harrian, eta bertan zenbait luzerna erromatarren zatiak aurkitu dituzte. Gordailuko erakusleihoan meatzaritzako lanpara eta kriseilu batzuk jarri dira, bisitariek museoko bilduma iraunkorreko luzerna erromatarrekin konpara ditzaten.

Museoaren ordutegia

“Gordailua Oiasson” erakusketako pieza etnografikoak urte amaierara arte egongo dira ikusgai. Irailera bitartea museoa asteartetik larunbatera zabalik egongo da 10:00etatik 20:00etara eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Astearte eta igande arratsaldeetan, berriz, itxita egongo da.

Urritik maiatzera bitartean, berriz, astearte, asteazken, ostegun eta igandeetan  10:00etatik 14:00etara eta ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da Irungo museo erromatarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude