Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja ezarri du haizeagatik azaroaren 1erako, asteazkena, 21: 00etatik 24: 00etara. Haizeguneetan, haize-boladek 120 km/h-ko abiadura har dezakete.
Udaltzaingoa gainerako udal-sailekin koordinatuta dago, alerta horrek hirian eragin ditzakeen ondorioei erantzuteko. Udal zerbitzuek prebentzio-neurri batzuk hartzen hasi dira eta datozen orduetan Babes Zibileko erreserbak aktibatuko dira beharrezkoa izanez gero.
Udaltzaingoak gomendio eta prebentzio-neurri hauek helarazi ditu, haize boladek eragin ditzakeen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko:
Herritarrei, oro har, hau gomendatzen zaie:
- Itxi ateak, eta finkatu leihoak eta olanak.
- Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.
Kanpoan bazaude:
- Behar-beharrezkoa ez bada, ez joan mendira adierazitako ordu horietan, eta, joan behar baduzu, babes-neurri egokiak hartu.
- Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontu handiz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean bazaude.
- Aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak finkatu.
Bidaiaren bat egingo baduzu:
- Ahal bada, ez egin errepideko joan-etorririk, eta, edonola ere, aurrez neurriak hartu.
- Informa zaitez joango zaren edo igaroko zaren aldeko meteorologia-baldintzei buruz.
Itsasaldean bazaude:
- Urrundu zaitez haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik.
- Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi horien amarrak. Ez egin uretako kirolik.



