Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoa Irunen kokatutako irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. Bere helburu nagusia Bidasoa Behereko eskualdean mota guztietako kultur jarduerak bultzatzea da. Bere lokala eta askotariko jarduerak ahalbidetzen dituen ekipamendua ditu: kafe antzokia, kontzertuak, liburuen aurkezpenak, bideo eta filmen proiekzioa, hitzaldiak, bilerak… Batez ere, talde amateurrei lekua eginez.
Kabigorri Ateneoak jarduera kulturalak eta sozialak sustatzen ditu, batez ere talde eta pertsona amateur eta boluntarioen artean. Horrek gastuak sortzen ditu: lokal soziala eraikitzeko eta hornitzeko erabili zen banku-kreditua ordaintzea, elektrizitatea, garbiketa, aseguruak, SGAE, etab. Horregatik, Kabigorri Ateneotik hilean euro bateko ekarpenak egitea eskatu dute eskualdean jarduera kultural eta sozial horiei eusten laguntzeko. Dirua biltzeko Teaming plataformaren bidez ekarpenak egiteko mikro dohaintzak jasotzeko kanpaina bat hasi dute.



