101km korrika diabetesari elkartasuna adierazteko

Ekainaren 16an, igandean, Ana Isabel Pinedak 101km korrituko ditu diabetesaren ikerketa laguntzeko. Erronka solidarioa Plaiaundiko atletismo pistan egingo da goizeko 6:00etan hasi eta egun osoan zehar. Ekintzak helburu bikoitza izango du: diabetesaz ohartaraztea eta Gipuzkoako Diabetes Elkartearentzat dirua biltzea. Gainera, datozen egunetan salgai jarriko diren dortsalen bitartez erronkara batu eta behintzat tarte batez korrika egiteko aukera egongo da.

Gipuzkoako Diabetes elkarteak pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen elkartea da, beste elkarte edo eskolekin kolaboratuz. Ana Isabel Pinedaren kasuan, erronka pertsonala da, elkartera eskaini baita 101 km korritzeko. Hainbeste kilometro korritzeak higadura fisikoa dakarren arren, era berean, kontzientzia hartzeko modu bat dela uste du, besteei elkartasuna emateko modua erakusten baitu. Distantzia luzea bada ere, Ana Isabel Pinedak adierazi du, “lehen 50 kilometroak hankekin korrituko ditut, gainontzekoak berriz, bihotzarekin”.

Ana Isabelek adierazi duenez, diabetesa duten pertsonen bizitza erraztea da erronkaren helburu nagusietako bat. Berak eta bere inguruan diabetesa duten pertsonarik ez duen arren, “beste edozein gaixotasun bezala, argi daukat diabetesak babes handia behar duela, aipatu du erronkan parte hartuko duen atletak.

Ana Isabel Pineda ekainaren 16an goizeko 6:00etan hasiko da korrika egiten. Dena den, erronka jende gehiagorekin partekatzea gustatuko litzaioke. Horregatik, tarteka berarekin batera Plaiaundin korrika egiteko aukera egongo da. Datozen egunetan Decathlon dendaren bitartez dortsal solidarioak salgai jarriko dira. Dortsalak ordu erdiko tartetan antolatuko dira eta bakoitzak korritu nahi duen denbora eta ordua aukeratu ahalko du.

Cristina Laborda Irungo alkateak ere erronkaren aurkezpenean parte hartu du. Irungo alkateak azpimarratu duenez, horrelako proiektuak oso aberasgarriak dira Irun bezalako hiri batentzat, “hiri bat ez litzateke ezer izango bere hiritar eta haiek proposatutako proiekturik gabe”. Cristina Labordak azaldu duenez, udalean gustu handiz hartu zuten erronka hau hirian egiteko proposamena. Alkateak irundarrak erronkan parte hartzera animatu ditu, hiriak erronkak merezi duen erantzuna eman dezan, dortsal solidarioak erosiz eta ekintzan parte hartuz.

Jai giroa nagusi

Era berean, erronka girotzeko jai giroa sortu nahi dute. Horretarako, Plaiaundin egun osoan zehar hainbat ekintza egingo dira Ana Isabelek korrika egiten duen bitartean. Arantxa Telleria Gipuzkoako Diabetes Elkarteko ordezkariak adierazi duenez, jolasak antolatuko dira, informazioa zabaltzeko karpa ipiniko da, doako gluzemia kapilarrak egingo dira eta Rubén Rodríguezek magia trikimailuak egingo ditu.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, horrelako erronka bat ez litzateke posible izango lagunen, senideen, enpresa laguntzaileen eta diabetesarekin sentsibilizatutako pertsona guztien laguntzarik gabe. Ana Isabel Pinedak azaldu duenez, nahi duten enpresak edo pertsonak erronkara batzeko garaiz daude oraindik. Gipuzkoako Diabetes Elkartetik nabarmendu dutenez, garrantzitsuena bakoitzak ahal duena ematea da, gutxiago edo gehiago izan arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude