Elliot Erwitt argazkilariaren dokumentala izango da DokuIrun programaren hurrengo emankizuna

Irungo Udaleko Kultura Arloko ordezkari Nuria Alzaga Amaia KZn izan da, “Elliot Erwitt. El silencio suena bien” dokumentala aurkezten. 2019ko dokumentalak Adriana Lopez Sanfeliu zuzendariak eta Magnum Photos agentzia prestigiotsuko argazkilari Elliott Erwittek (1928-2023) elkarrekin eman zituzten momentuei buruzkoa da. Prentsaurrekoan, Alzagarekin batera, Lopez Sanfeliu bera izan da, baita Jaione Aizpurua Zumaiako Udalaren izenean eta Tolosako Udaleko Kulturako zinegotzi Goiuri Ezeiza Arandia. Estreinaldia maiatzaren 16an izango da, ostegunarekin, 19:00etan, Amaia KZn, DokuIrun programaren barruan.

“Irundarrok zinezko hilabetea dugu aurrez aurre. DokuIrun zikloak Magnum agentziako mito Elliott Erwitti eskainiko dio maiatzeko saioa. Artista aparta izan zen Erwitt: John Kennedy, Marilyn Monroe, Che Guevara eta beste pertsona ezagun batzuk fotografiatu zituen, eta eguneroko bizitzaren muina atzematen asmatu zuen, umorez, graziaz eta emozioz. Bere argazkiak XX. mendeko ikonoak dira, eta, gaur, Irunera ekarri ditugu, Elliot Erwitt. El silencio suena bien dokumentalaren bidez, Adriana Lopez Sanfeliu zuzendariaren eskutik”, adierazi du Alzagak.

Begiratu intimo bat Elliot Erwitti

Dokumentala Elliott Erwitt argazkilari estatubatuar ospetsuaren erretratu intimo bat da, Adriana Lopez Sanfeliu dokumentalgile eta laguntzailearen begietatik sortutakoa.

“Nire helburua Elliottengana bere espazio pertsonalean barrena iristea zen, bere argazkien marjinetatik eta gure elkarrizketetako isiluneetatik. Gure elkarrizketak espazio irekiak ziren, intimitatea partitzekoak, eta gai bat, irudi bat, galdera bat, oroitzapen bat dantza pauso bihurtzen zen, harmonian batzuetan eta disonantzian beste batzuetan erantzun batzuk eta are galdera gehiago zekartzana”, azaldu du zuzendariak.

Ziklo baten barruan emango da dokumentala: maiatzaren 14an hasiko da, Zumaian; maiatzaren 15ean jarraituko du, Tolosan; eta maiatzaren 16an bertan bukatuko da, hirian bertan.

Emanaldiaren ondoren, Lopez Sanfeliurekin hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Irungo proiekziora joan nahi dutenek gonbidapen bat lortu beharko dute, doan, Luis Marianoko turismo bulegoan. Era berean, sarrerarik badago betiere, Amaia KZko txarteldegian bertan eskuratu ahalko dute, emanaldia baino ordubete lehenagotik.

Elliot Erwitti buruzko erakusketa

Emanaldiaren harira, maiatzaren 14an, asteartearekin, 16:30ean, “Before I croak” erakusketa inauguratuko da, PhotoGune Fine Art argazki laborategian. Izen bereko liburutik sortu da erakusketa, Lopez Sanfeliuk eta argazkilari ikonikoak 2012tik 2015era bitartean elkarrekin eman zituzten momentuei buruzkoa, eta ekainaren 30era arte egongo da ikusgai.

Adriana Lopez Sanfeliu

Adriana Lopez Sanfeliu narratzaile bisuala da; Bartzelonan jaiotako fotokazetari, argazkilari dokumental eta zinemagilea. Artearen Historiako lizentzia atera zuen, Bartzelonako Unibertsitatean eta Paul Valéry Unibertsitatean (Montpellierren), eta, gero, New Yorkera aldatu zen, International Center of Photography eskolan argazkilaritza dokumentala ikastera. Han, nazioarteko egunkarientzat fotokazetari jardun zuen, hala nola New York Times, El País, La República eta Glamour-entzat.

New Yorken egon zen bitartean, Erwitten adiskide mina egin zen, eta, 2012tik 2015era bitartean, haren nazioarteko proiektuetan laguntzaile jardun zuen.

Erwittenganako mirespenez, “Elliott Erwitt. El silencio suena bien” dokumentala filmatu zuen, bere lehenengoa, haren bizitzako azken urteetan, eta obra 2019an estreinatu zen, Arlesen eta New Yorken.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude