Nepaldala dokumentala emango da ostiralean Amaia KZn DokuIrun programaren barnean

Asier Requejoren Nepaldala dokumentala emango da ostiralean, otsailaren 23an. Hitzordua 19:00etan izango da, Amaia KZn. Proiekzioaren ondoren, solasaldi bat egingo da Asier Requejo dokumentalaren zuzendariarekin eta Nepaldala GKEko bi sortzailerekin, Olatz Lasa eta Aitziber Alzarekin.

Proiekziora joan nahi izanez gero, sarrera dohainik eskura daiteke, Amaia KZren webgunean. Luis Marianoko turismo-bulegora joanda ere eskuratu ahal izango dira, eta baita Amaia KZko txarteldegian ere, ekitaldia hasi baino ordubete lehenagotik eta betiere sarrerarik geratzen bada.

“Nepaldala”

Nepaldala GKEak Bajhang-eko haur eta nerabeei hezkuntza eskaintzeko egiten duen lana erakusten du dokumentalak. GKE hori hiru emakumek sortu zuten, 2018an, Hondarribian: Miren Berozek, Aitziber Alzak eta Olatz Lasa irundarrak, eta helburua dute “komunitateari etorkizuna eta sostengua izan dezaten laguntzea eta emakumeei laguntzea beren ideiak eta arrazoibideak gara ditzaten”.

Dokumentalaren bidez, hau lortu nahi dute Nepaldala GKEaren hiru emakume sortzaileek: “Nepaleko landa-eremuetako arazo hori eta Katmanduko neskato horien egungo bizitza agerian jartzea”.

DokuIrun

DokuIrun zinema dokumentalari buruzko programa ireki eta heterogeneo bat da, eta film hibridoak, esperimentalak-eta eskaintzen ditu. Programa horren bidez, hiriko zinema-areto komertzialetan eskaini ohi ez diren egungo filmak eskaintzen zaizkie herritarrei.

Proiekzioak Amaia KZn izaten dira, eta haien harira, aurkezpen bat eta mahai-inguru bat ere izaten dira, eta protagonistaren batek edo adituren batek parte hartu ohi du, eta, ahal den neurrian, gainera, Irunekin lotura duten filmak eskaintzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude