Irungo udaleko Mugikortasun, Bide Publiko eta Obra arloak “StreetsForKids” edo Haurrentzako Kale Irekiak ekimenarekin bat egin du. Ekimen horren helburua da hirietan ingurune seguruak eta kerik gabekoak aldarrikatzea, eskola-umeak eskolara bidean modu seguruan eta iraunkorrean joan daitezen.
Europa osoan antolatzen da kanpaina urtean bitan, maiatzean eta urrian. Hain justu, datorren ostiralean, maiatzaren 10ean, ospatuko dira egun horren inguruko jarduerak, hainbat herrialdetako eskola, familia eta kolektiboen Europako sare handi baten eskutik. Hamaika ekintza egingo dira ikasleentzako ibilbide hobeak eskatzeko, eta haurren autonomia eta segurtasuna lehenesten duten eskolen inguruko espazioak aldarrikatzeko, kaleetan, haurrak arriskurik, zaratarik eta kerik gabe egon eta jolastu ahal izateko.
Irunen, Belaskoenea, Elatzeta, Eguzkitza eta Dunboa ikastetxeek bat egin dute kanpainarekin ondorengo ekintzekin:
1- Eskola-bidea: ikasleak eskolara oinez eta taldean joatean datza, parte hartzen duen ikastetxe bakoitzaren eskola-bideko ibilbideen bidez.
2- Bizikletak: Eguzkitza eta Dunboako ikasleak bizikletaz ere joan ahal izango dira eskolara.
3- Autorik gabeko eskola-inguruneak: Elatzeta eta Belaskoenea inguruan errepide-mozketak egingo dira arratsaldean, ikasleek kaleez gozatzeko eta autoen arriskurik gabe askatasunez jolasteko aukera izan dezaten.
Hain zuzen ere, Elatzetan, Errota kalea, ikastetxera sartzeko bidea ematen duena, eta Harmugarrieta kalea, hasieran (elizaren jaitsiera), 14:30etik 16:00etara moztuko dira.
Belaskoenean, Nabigatzaileak kalea moztuko da ikastetxeak hartzen duen tartean (10-12 zenbakia) 14:30etik 16:30era.
Ikastetxeek gonbidapena egiten diete familia, auzo eta auzoetako elkarte guztiei ekintzetan parte hartzeko.



