Irungo Udaleko Garapenerako Lankidetzaren, Balioen eta Giza Eskubideen arloak “Giza Eskubideen aldeko Emakumeak” izeneko Giza Liburutegiaren jardueraren berri eman du. Liburutegia bihar izango da, maiatzaren 29an, 18:30etik 20:30era, Irungo Palmera Montero gunean. Saioan izena eman daiteke, dagoeneko, web honetan: Mugen Gainetik
Ekimen honen bidez, entzute aktiboko dinamikak sustatu nahi dira, eta ekarpenak egin, giza eskubideen aldeko emakumeen lanari eta aktibismoari agerikotasuna emateko. Mugen Gainetik eta Bakeola entitateek antolatu dute jarduera, Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Zer da Giza Liburutegi bat?
Giza Liburutegia lan dinamika bat da, non protagonistek bizi esperientziak eta interes propioak partekatzen dituzten parte hartzaileekin, solasa, elkarrizketa eta entzute aktiboa sustatuz.
Dinamika horiek funtsezko bi figura dituzte:
– Liburuak: Gogoetak, bizipenak, ezagutzak edo esperientzia pertsonalak kontatzera datozen gonbidatuak.
– Entzuleak edo irakurleak: Gonbidatuei entzutera, galdetzera, haiekin partekatzera eta ikastera datozen parte-hartzaileak.
Saioaren egitura:
Kasu honetan, lau emakumek (“giza liburuak”) osatuko dute Giza Liburutegia, lauak ere hainbat esparrutan eskubideen defentsan lan luzea eginak dira: Brenda Guillen Lemus, defendatzaile guatemalarra; Itziar Errandonea Ulazia, defendatzaile bakezalea; Palmira Dual Jiménez, emakumeen eskubideen defendatzailea; eta Aitzole Araneta Zinkunegi, LGTBI+ kolektiboaren eskubideen defendatzailea.
Horretarako, saioa antolatzeko, “irakurketa-txandak” egingo dira. Talde bakoitzak, liburuetako bat entzun ondoren, hurrengora joko du, emakume guztien esperientziak entzun ahal izateko.
Saioak 2 ordu inguru iraungo du, eta honela banatuko da:
10 minutu, azalpenak eta argibideak emateko.
25 minutu, liburu bakoitza entzuteko eta solasaldirako.
10 minutu, gogoetarako eta bateratzeko.



