Gaur goizean Irungo Udal Euskaltegian “Mintzalaguna” egitasmoa aurkeztu dute Jon Ugarte Irungo Udaleko Hezkuntza Arloko ordezkariak eta Miren Tolosa. Irungo Udal Euskaltegiko zuzendariak. Ikasgeletatik kanpo, euskararen erabilera sustatzeko helburua du egitasmo honek. Mintzalaguna programan parte hartu nahi duen orok izen ematea egin beharko du, urriaren 21etik 29ra, Irungo Udaleko webgunean.
Egitasmoak, euskaraz dakiten pertsonak (mintzalaguna) euskara praktikatu nahi dutenekin (mintzakideak) elkartzen ditu astean behin, ordubete, 5-6 pertsonako taldeetan, euskaraz aritu daitezen. Taldeak autonomoak dira eta taldekideak beren kaxa antolatzen dira elkartzeko.
Jon Ugartek azaldu duenez, “Mintzalagun programa aukera ezin hobea da euskara praktikatu nahi, baina norekin egin ez dutenentzat. Aldi berean, oso egitasmo interesgarria da euskaraz lagun berriak egiteko, euskal hiztunak diren lagunen sarea handitze aldera”.
Izan zaitez Mintzalagun
Edizio honetarako, mintzalagun jardun dezaketen pertsonei bereziki dei egin zaie, talde berriak osatu ahal izateko eta euskara praktikatu nahi duten mintzakide berriek parte hartu ahal izan dezaten. Udal Euskaltegitik gogorarazi dute egitasmoa A2tik gorako maila duten hiritarrei zuzenduta dagoela.
Informazio guztia Irungo Udal Euskaltegian kontsultatu daiteke.



