Euskara praktikatu nahi duten horiek “Mintzalaguna” ekimenean topatuko dute horretarako aukera. Mintzalaguna programan parte hartzeko urriaren 10etik 20ra izena eman beharko da Irungo Udalaren webgunearen bitartez. Nuria Alzaga Euskara ordezkariak eta Miren Tolosak Irungo Udal Euskaltegiko zuzendariak Mintzalagun izan daitezken pertsonei bereziki dei egin diete egitasmora batu daitezen.
Euskara ordezkariak nabarmendu duenez, ekimen honekin Irungo herritarrak gonbidatu nahi dituzte modu ludiko batean euskara praktikatzera. Nuria Alzagak aipatu duenez, “aukera hobezina da lagunak egiteko, jendea ezagutzeko, euskaraz mintzatuz”. Euskara ordezkariak aipatu duenez, Mintzalaguna programa hirian euskararen presentzia areagotzeko eta transmisioa indartzeko oso lagungarria da.
Mintzalaguna egitasmoa B1etik gorako maila duten hiritarrei zuzendua dago. Egitasmo honetan, 4/5 laguneko taldeak osatzen dira, euskal hiztuna den lagun bat, Mintzalagunak, taldea dinamizatzen duen bitartean. Gainerakoak, euskara praktikatu nahi dutenak Mintzakideak, euskaraz arituko beharko dira “mintzalagunaren” laguntzarekin. Astean behin biltzen dira taldeak beren kaxa, euren artean adostuz, prestasunaren arabera, solasaldien eguna, ordua eta lekua. Askorentzat, lagun euskaldunak egiteko modua ere bada, eta aukera eskaintzen die taldetik kanpo ere euskaraz bizitzeko aparteko planak egiten, hala nola txangoak, irteerak edo afariak.
Mintzalagunen bila
Edizio honetarako, mintzalagun jardun dezaketen pertsonei bereziki dei egin zaie, talde berriak osatu ahal izateko eta euskara praktikatu nahi duten mintzakide berriek parte hartu ahal izan dezaten. Egitasmoarekin loturiko informazio guztia Irungo Udaleko Euskara Arloaren atarian partekatu da. Izen-emateak urriaren 20ra arte egin daitezke webgune horretan.