Osasun emozionalari buruzko tailerra egingo da bigarrengoz Irungo Emakumeen Etxean

Irungo Emakumeen Etxean osasun emozionalari buruzko tailerra egingo da. Esku Hartze Komunitarioko zerbitzuak bigarren aldiz martxan jarritako egitasmoa da. Egitasmoa aurkezteko Sandra Caballero Gizarte Ongizateko ordezkaria Irungo Emakumeen Etxean izan da gaur goizean.

Tailerra psikofarmakoak hartzen dituzten edo horiekiko mendekotasunean erortzeko arriskuan dauden 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, baldin eta patologia psikiatrikorik ez badute eta beste substantzia psikoaktiboekiko adikziorik ez badute.Tailerra Emakumeen Etxean egingo da otsailaren 7tik apirilaren 11ra. Bi orduko saioak izango dira, astean behin, eta, gehienez, 15 parte-hartzaile izango dira. Izena emateko epea urtarrilaren 23ra arte egongo da zabalik, eta 010 edo 943 50 51 52 telefonoetara deituta egin beharko da.

Ordezkariaren hitzetan, «lehen tailerrak izandako harrera ona ikusita, Udalean argi izan dugu ildo beretik jarraitu behar dugula”. Gizarte Ongizateko ordezkariak horrela azaldu du  tailerra bigarren aldiz eskaintzeko hartutako erabakia, emakume ugarirentzako lagungarri izango delakoan: “sinetsita gaude laguntza hau oso baliagarria dela, batik bat orain, zenbait azterlanek erakutsi baitute sendagai hauen kontsumoa handitzen ari dela”.

Edukia eta onurak

Programaren helburua da parte-hartzaileei kontsumoa murrizteko prozesuan laguntzea eta prozesu horretarako tresna alternatiboak eskaintzea, hala nola autokontrol emozionala, errealitateari aurre egiteko teknikak, laguntza soziala edo erlaxazio- eta arnasketa-teknikak antsietatea gutxitzeko.

Gaiari buruzko azken ikerketen arabera, herritarrek, eta bereziki emakumeek, gero eta psikofarmako gehiago kontsumitzen dituzte (antsiolitikoak, antidepresiboak eta hipnotikoak). Izatez, arazo emozionalengatik lehen mailako arretara jotzen duten emakumeen prebalentzia oso handia da. Horregatik, jarduera hau Irungo Adikzioen IV. Planean jasota dago, eta uneotan idazten ari den V. Planaren baitan sartutako programetako bat izango da.

Maider Andonegui psikologoak eskarmentu handia du emakume taldeekin lan egiten, eta berak gidatuko du tailerra. Era berean, Irungo Osasun Mentaleko Zentroak tailerrean parte hartuko du, eta han psikologo gisa lan egiten duen Cristina Erausquinek hitzaldia emango du psikofarmakoen erabilerari buruz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude