Txingudi Errugbi Klubeko talde guztiek partiduak izango dituzte asteburu honetan

Argazkia: Zaisa Txingudi eta Uni Bilbo Cren arteko partida Plaiaundin

Txingudi Errugbi Klubak konpromisoz beteriko asteburua du aurretik. Izan ere, klubeko talde guztiek partiduak izango dituzte, horietatik hiru, Plaiaundin.Zaisa Txingudik liderraren bisita jasoko du Plaiaundin larunbatean 16:00etan eta Biok Txingudik Gasteizen jokatuko du igandean 11:45etatik aurrera.

Partiduz jositako larunbata

Jokatzen lehena 14 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldea izango da, larunbatean 11:00etan Bultz Bera Beraren aurka Gipuzkoako ligako lehenengo fasearen azkeneko jardunaldian. Etxeko taldea liderra da A multzoan eta garaipena lortzea beharrezkoa du lehenengo postua mantentzeko.

Segidan, 13:00etan, 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldekoak zelairatuko dira Hiruherriren aurka jokatzeko, Arrasate, Elorrio eta Eibarrek osatutako taldea. Lehia gogorra izango dela antzematen da, aurkari zuzenak baitira bi taldeak Euskadiko ligako bigarren faseko B multzoan.

Hauek jokoan dauden bitartean, 13:30etan, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan eta Hiruherri taldeak beraien partida hasiko dute Donostiako Puio zelaian. Etxekoek bigarren fasearen hasieran lortutako sentsazio onekin jarraitu nahi dute lan txukuna egiteko.

Larunbateko egitaraua Zaisa Txingudik itxiko du Plaiaundin 16:00etan, Envases Rioja ligako liderraren bisitarekin. Logroñoko taldea lider ukaezina da aurtengo ligan, baina mugakoek ezustekoa eman nahiko diete Plaiaundin.

Igandean gehiago

Igandean Eskolaren txanda izango da Atletico San Sebastianen etxean Gipuzkoako topaketen jardunaldi berri bat jokatuko baitute 10:30etik aurrera.

Azkenik, jardunaldia ixteko, Biok Txingudiren txanda izango da Gasteizen 11:45ean hasiko den partidan. Bertako taldea, Gaztedi, txapelketa irabazteko hautagaietako bat da eta talde oso sendoa dela erakutsi du azkeneko denboraldietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude