Biok Txingudiko neskek porrota jaso dute Uni Bilbo taldearen aurkako partiduan

Argazkia: Biok Txingudi eta Uni Bilboren arteko partida. (Egilea: Onintza Burgera).

Txapelketako partidarik zailenetakoa izan zuen Biok Txingudik larunbatean etxean, izan ere, Universitario Bilbao pasa den denboraldiko ligako txapelduna izateaz gain, aurten ez du partida bat bera ere galdu.

Zailtasunetaz konsziente, mugako jokalariek lasaitasunez jokatu nahi zuten, entrenatutako guztia aplikatu eta gauza berriak probatzeko. Baina horrek bisitariei iniziatiba eramaten utzi zien eta, lehenengo minututik, Bilbok baloia kontrolpean izan zuten, jokoaren fase guztiak menperatuz. Lehenengo zatian, 9 entsegu eraldatu lortu zituzten 0 eta 63ko abantailarekin iritsiz atsedenaldira.

Bigarren zatian, Asier Gonzalez, Alejandro Lasa eta Patxi Artolak zuzendutako jokalariek txipa aldatu zuten, argi baizegoen hasierako planteamendua maila honetako aurkari baten aurka ez zela egokia.

Honela, defentsaren antolakuntzak hobera egin zuen eta Uni Bilbok aukera gutxiago izan zituen aurrera egiteko. Lau entsegu eta bi eraldaketa gehiagok amaierako 0 eta 87a ipini zuten markagailuan.

Biok Txingudiren aldetik, Lucia Duran, Lupe Pescador, Maren Santa Cruz, Zumendi Caro, Maddi Garmendia, Lohitzun Aia, Miren Fernandez, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Enara Arruti, Alba Saiz, Irati Beraiz, Garazi Santos, Paola Vega, Ane Novo eta Leire Muñozek jokatu zuten. Aulkian Haizea Rodriguez eta Maddalen Alberdik hasi ziren.

Datorren astean, Txingudik beste norgehiagoka zaila izango du, oraingoan, Durangoren aurka Plaiaunditik urrun.

16 urtez azpikoen garaipena

16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek Lasarte-Orian jokatu zuen larunbat goizean Zarautz/Beltzaken aurka. Norgehiagoka uste baino erosoagoa izan zen gazteentzat, baina etxekoek ez zuten amore eman hain erraz. 19 eta 56ko markagailuarekin, ligako bigarren fasean garrantzitsua izango den garaipena eskuratu dute beltz eta zuriek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude