Biok Txingudi sailkapeneko hirugarren postura igo da Neskak Loratzen taldea 41-0 garaitu ostean

Biok Txingudiko neskek 41-0 irabazi zuten Neskak Loratzen taldearen aurkako partidua Plaiaundin. Zaisa Txingudik, aldiz, joko ikusgarria erakutsi zuen Bilbon jasotako porrotan (65-31). 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak berriz, ez zion aukerarik eman Uni Bilbo Bri Plaiaundin (76-0).

Biok Txingudi

Garaipenak hirugarren postura igotzeko aukera emango zion Biok Txingudiri eta taldeak ez du aukera alferrik galdu. Aurreko asteburuan lortutako garaipena gogoan izanda, norgehiagoka kontrolpean izaten saiatu ziren hasieratik. Lanak, pixkanaka, fruituak eman zituen eta, hamargarren minutuan, markagailua mugitzen hasi ziren Irati Beraizen entseguaren bidez (5-0). Bi taldeen jokoa oso kaotikoa izan zen, baina Txingudik egoera honetatik abantaila ateratzen jakin zuen puntuak lortu eta norgehiagoka kontrolpean izateko. Honela, hogeita batgarren minutuan, Alazne Maciciorren lehenengo marka iritsi zen, Alba Saizen ostikadarekin batera, zazpi puntu gehitu zituena Txingudirentzat (12-0). Hogeita hamargarrenean, Laida Rodriguezen entsegua iritsi zen eta, bost geroago, Jessica Gomezek taldearen laugarrena lortu zuen, Alba Saizek eraldatu zuena (24-0).

Atsedenaldiaren ondoren, jokoa ordenatzen joan ziren bi taldeak eta indarrak parekatzen joan ziren. Hala ere, mugakoak indartsu zeuden eta entrenamenduetan probatutako guztia zelaian erakusten hasi ziren.45. minutuan, Enara Arrutik eta Alba Saizek, entsegu bat eta eraldaketa eginez, 31 eta 0ekoa jarri zuten markagailuan. Neskak Loratzenen defentsaren antolakuntzak hobera egin zuen eta norgehiagoka bi taldeen hartu eman batean bihurtu zen hurrengo minutuetan.Azken uneetan, etxekoen indarrak berriz ere gailendu ziren eta Alazne Maciciorrek eta Jessica Gomezek bigarren entsegua gehitu zuten kontu pertsonaletara 69 eta 77. minutuetan (41-0).

Txingudiren hamabostekoa Zumendi Caro, Alazne Macicior, Maren Santa Cruz, Lohitzun Aia, Lur Gaston, Garazi Santos, Lea Etxebarrieta, Miren Fernandez (kapitaina), Leire Muñoz, Paola Vega, Laida Rodriguez, Alba Saiz, Uxune Aranburu, Irati Beraiz eta Jessica Gomezek osatu zuten. Aulkian Lucia Duran, Lupe Pescador, Maddalen Alberdi, Gaxi Famoso, Iara de Almeida, Sara Ramos, Camille Buros eta Enara Arruti hasi ziren.

Garaipen honekin eta Durango eta La Unicaren porrotekin, Biok Txingudik sailkapeneko hirugarren postura igo da.

Zaisa Txingudi

Konpromiso zaila zuen Zaisa Txingudik Bilboko Rugby zelaian, “El Fango” izenarekin ezaguna dena, aspaldian lokatzik ez badago ere, belar artifizialekoa baita. Bilboko taldeak azken urteetan harrobiko lan handia egiten ari da eta zelairatzen duten kalitatezko taldeetan nabaritzen da. Gainera, bizkaitarren lehenengo eta bigarren taldeek atsedena izanik, etxekoek talde indartua aurkeztu ahal izan zuten. Baina, aurten, Zaisa Txingudik ahulezia eta txikitasun egora irauli eta harrotzeko gaitasuna erakusten ari da eta indarrez ekin zion norgehiagokari.

Bilbotarrak izan ziren aurrea hartu zutenak, bosgarren minutuan entsegu eraldatu batekin (7-0). Laister, lau minutu geroago, mugakoen berdinketa iritsi zen Juan Carlos Loraren entsegua eta “Lutxo” Echevarriaren eraldaketarekin (7-7). Bi taldeek joko azkarra egiten ari ziren, Uni Bilbok hiru laurdenei protagonismo handiagoa emanez eta Zaisa Txingudik aurrelariekin gehiago jokatuz. Etxekoek hobeto aprobetxatu ahal izan zituzten aurkariaren akatsak eta, 13 eta 16. minutuetan, bi entsegu eta eraldaketa batekin, aldea hamabi puntutan handitu zuten (19-7).

Aurrelariekin jokoak min handia egiten zion Bilbori eta Txingudi egoeraz baliatu zen bigarren marka lortzeko, Joao Costaren bitartez. “Lutxo” Echevarriak ostikada hagen artean pasa zuen 19 eta 14koa lortzeko. Etxekoen erantzuna segidan iritsi zen eta, Txingudikoen akatsak baliatuz, hiru entsegu gehiago egin zituzten (34-14). Lehenengo zatiko azkeneko minutuetan, Zaisa Txingudik modu eraginkorrenean erasotzen saiatu zen, baloiaren jabetza mantenduz eta urduritasuna baretuz. Azkeneko jokaldian, touch baten ostean, Joao Costa eta Xabi Sanchezen konbinazio batek azken honen entseguan bihurtu zen, 34 eta 19 markagailuarekin iritsiz atsedenaldira.

Bigarren zatian, Uni Bilbok aulkiko jokalari guztiak zelairatu zituen eta Zaisa Txingudik burua hotz mantentzen saiatu zen maila ahalik zuten hoberen mantentzeko. Lehenengo minutuetan jokoa parekatuta egon bazen ere, 48 eta 60. minutuen artean etxekoek partida gehiago desorekatzea lortu zuten hiru entsegu eta bi eraldaketa eginez (53-19). Zaisa Txingudiren fisikoak behera egingo zuela zirudien, baina, entsegu-eremutik gertu ateratako touch baten ondoren, Aitor Asurmendik defentsan zuloa argi ikusi zuen mugakoen laugarren entsegua lortzeko (53-24). 67. minutuan bilbotarrek marka berri bat lortu zuten eta, hurrengo jokaldian, Txingudiren txanda izan zen. Mikel Genua entsegu-eremura iristen ari zela, plakaje arriskutsu bat jaso zuen, Uni Bilbok txartel hori bat eta zigor-entsegu bat aurka jasotzea eragin zuena (60-31). Aukera berri bat izan zuen Zaisa Txingudik, baina Juan Carlos Loraren ahalegina entsegu-eremutik zentimetrotara geratu zen. Azkeneko minutuetan, etxekoak hamaikagarren marka egin zuten 65 eta 31koa jartzeko markagailuan.

Zaisa Txingudiren hamabostekoa Jon Sanchez, Aitor Asurmendi, Joao Costa, Aritz Rodriguez, Jon Mediavilla, Xabi Sanchez, Imanol Rodriguez, Juan Carlos Lora (kapitaina), Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Pablo Besga, Mikel Genua, Ekain Hiribarren, Hodei Guerrero eta Alberto Robledak osatu zuten.

16 urtez azpiko Txingudi/Baztan

16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak ez zion aukerarik eman Uni Bilbo Bri Plaiaundin. Hasieratik menderatu zuten norgehiagoka amaierako 76 eta 0ekoa lortu arte.

Elastiko beltz eta zuria jantzi zuten jokalariak Justin Duarte, Adrian Muñoz, Thiago Quimey, Jonathan Guerrero, Mattin Petrikorena, Ekaitz Sanchez, Oier Oliveira (kapitaina), Ander Martinez, Joaquin Mijichich, Unax Lopez, Urtzi Arrieta, Diego Arnedo, Juan David Maya eta Beñat Bereau izan ziren, Xabier Gorria baztandarraren laguntzarekin.

Argazkia: Biok Txingudi eta Neskak Loratzenen arteko partida. (Egilea:Onintza Burgera)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude