
Biok Txingudiko neskek garaipenen bidea berreskuratu dute. Larunbatean Plaiaundin jokatutako partiduan 30-12ko markagailuarekin gailendu ziren La Unicaren aurka. Horrla, bost puntuak Plaiaundin gertatu ziren.
Biok Txingudiren hamabostekoa Zumendi Caro, Alazne Macicior, Maren Santa Cruz, Lur Gaston, Lohitzun Aia, Garazi Santos, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Miren Fernandez, Leire Muñoz, Enara Arruti, Laida Rodriguez, Alba Saiz, Uxune Aranburu, Ane Novo eta Paola Vegak osatu zuten. Gaxi Famoso, Lucia Duran, Saioa Gartzia, Lupe Pescador, Camille Buros, Irati Beraiz, Jessica Gomez eta Iara de Almeidak ere jokatu zuten. Epailea Guillermo Pardo izan zen.
Hasieratik partida kontrolpean izan zuen Biok Txingudik, baloiaren jabetza mantenduz eta, pixkanaka, La Unicaren zelaian metroak irabaziz. Honela, lehenengo hamar minutuetan, Maren Santa Cruzek eta Ane Novok entsegu bana egin zuten markagailuan 10 eta 0ekoa jartzeko.
Hurrengo minutuetan, etxekoen jokoa ildo beretik mantendu zen, baina egindako zigor kolpeek La Unicari abantaila eman zioten. Nafarrek ez zuten lortu punturik gehitzea baina, Txingudik partidako lehenengo txartel horia jaso zuen eta Ane Novo hamar minutuz kanpoan geratu behar izan zen 24. minutuan. 30.enean, hainbat fase lotu ondoren, Biok Txingudik melé bat izan zuen alde entsegu-eremutik bost metrora. Enara Arrutik abaguneaz baliatu zen bere lehenengo marka egiteko (15-0).
Etxekoek zigor kolpe gehiegi egiten jarraitzen zuten eta 35. minutuan Uxune Aranburuk aldi baterako kanporatzea jaso zuen. Beltz eta zuriek ez zuten jakin defentsa ondo antolatzen eta La Unicak zuloak aurkitu zituen baloia entsegu eremuraino eraman eta lehenengo puntuak gehitzeko (15-5).
Bigarren zatian, mugakoak indar berrituekin sartu ziren zelaira eta aurkarien zelaian garatu zuen bere jokoa, baina bisitariek ondo defendatzen jakin zuten. 49.minutuan, melé baten irteeran, La Unicako jokalari baten plakaketa arriskutsuaren ondorioz, epaileak txartel gorria erakutsi zuen eta Biok Txingudik jokalari bat gehiago izan zuen norgehiagoka amaitu arte. 56. minutuan, defentsa-lerroa hausten saiatu ondoren, melé baten irteeran, Enara Arrutik laugarren entsegua lortu zuen (20-5).
Baina La Unicak ez zuen amorerik emango eta, erdiko sakearen ondoren, baloia berreskuratu eta hagen artean baloia utzi zuen abantaila txikitzeko (20-12). Azkeneko jokaldietan, Asier Gonzalezek zuzendutako jokalariek garaipena lotzeko ahaleginetan jarraitu zuten beste bi marka lortu arte. Lea Etxebarrietak 69. minutuan eta Enara Arruti 80.ean, amaierako 30 eta 12koa jarri zuten.
Garaipenarekin, Biok Txingudik sailkapenean bosgarren mantentzen da hirugarren postutik puntu batera. Datorren larunbatean, Neskak Loratzen izango da Txingudiren aurkaria Plaiaundin 16:00etatik aurrera.
Txingudiko gazteen emaitzak
16 urte azpiko Txingudi/Baztan taldeak garaipen nabarmena lortu zuen Iruñaren aurka 10 eta 76 irabaziz. Oier Oliveirak 3 entsegu eta Ibai Senar, Mattin Petrikorena, Beñat Bereau, Thiago Melerio eta Unax Lopezek entsegu bana lortu zuten.
18 urte azpiko Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan, aldiz, norgehiagoka oso kaotikoa jokatu zuen Iruñaren aurka eta 27-19 galdu zuen azkenean.
Azkenik, 10 eta 12 urtez azpikoTxingudi/Orereta taldeek Ordizian jokatu zuten Gipuzkoako eskolen topaketan.



