Oiassoko termak

Erromatar inperioan, bainu publikoetara joateko ohitura greziarrengandik jaso zen, baina asko hobetu ziren erromatarren garaian gorputzaren zaintza eta higienerako eraiki ziren espazio berezi horiek, terma bilakatuz. Erroman hasi eta beste hainbat herrialdetan termak hedatzen joan ziren, eta gizartean sekulako garrantzia hartu zuten. Marmol dotorez apaindutako eraikinak izaten ziren; bertan, eskultura eta mosaiko zoragarriez inguratuta, inperioaren lurraldeetako kideak biltzen ziren, kirola egin, gorputza garbitu, zaindu eta elkarren artean solasteko. Hain ziren preziatuak erromatar aberats askoren etxeetan ere terma pribatuak aurkitu direla.

Termetara edonor joan zitekeen, eta herritarren eskaerari aurre egiteko, Cesar Augustoren adiskidea zen Marco Vipsanio Agripak sekulako termak eraiki zituen Erroman. Agriparen Termak izenarekin ezagutzen direnak. Agripa ezaguna da Erromako hiria benetan edertu zuelako; baina batez ere, ezaguna da Cesar Augustoren batailarik garrantzitsuenak irabazi zituelako. Bereziki, Marco Antonio eta Egiptoko Cleopatraren kontra irabazitako batailagatik. Agripak gainera, sekulako lana egin zuen munduko mapa marrazten. Greziarren lanetan oinarrituta, baina batez ere, bere bidaietan jasotako informazioari esker egin zuen, nahiz eta, erabat amaitu aurretik hil egin zen.

Termen tamaina kontuan hartuz, Caracallako termetan, esate baterako, 1.500 pertsona inguru sartzen omen ziren. Diocleciano enperadorearen garaian berriz, terma eraikinik handienak sortu ziren 3.000 pertsona kabitzeko modukoak.

Dena dela, erromatar guztiak ez ziren termazaleak, Senekaren iritziz ahalegin fisikoari esker bota behar zen izerdia, eta ez berotuta zegoen gela batean sartzearen eraginez, horrek ez zuen inolako meriturik.

Hala ere, eta aitzinean esan bezala, erromatar inperioko herri guztietara zabaldu zen termak eraikitzeko grina. Eta Oiasso ez zen atzean geratu. Dakigun bezala, Oiasso, bere meategiengatik, bere portuagatik, eta bere kokapen estrategikoagatik, oso hiri bizia zen, eta bere termak eduki zituen. Eraikin hau bi fasetan egin zuten, lehendabiziko txandan, I. mendearen erdi aldera, neurri txikiko termak eraiki ziren,  Italia aldetik etorritako lehendabiziko kolonoentzat. Eta 100. urte aldera, Oiasso hiriaren antolakuntza urbanistikoa zela-eta instalazioak handitu egin ziren. Aire librean ariketa egiteko lekua zuen, palestra; harrera eta aldagelak; ondoren giro hotzeko egongela, frigidarium-a, ur hotzeko iturri eta bainuontziarekin; baita giro epelekoa, tepidarium,  giro beroko gela, caldarium, eta sauna edo sudatioa ere. Eta seguruenik, Oiassoko terma horietatik atera eta estuarioko uretan bainatzera murgilduko ziren orduko oiassotarrak.

Bertan, ariketa eta bainatzeaz gain, olio eta perfumez igurzten zuten gorputza. Perfumetarako gehien erabiltzen ziren loreak arrosa edo lirioa ziren. Olio eta ukenduetarako berriz, gehien erabiltzen ziren belarrak erromeroa, ezkala eta izpilikua ziren, edota espezieak: azafraia, kanela eta kardamomoa. Mirra eta menbriloa ere oso erabiliak ziren, usain txarra uxatzeko.

Olioa igurtzi ondoren seguruenik solasaldi luzeetan galduko ziren Oiassoko termetara joaten ziren gizon eta emakumeak. Seguruenik ere, irakurtzeko edo musika entzuteko tartea izango zuten. Baita jateko eta edateko ere. Eta masaje ederra hartzeko lekurik egokiena zen. Baina batez ere, gizonek bizarra atondu eta gorputza depilatzeko lekua izaten zen. Emakumeentzat berriz ilea orrazteko, modak agintzen zuen eran; gehienetan txirikorda eta kiribilez josita apaintzen zituzten buruak.

Auskalo zenbat kontu eta zenbat istorio bizi izan ziren Oiassoko terma horietan. Ia bi mila urtez isilik egon dira, 1996an terma horiek aurkitu ziren arte. Bertako  aztarnei eta jasotako objektuei esker joan dira arkeologoak osatzen historia. Orrazeak, ile-orratzak, zeramika ontzien zatiak… eta batez ere, termetako gela hotzean aurkitu zen lur berezia, espiga edo galburu moduan jarritako adreiluz egina: opus spicatum izenekoa, benetan ederra. Edota haize beroa bidaiatzeko zoru azpian zeuden zutabeak, etab. Horiek dira benetan Oiassoko gure altxorrak, hitzik gabe, historiaren kontakizun aberatsa eskaintzen digutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude