“Onkologia 360º: Paziente onkologikoen ongizatea ardatz” izeneko proiektuaren parte da Plaiaundi LHII. Egitasmoaren izenburuak erakusten duenez, paziente onkologikoen bizi kalitatea zaintzeko eta hobetzeko helburutik sortutako egitasmoa da. Plaiaundirekin batera, Lanbide Heziketako beste hiru ikastetxe daude inplikatuta ekimen aitzindari honetan. Plaiaundiko Lara Gallastegi eta Aitor Gaztelumendi irakasleak dira Irungo ikastetxean proiektuaren garapenean inplikatuta daudenak.
Plaiaundirekin batera, Monte Albertia, Plaiaundi, Inmakulada eta ESCIVI Zinema eta Bideo Eskola dira egitasmoaren partaideak. Ikastetxeen batasunetik abiatuta, minbiziak jotako pertsonen ongizate integrala hobetzeko diseinatutako proiektu berritzaile batean ari dira lanean. Lara Gallastegik azaldu duenez, Monte Albertiakoak jarri ziren Plaiaundikoekin harremanetan. “Paziente onkologikoekin 360 graduko lanketa egiteko proiektu bat martxan jarri nahi zutela aipatu ziguten, elikadurak prozesu horretan duen garrantzia ikusita, eta gure laguntzaren beharra ikusi zuten”, azaldu du Lara Gallastegik.
“Gaixoek eta beren familiek bertan kontsultatu ahalko dute behar duten informazio guztia”
Aitor Gaztelumendi, Plaiaundi LHIIko irakaslea
Aitor Gaztelumendik azaldu duenez, “gu Plaiaundin elikaduraren arloa jorratzen ari gara”. Inmakuladakoak alderdi emozionala ari dira lantzen eta Monte Albertian irudi pertsonalaren zainketaz ari dira arduratzen. Azkenik, ESCIVI Zinema eta Bideo Eskolakoak gainontzeko ikastetxeetan sortutako eduki guztiarekin webgune bat sortu dute, prestatutako materialak eta bideoak partekatzeko bertan. Gaixo onkologikoei beren burua zaintzen eta prozesuan zehar hobeto sentitzen lagunduko dieten informazioa eta tresna baliagarriak eskaintzea da helburu nagusia. Aitor Gaztelumendiren hitzetan, “horrela, gaixoek eta beren familiek bertan kontsultatu ahalko dute informazio guztia”. Baliabide digital horien barnean profesional espezializatuek egindako tutorialak eta aurrez aurreko tailer eta hitzaldiak bilduko dira webgunean.
Proiektu anbiziotsu honen helburua, pazienteen behar fisiko, nutrizional, psikologiko eta estetikoei erantzutea da, gaixoen bizi kalitatean lagunduko duten laguntza sarea eta baliabideak sortuz. Ahalegin kolektibo horrek, espezialitate desberdinetako ikastetxeen arteko lankidetzaren bidez, pertsonen bizitzan eragin dezakeen onura nabarmentzen du, ezagutza eta berrikuntza ongizatearen zerbitzura jarriz.
Ikastetxeez gain, gaixoei laguntzen eta minbiziaren aurkako borrokan lan egiten duten elkarteak ere batu dira proiektura: Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Asgicer, Aspanogi, Izan Iñurri eta Katxalin elkarteak, besteak beste. Horretaz gain, Donostiako Onkologikoak ere hartuko du parte proiektuan. Horrela, Larak eta Aitorrek azaldu dutenez, elkarte horien esperientzia laguntza handikoa izan zaie proiektua garatzeko.
Informazio iturri
Gaixo onkologikoei beren burua zaintzen eta prozesuan zehar hobeto sentitzen lagunduko dieten informazioa eta tresna baliagarriak eskaintzea da helburu nagusia. Aitor Gaztelumendik azaldu duenez, “askotan paziente onkologikoen tratamenduan zentratzen gara, baina badira gaixotasunaz haratago dauden beste hainbat alderdi”. Horretarako, baliabide digitalak garatzen ari dira, hala nola profesional espezializatuek egindako tutorialak eta aurrez aurreko tailer eta hitzaldiak bilduko dituen webgune bat. Lara Gallastegiren hitzetan, “webgune honetan partekatuko den informazioa egiazkoa izango da, eta gaian adituak diren profesionalek egiaztatuko dute”. Jarduera horiek funtsezko gaiei buruzko orientazioa emango dute, hala nola elikadura osasungarriari, egokitutako jarduera fisikoari, ongizate emozionalari eta autozainketa estetikoari buruzkoa. “Gaixoek eta beren familiek bertan kontsultatu ahalko dute behar duten informazio guztia”, azaldu du Gaztelumendik. Aitor Gaztelumendi irakasleak erantsi duenez, minbizia duten pertsonez eta senideez gain, “agian partekatutako informazioa profesionalentzat ere interesgarria izan daiteke”.
Gainera, eskuratutako ezagutza, Euskadiko Lanbide Heziketako sarea osatzen duten ikastetxeetara transferitzea ahalbidetuko duen prestakuntza materiala sortzea ere bada proiektuaren helburua. Horrela, aurrera eramaten diren ekintzetatik eratorritako ezagutzak eta praktika onak ikasgelara iristea ahalbidetuko da, inpaktua biderkatuz, eta kolektibo honi arreta emateko etorkizuneko profesionalak konpetenteagoak izango dira.
Kasu honetan, ikasleen ordez, Plaiaundiko LHIIko irakasleak dira proiektuan inplikatuak egon direnak. Hala ere, otsailaren 4an, minbiziaren aurkako egunean antolatutako ekintzetan ikasleek oso modu aktiboan parte hartu dute. “Hasiera batean aurreikusita ez zegoen arren, ikasleak jarduera horietan inplikatu ditugu eta erantzuna oso ona izan da”, aipatu du Aitor Gaztelumendik. Ikastetxearen patioan begizta berde bat sortu zuten, atsedenaldian pintxo solidarioak saldu zituzten eta irakasleak gauzatzen ari diren proiektuaren berri izan zuten. Gaztelumendiren hitzetan, “ikasleen artean sortu den inplikazioa oso polita izan da eta datozen ikasturteetan sortu daitezkeen antzeko proiektuetara begira kontuan izango dugu”.
Emaitza mugagabea
Proiektuak urte beteko iraupena du berez. Aitor Gaztelumendik adierazi duenez, “proiektua ikasturte hasierarekin hasi genuen, hau da, irailean”. Plaiaundiko irakasleek azaldu dutenez, “hasieran batez ere komunikazioa eta zaintza lanetan zentratu gara”. Horretarako, lanketa prozesu bat egin dute gaixoek eta baita gaixoen familiek eta baraiekin lan egiten duten profesionalek, zer behar eduki ditzaketen ikusteko. Aitor Gaztelumendiren hitzetan, “behar horien inguruko informazioa jasotzeko galdetegiak prestatu ditugu”. Horrela, zaintza ekintza horien bitartez, Minbizia 360º proiektuaren barnean beharrak identifikatzeko prozesuan jarraitzen dute, jardunaldi hori antolatzen duten bitartean.
“Webguneaz gain, Onkologikoko jardunaldi hau informazioa lantzeko eta partekatzeko oso lagungarria izango dela uste dugu”
Lara Gallastegi, Plaiaundi LHIIko irakasea
Behar horietatik abiatuz, martxoaren 10ean Onkologikoan jardunaldi interesgarri bat antolatu dute. Bertan proiektuan bildutako informazioa partekatuko dute hitzaldi interesgarrien bitartez. Lara Gallastegik azaldu duenez, “webguneaz gain, onkologikoko jardunaldi hau informazioa lantzeko eta partekatzeko oso lagungarria izango dela uste dugu”.
Horretaz gain, plataformaren eta sortutako baliabideen iraunkortasuna bermatzeko funtsezkoak diren elkarte eta eragileen trebakuntza ere hartzen du barnean egitasmoak. Horrela, ekimenak gaixo onkologikoei eta haien familiei laguntzen jarraitzea espero da, baita proiektua amaitu ondoren ere.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.




