Bidasoa LHIIko Ikasle Ohien Elkartea patioan anbulatorioa eraikitzeko proiektuaren aurka agertu da

Bidasoa LHIIko Ikasle Ohien Elkarteak (IKOE), Osakidetzaren osasun-zentro berria ikastetxeko patioan kokatzearen aurka agertu da. Horretarako, elkartetik beren iritzia azaltzeko hainbat argudio eman dituzte.

Batetik, Bidasoa ikastetxeko patioak hiru funtzio betetzen dituela azaldu dute: aparkalekua, osagarri diren jarduerak egiteko aisialdirako gunea eta Smart-Etxea teknologia berrien ikasgela erabiltzeko espazioa. Horrez gain, ikasleek instalazio elektrikoen erretenen praktikak patioan dauden tabikeetan egiten dituzte. Elkartetik azaldu dutenez, “ikastetxeko patioa ez da kapritxo bat, baizik eta beharrezko eskubidea dela ikasleen garapen egokirako”.

Bestetik, salatu dute “herritarren ezezagutzaren ondorioz, zentro hau osasun-zentroaren eraikuntzaren aurka dagoela uste izatea guztiz okerra dela”. Garbi utzi dute osasun-zentroaren alde gaudela, baina hirugarrenei kalterik egin gabe, hau da, Bidasoa LHIItik kanpo eta udal jabetzako beste espazio batean kokatuz. Horrelako beste espazio bat dagoelaz seguru agertu dira.

Askotan entzun den bezala, ikastetxeak beti adierazi du Sindikatu Etxe zaharraren berdegunean handitzeko beharra zegoela. Elkartetik azaldu dutenez, “egia da horrelako proposamena egin izan dugula, baina inondik inora ez genuen imajinatzen horrek patioa arriskuan jarriko zuenik”.

Gainera, IKOE elkartetik azaldu dutenez, “ikastetxe hau beti egon da handitzeko beharrean, Lanbide Heziketako berrikuntza sakonen ondorioz”. Hori dela eta, makina industrialen eta pertsonen kontzentrazio handia izan da, eta eraikina egiteko erabili zen gainkarga gainditzeko zorian egon da, horrek dakarren arriskuarekin. Hori dela eta, eraikina erabat indartu behar izan zen 40 zentimetroko altuerako T formako habexka bikoitzekin, eta hori guztia ikasturteko etenik gabe egin zen.

Azkenik,  gogorarazi dute ikastetxe honek etenik gabeko hezkuntza zerbitzua eskaintzen duela goizeko 8etatik gaueko 9ak arte, bai Hezkuntza Arautuan bai Lanbide Prestakuntzan. Bertan formatutako pertsonek Irungo eta eskualdeko industria-sarearen garapena ahalbidetu dute.

Horregatik guztiagatik, erabaki hori berriz aztertzea eskatzen dute, eskola-patioa negoziatu egin dela eta erakundeek Hezkuntza Komunitate honekiko betebeharrean huts egin behar ez dutela gogoratuz. .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude